"Euskaldunoi on baino kalte handiagoa egin liezaguke adimen artifizialak, eta haren lan egiteko era ondo ezagutu behar dugu"
2023ko urriaren 19a
Adimen artifiziala: filosofia eta teknologiaren bilgune liburua argitaratu berri dute UPV/EHUk eta UEUk elkarlanean. Aitzol Astigarraga Pagoaga (Mutriku, 1976) eta Jon Mentxakatorre Odriozola (Galdakao, 1992) dira liburuaren argitaratzaileak. Astigarragak, Informatika Ingeniaritza ikasi zuen UPV/EHUn eta 2017an doktore-titulua eskuratu zuen unibertsitate berean robot bertsolarien gaiaren inguruan. UEUren GOI Institutuko Irakaskuntza Masterreko zuzendaria da bai eta UEUko Informatika Saileko sailburua. Mentxakatorre, Giza Zientzietan graduatua da (Deustuko Unibertsitatea) eta Filosofian doktorea (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa). Mondragon Unibertsitatean ari da, gaur egungo gizartea eta hezkuntza gaien gainean irakas-ikerketan. Filosofia Saileko arduraduna da UEUn. Haiekin izan gara liburuaren gainean hitz egiteko.
UEUren 50. udako ikastaroetan batu zineten informatikari eta filosofoen bilkuraren emaitza da liburua.
Bai, hala da. 50. edizio hartarako gai bera lantzekotan geunden UEUko Informatika eta Filosofia Sailetatik, eta elkarrekin lan egitea adostu genuen. 2022ko uztailaren 1ean jardunaldi bikoitz oparoa egin ondoren, ekarpen nagusiak liburuan jasotzea erabaki genuen. Ez guztiak! Horretarako 2 edo 3 liburu beharko baikenituzke gutxienez. Horrez gain, liburuan jasota dauden hasierako hitzaldia eta amaierako mahai-ingurua bideoan grabatu genituen eta eskuragarri daude UEUren webgunean: Adimen Artifiziala: filosofia eta teknologiaren bilgune.
Informatikatik eta filosofiatik egin duzue adimen artifizialaren azterketa. Zer ekarpen egiten dio batak besteari?
Informatikak adimen artifiziala teknikoki zer den eta nola jarduten duen argitzen dio filosofiari. Filosofiak, bestalde, adimen artifiziala gidatzen duen pentsamendu teknologikoaren gainean gogoeta eginez, haren izaera eta ekimenaren helmena argitzen dio informatikari.
Adimen artifizialak euskal komunitateari egindako ekarpena ere jaso duzue. Nola gauzatu da gurean?
Hizkuntza-teknologien alorrean izan da ekarpenik nabarmenena. Itzultzaile automatikoen kasuan esaterako, azken bost urteetan izandako hobekuntza ikaragarria izan da eta euskarazko itzulpenekin emaitza bikainak lortzen ditugu. Horren erakusgarri dira Itzuli eta Elia itzultzaile-neuronalak. Beste aplikazio batzuetan ere (hizketa, informazio-erauzketa...) emaitza oso onak dauzkagu, nahiz eta gure hizkuntza-baliabideak hizkuntza handienetatik urrun egon. Galderak erantzuten dituen ChatGPT moduko txatbotik ez daukagu momentuz, baina lanean ari dira eta laster ikusiko ditugu emaitzak. Euskarak adimen artifizialaren lehen olatua ondo hartu duela esan genezake.
Zeintzuk dira adimen artifizialaren ametsak eta nahiak? Nola irudikatzen duzue?
Adimen artifizialak pentsamendu mekanikoa heltzen den eremu guztietara heltzeko asmoa dauka, eta gizakiaren gaitasuna pentsamendu kalkulatzailera murriztea onartzen den heinean, giza esparru guztietara. Horregatik, ezagutzen dugun eremu orotara heltzen ikusiko dugu gaur-geroan.
Izan ere, adimen artifiziala etengabe aldatzen ari den eremua da, eta haren helburuak aldatu egin daitezke horren garapenean lan egiten dutenen ikuspegi eta helburuen arabera. Batzuek giza adimena guztiz emulatu nahi dute, eta beste batzuek, berriz, gizakiak gaindituko dituen super-adimena dute jomugan. Eraginkortasuna hobetzeko lanak automatizatzea da beste ikuspegi bat. Batzuek gizadiari arazo konplexuetan laguntzeko tresna gisa ikusten dute adimen artifiziala. Adimena, oro har, ulertu nahi da. Ikuspegi horiek denborarekin batera bizi eta eboluzionatu daitezke. Etika eta segurtasuna funtsezkoak dira adimen artifizialaren helburuak definitzean.
"Arima saldu nahi ez dutenei. Adimena galdu nahi ez dutenei. Euskal Herriaren gogoaren alde egin nahi dutenei" zuzendu diozue liburua.
Mekanizismo, positibismo, modernitate, transhumanismo edota nihilismoarekin daukan loturaz hitz egiten dugu liburuan, eta kultura, tradizio, erakunde eta komunitatearen harremanen eremuan zer-nolako eraginaz gogoeta egin. Gu euskaldunoi on baino kalte handiagoa egin liezaguke adimen artifizialak, eta, geratzeko (eta agintzeko) etorri denez, haren lan egiteko era ondo ezagutu behar dugu.
Informatikari eta filosofoen elkarlanetik sortutako lan honek abiapuntua izan nahi du. Zerena? Hemendik aurrera zer?
Adimen artifizialaren aurrerabide izango diren pentsamendu teknologiko eta teknologien gainean hausnartu, ikasi edota ikertzeko. Gainera, ez dugu baztertzen, aurrera begira, teknologia eta filosofia elkartuko dituen beste gai batzuk lankidetzan lantzea.
Bestalde, jardunaldian elkartu ginenon eta beste adiskide batzuen artean jada beste egitasmoren batzuk indarrean ditugu. Adibidez, itzultzaile neuronalen, euskara eta euskal hiztun komunitatearen artean ditugun zenbait auziren gainean erantzun egokiak aurkitzeko proiektua, Itzulinguru UPV/EHUko InnoKLab taldeak eta Soziolinguistika Klusterrak zuzenduta, edota Mondragon Unibertsitateak UEU eta besterekin duen Euskal Kulturaren Eragiletza masterreko ikas- eta iker-lerroa.
Oharra: UEUk jarritako galderak fin-fin erantzuten ahalegindu gara biok ala biok. Baina ezin izan diogu jolaserako tentazioari eutsi eta ChatGPTri pasa diogu hemen galdera bat, haren iritzia ezagutzeko. Irakurlearen sen onaren baitan geratzen da erantzun hori zein izan den asmatzea.