Gari Berasaluze: “Munduaren historia biltzen du bere horretan xakeak”
2021ko azaroaren 29a
“64 begirada xake-taularen zuri-beltzetan” liburua argitaratu berri du Gari Berasaluze Ostolazak UEUrekin. The Queen’s Gambit telesaila ikusi eta xakearekiko sukarrak zeharo harrapatuta.
64 begirada xakeari. Zein helbururekin?
Xakeari baino gehiago munduari begiratzen dion liburua dela esango nuke. Xake-taularen zuri-beltzetan barrena munduaren historia ikusten baita: ezagutza gorteetatik hiri handietara eta ondoren langileen artera heldu izana; azken mendeetan emakumeek jasandako bazterkeria, ikusezintasuna eta zapalkuntza; Mendebaldearen eta Ekialdearen arteko borroka edota sobietarren eta amerikarren arteko Gerra Hotza; xakeak kazetaritzan, zineman eta literaturan utzitako arrastoa; Nafarroako Erresumaren garaietatik hasita xakeak Euskal Herrian izan duen bilakaera; xakea eskoletara iristeak heziketan izan duen eragina; eta abar luzea.
Hasiera batean, The Queen’s Gambit telesaila ikusi, xakearekiko sukarrak zeharo harrapatu, eta xakeari buruzko 64 atal idaztea zen asmoa, baina berehala ohartu nintzen munduaren historia biltzen zuela bere horretan xakeak, eta xakea abiapuntua eta aitzakia besterik ez zela liburu honetan beste hainbat konturi buruz hitz egiteko: munduaz, historiaz, emakumeen zapalkuntzaz, Sobietar Batasunaz eta haren eraginaz, zientziaz, hezkuntzaz, kirolaz eta abar.
Zenbat istorio eta bitxikeria xake taularekin lotuta. Capablancaren hitzak ekarri dituzu liburura «xakea jokoa baino gehiago da”...
Diotenez, zientzia da xakea. Eta kirola. Eta sormena. Artea. Baita bizitzaren eta gerraren isla ere. Zenbait laguni ez zaie batere gustatzen. Zuriek lehentasuna dutelako beltzen aldean. Edota joko osoa erregea babestera, salbatzera eta haren alde sakrifikatzera bideratuta dagoelako. Egitura militarra duelako. Lagun batek esan zidan ea zer ari nintzen joko klasista, arrazista eta militar bati buruz idazten. Beste batzuentzat, ordea, helburu handiak lortzeko herria ondo antolatzearen metafora da. Edota emakumeen ahalduntzea islatzen duen jokoa, dama nahi duen lekura eta nahi duen bezala mugitzen delako. Xakea minituarazko bizitza dela zioen Kasparovek eta, beraz, ez da harritzekoa milaka istorio eta kontu egotea xake-taulan barrena.
Xake partida batean bezala, nondik hasi eta nola jarraitu da kontua. Xakeari buruzko 15.000 liburu ditu Karpovek, Moskuko bere etxean. Baina munduan barrena izango dira xakeari buruzko beste hainbeste liburu ere, eta beti sortuko da berriak idazteko aukera, ezer errepikatu gabe, iturria amaiezina baita gai, ikuspuntu eta asmoen arabera. Xake partida baten antzera, alde batetik edo bestetik hasi eta milioika aldaera izan ditzake xakeari buruzko liburu batek, hautatzen denaren eta kontatu nahi denaren arabera. Horietatik 64 kontu hautatu ditut nik liburu honetarako. Baina idatz daitezke beste 64 liburu ere.
Zein istoriok harritu zaitu gehien zu?
Denetarik dago, eta bakoitzaren gustuen arabera atal bat edo bestea nabarmendu izan didate liburua irakurri duten lagunek. Historia zaleari gustatuko zaio Nafarroako Erresuman xakean jokatzen zutela irakurtzea, batez ere gortean. Filologoari gustatuko zaio Landucciren, Larramendiren eta Pouvreauren hiztegiek xakeari buruzko euskarazko aipamenak zituztela jakitea, edota Euskalzale aldizkariak 1897an xakeari buruzko zenbait orrialde argitaratu zituela irakurtzea. Errusiako Iraultzak xakea eskoletara eta langileen artera eramatea zergatik erabaki zuen ezagutzea gustatuko zaio beste bati. Edota zientziak argi eta garbi nola erakutsi duen neurosexismoa dela emakumeen eta gizonen garunen ezberdintasunaz hitz egitea. Mendeetan barrena zenbat eta zenbat emakume aritu eta gailendu den xakean, haien izenak isildu eta ezkutatu dizkiguten arren.
Hezkuntzari eta heziketari zer-nolako ekarpena egiten dion xakeak. Bertsolarien eta xake-jokalari handien garunen artean dauden antzekotasunak. Munduko txapeldun handi askok Euskal Herriarekin izan duten harremanaz. Eta abar. Zerrenda luzea eta askotarikoa da.
Pertsonalki, asko ikasi eta gozatu dut liburua idazten. Kontu bakar bat aipatzearren, Judith Polgarrek eta Polgar ahizpek emakumeei dagokien espazioa berreskuratu eta Kasparov eta beste maisu handi asko mendean hartu zituztenekoa aipatuko nuke, adierazpen eta aurreiritzi sexista guztiak irentsarazi zizkietelako gizonezko aurkariei, eta emakumeen benetako gaitasunaren isla direlako polgartarrak.
The Queen’s Gambit telesail arrakastatsua du abiapuntu liburuak eta emakumezkoek xake munduan izan duten paperak eta aipatu berri duzun neurosexismoak tokia handia du zure lanean. Zer nabarmenduko zenuke?
Abiapuntua eta liburua idazteko prozesua oso lotuta daude, eta naturalki horrela sortu dira atalak. Iaz, udazkenean, The Queen’s Gambit telesaila ikusi genuen etxean, eta asko gustatu zitzaidan, batez ere sinbolismoz betetako amaiera. Nazioarteko txapelketa irabazita, hasieran peoi hutsa zen Beth Harmon dama zuria bihurtzen baita. Kapela eta beroki zuriarekin jantzita, historian zehar gizonezkoena izan den xake taulan barrena aske eta edonora mugitzeko ahalmenarekin. Emakume gaztea, garaile, agurez eta gizonezkoz betetako xakearen historian.
Xakearen historia arakatzen hasi nintzen, eta laster ohartu nintzen beste alor askotan bezala dozenaka eta dozenaka emakumek egundoko ibilbidea egin zutela, korrontearen aurka eta debekuei aurre eginez askotan. Horiek guztiak, ordea, arrotzak zitzaizkidan. Ezkutatu egin dizkigutelako. Isiltasunera baztertu ditugulako. Horiek isiltzeko eta baztertzeko, noski, maskulinitate eredua lehenesteko betiko bitarteko guztiak ezinbestekoak dira. Horien artean, xakean, ohikoa izan da neurosexismoa. Emakumeen eta gizonen garunak ezberdinak direla eta gizonek hobeto jokatzeko gaitasuna dutela esatea. Ez da horrela, noski.
Emakumeen eta gizonen garunak ezberdinak dira, bai. Baina Gina Rippon neurozientzialariak hainbat ikerketa eta argudiorekin erakutsi du haurrak belakiak direla, eta hainbat faktorek baldintzatzen dutela haurren garunetan zirkuito neurolanak modu batera edo bestera sortzea. Horrela, kodetze binarioak, jostailuek, jolasek eta genero estereotipoen erauntsiak zeharo baldintzatzen dute garuna modu batera ala bestera garatzea. Ezberdintasuna, beraz, aldagai sozialek sortzen dute, hasieratik. Eta ondoren aisialdiko eta lanerako denboraren antolaketak. Baldintza soziokulturalek. Generoa eraikitzeko erabakien historiak.
Hori dena mozorrotu daiteke neurosexismo tanta batzuekin, emakumeen eta gizonen garunak ezberdinak direla eta gizonek xakean jokatzeko gaitasuna garatuagoa dutela esanez. Baina aldea ez dago garunetan, maskulinitatearen abantaila guztiek sortutako arrakalan baizik.
Xakea eskolan sartzearen onurez ere hitz egiten duzu. Zeintzuk dira onura horiek?
Asko dira. Errusian, boltxebikeek argi zituzten xakearen onurak, eta horregatik eraman zuten xakea eskoletara eta lantokietara. Ordudanik ehun urte baino gehiago pasatu dira, eta munduko herrialde askotan oraindik ere galdezka ari gara xakeak zertan laguntzen duen. Beste herrialde askotan, ordea, xakea eskoletan erabiltzen dute, urte askoan munduan barrena egindako hamaika ikerlanetan oinarrituta, irakaskuntzarako lanabes egokia delakoan. Liburuan aipatzen dira horiek.
Hezitzaile, psikologo eta pedagogo askoren arabera, xakearekin batera lantzen diren arloak giltzarriak dira haurren adimena eta gaitasunak garatzen ari direnean. Adituen eta ikerketen arabera, luzea da zerrenda: memoria; kontzentrazio gaitasuna; hausnartzeko gaitasuna; logika; erabakiak hartzeko gaitasuna; akatsak onartzeko, ikasteko eta aurrera egiteko gaitasuna; logika espaziala eta matematika; sormena; edota egoera berrietara ezinbestean moldatzen ikastea, besteak beste.
Euskal Herrian, Nafarroako eskoletan lantzen dute bereziki, eta beste lurraldeetan baita gero eta eskola gehiagotan ere. Nafarroan, xakea hautazko ikasgaia da 2018az geroztik, DBHko lehen eta bigarren mailako ikasleentzat. Aurreko agintaldian osatu zuten hezkuntzarako egitasmoa Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Xake Federazioaren Begiraleen batzordeak, elkarlanean, irakasleen, xake-jokalarien eta nazioarteko maisuen laguntzarekin.
Zein istorio gelditu dira xake taula honetatik kanpo?
Lehen esan bezala, beste 64 liburu idazteko adina! Ezinbestean, hautatu egin behar izan dut zer sartu eta zer ez. Kanpoan geratu dira xakeak arte garaikidean izan duen eraginari buruzkoak. Edota xake sozialaren inguruko ekimen interesgarriak. Xakeak terapia gisa dituen onurak. Xakearen eta adimen artifizialaren arteko lotura. Gaur egun gure hedabideetan eta kirol albisteetan xakea zergatik den ikusezina. Zergatik lehenesten dugun futbola, futbola eta futbola. Horrek herri baten izaeraz adierazten duen guztia. Eta abar. Horiek eta beste alor asko landu gabe amaitu da partida, 64 atalekin edo mugimendurekin. Baina hasi daiteke partida berria ere, beste mugimendu eta aldaera batzuekin. Niri telesail batek bezala beste norbaiti liburu honek horretarako gogoa sortuz gero, helburua beteta!