"Ikasleak ekile eta kontzientziadunak, izpiritu kritikoa dutenak nahi genituzke, jendartean eragile izanen direnak"

2023ko uztailaren 12a

"Ikasleak ekile eta kontzientziadunak, izpiritu kritikoa dutenak nahi genituzke, jendartean eragile izanen direnak"
Iker Altuna, Maddi Sarasua, Nagore Jimenez, Ihintza Ostolaza eta Egoitz Zelaia

Gaur bukatuko dira UEUren 51. Udako Ikastaroak Baionan. "Euskal literaturaren irakaskuntza gogoetagai: tokikotasuna, lurraldetasuna eta kolektibo azpiratuak" jardunaldia antolatu dute Bernat Etxepare Lizeoan. Seaskak eta UEUk elkarlanean. Topaketari hasiera emateko, “Lizeoko euskara ikasgaiaz hausnarrean: gogoeta-prozesuaren gakoak” aurkeztu dituzte Ihintza Ostolaza Intxausti (1972, Urruña) Seaskako euskara irakasleak eta Maddi Sarasua Laskarai euskara teknikariak (1995, Itsasu) Euskal Ikasketetan lizentziatuak dira biak ala biak. Ostolaza eta Sarasuarekin batera Iker Altuna, Nagore Jimenez eta Egoitz Zelaia euskara irakasleak ere aritu dira gaia lantzen.

Zerk eraman zaituzte gogoeta-prozesua abiatzera? Zein da argazkia?
Lanbide-heziketa ideki genuelarik ikasleek EGA pasa behar zuten ala ez gogoetatzen aritu ginen… Ezetz zailegia zela, oren gutxi zutela, baietz bertzenaz ez diotela garrantzirik emanen euskarari… Baina zinez hau al da funtsezko eztabaida?

Lizeoa eta Seaska handitzeak erronka berrien aitzinean eman gaitu: euskara gaitasun eta erabileraren kezkaz haratago, euskara gure herrigintzako heziketa-proiektuaren kohesio-elementu eta ardatz nagusi ote dugun galdetzerat eraman gaitu. Erran nahi baitu, urrunago gogoetatu behar dugula, hau da, euskaldun izateko atxikimenduaz eta motibazioaz, ikasleen eta helduen hizkuntz hautu aktiboaz eta alde afektiboaz. Areago, euskal komunitatea existitzen delako kontzientziaz eta parte izatearen nahiaz ere bai…

Hau bistan da, ez da soilik euskara-kurtsoen afera, hizkuntza- eta hezkuntza-proiektua globala baita, baina hala ere, euskara-kurtsoetan zer norabide hartu behar dugun gogoetatzeari ekin behar diogula sentitu genuen.

Gainera, preseski, euskara “kontrabando” egoeran bizi da gure programetan. Hau da, Frantses Hezkunde Nazionalak eskualdeko hizkuntzaren estatusa ematen dio eta, beraz, ez dugu murgiltze-sistemaren heineko euskararen ebaluazio ofizialik. Hortik, EGA zertifikazioa prestatzeari ematen diogun garrantzia. Baina, hautu honek zalantzak sortu dizkigu; izan ere, ez baita arras egokia gazteendako eta hizkuntza-zuzentasuna ez baitu testuinguruan ebaluatzen. Baina batez ere, prestakuntza abantzu esklusiboa galdegiten digunez, euskarari lotuak diren bertzelako edukiak (literatura, soziolinguistika…) baita ikas-metodoak (dizertazioa, konposizioa…) bigarren mailan utzi behar ditugulako eta frantsesez landuko dituztelako ikasleek.

Aski fite deliberatu genuen euskara modu koherentean ebaluatzeko bertzelako bideak eta probak birpentsatu eta sortu behar genituela (euskal baxoa izendatu duguna) eta horren araberako programazioa ere bai.

Euskal literatura eta euskal kultura irakasteko bideak berritzea da asmoa. Zer ikuspegitatik?

Hezkuntza-proiektu gisara, ikasleak ekile eta kontzientziadunak, izpiritu kritikoa dutenak nahi genituzke, jendartean eragile izanen direnak. Horrek eramaten gaitu euskal literatura gai eta problematiken baitan lantzera, munduko, eta sustut, Euskal Herriko testuinguru historiko sozialean kokatuz, bereziki Ipar Euskal Herriari tokia eskainiz. Kapital sinboliko aberats baten jabe izan behar lukete. Horrez gain, literaturan sortzaile eta dinamizatzaile izateko trebatu behar genituzke, ez bakarrik literatura-testuen analisian eta interpretazioan landuz. Horrek erran nahi du, usaiako testu-generoez gain (narrazioa, poesia…), ahozko literatura, bertsolaritza, herri-antzerkia eta kazetaritza ere landu behar genituzkeela, euskal kultura bizia, herritarra eta kultur esperientzia kolektiboak esperimentatzeko bidean. Bertzalde, jendarte hobe baten menturan, euskaratik kolektibo azpiratuei argia eman behar genieke, hau da, klase- nahiz genero-ikuspegia kontuan hartuz.

Jardunaldi hau erabiliko duzue gogoeta-prozesua plazaratzeko. Zer nabarmenduko zenukete?

Gure gogoeta-prozesuak galderak edo auziak plazaratzeko balio lezake, baina bereziki ekarpenak jasotzeko momentua izango da guretzat. Goizean interesatzen zaizkigun hainbat alderdi eta ikuspegitatik adituei entzunez, aberasteko aukera izanen dugu, eta arratsaldean, euskara ikasgaiko programaren eraikuntzan sortu zaizkigun auzi batzuen inguruan jarriko ditugu elkarlanean parte-hartzaileak. Hau guztia oso baliozkoa da gure lanerako eta izugarri eskertuta gaude parada hori izateaz.

Baina hori ez da jardunaldiaren helburu bakarra. Zeintzuk dira?

Jendea elkartu, saretu, eztabaidak eman eta gogoetak urrunago eramateko aukera izango da. Hartu-emanak sustatu, aliantzak egin, eta euskara-programa gero eta aberatsagoa proposatu ahal izateko ere balioko digu. Eta menturaz, gogoeta partekatu honek balioko du bertze hainbat ikas-proiektutan ere hausnarketa bultzatzeko.

Ikastetxetik kanpora ere begiratuko duzue... Elkarlan hori beharrezkoa da?

Ikastolen proiektuan erdigunean da euskara jendarteratzea eta, beraz, ikastola eragile izatea jendartean. Herri-hezkuntzaren filosofiarekin ere bat egiten du, hau da, denok denongandik ikastearekin. Ez da erraza, baina beti izan behar dugu helburutzat ikasgela kanpokoarekin lotzea, gela barnekoa bezain garrantzitsua baita gela kanpoko errealitatean gazteak euskaraz loratzea. Eta horretan eragin daiteke noski, kontua da, hori nola egin asmatzea. Eman dezagun, lizeoan bertan ikasgelatik ateratzea klase eta mailen arteko jarduerak eginez. Baina batez ere auzoko elkarteekin, bertzelako eragileekin (udaleku, AEK, Euskal Irratiak, Kazetan…) edota Axut kolektiboarekin antzerkia landuz… ekimen ezberdinetan parte hartuz eta horiek klaseratuz (Durangoko azoka, Lurraman…).

Bertzalde, Seaskak badu hizkuntza-proiektua eta ibilki gara lanean, kanpo-espazioaren antolaketaren inguruko esperimentazioak eginez, euskara-bitartekarien lana, gazteen errealitateaz ikerketa eta abar, aurreikusiak ditugu hurrengo ikasturteetarako.

Azkenik, garrantzitsua da bizi dugun hizkuntza-gatazkan ikasleak eragile izatea eta, zentzu horretan, azterketak euskaraz pasatzeko eskubidearen defentsan akitibo izatea karrikan ere bai.

Helburu den euskal baxoaren barruan, hau guzti hau nola kokatzen da?

Euskal baxoa, euskaratik behatutako eduki, gaitasun eta balioen inguruko programa koherenteki ebaluatuko lukeen proba litzateke. Euskara ikasgaian, konkretuki, epe ertainean esperimentatzeko probak sortu nahi ditugu eta nolabaiteko ofiziltasuna erdietsi. Baina urrunago joanez, bertze gai batzuetan ere artikula liteke euskal baxoa. Bide luzea izanen da, baina gogotsu abiatu dugu. Azken finean Frantses Hezkunde Nazionalean euskaraz azterketak egin ahal ez izateak, edota gure araberako azterketarik ez izateak, gu izateko alternatibak asmatzera eta gauzatzera eramaki gaitu. Hori berez baikorra eta osasuntsua da, bizi garen eta kuraia dugun seinale.

Jakintza-arloak