Felipe Murillo Egiguren: "Tamalez, gure gizartean, musikaren irakaskuntzak ez dauka izan beharko lukeen balioa"
2024ko urriaren 24a

"Musika, gorputz-mugimendua eta adierazpena" ikastaroa emango du azaroan UEUrekin Felipe Murillo Egigurenek (Azpeitia, 1987). Bera psikologoa da, musikaria eta irakaslea. Ikastaroaren gainean hitz egiteko izan gara berarekin.
Musika eta mugimendua. Ez dago bata bestea gabe.
Berezkoa da. Musikak soinua behar du eta soinua bibrazioa da, mugimendua. Hortik abiatzen da dena. Amaren sabelean gaudenetik jasotzen ditugun estimuluak, pultsuarekin lotzen dugun bihotz-taupada, arnasketaren erritmoa… Elementu primarioenak ere mugimenduarekin eta musikaren elementuekin erlazionatuta daude. Fenomeno fisikoa, biologikoa, emozionala, soziala… da musika eta hasieratik dago mugimenduarekin lotua, nahiz eta haurra, lehen urteetan, ez den mugimendu horren kontrolaren jabe izango.
Gurean musika baliabide soil bezala erabili izan dela diozu. Beste herrialde batzuetan, berriz, bestelako trataera eman zaio.
“Baliabide soila” diodanean mugimenduarekin egiten dugun erlazioari buruz ari naiz. Gehienetan noranzko bakarreko lanketa egiten dugula iruditzen zait. Musikatik abiatzen gara, musika horrek iradokitzen digunaren arabera mugitu eta koreografiatzeko. Beste aldeko lanketa are garrantzitsuagoa iruditzen zait ordea, hau da, mugimendua baliatzea musikaren logikak eta elementuak barneratzeko. Gorputza gara azken finean eta musika ere gorpuztea ahazten zaigun ariketa interesgarria da. Irakaskuntzaren lehen etapetara mugatzen dugun zerbait dela iruditzen zait eta gero musikaren irakurketa eta idazketan zentratzen garela bizipena alboratuta. Beltzaren eta kortxearen arteko aldea erakutsi nahi izaten dugu hori esperientziatik barneratu aurretik edo kanpo-objektu batera desplazatuz (instrumentuak) eta askotan geure mugimenduaren kontzientzia falta zaigu. Zentzu horretan, beste herrialde batzuetan bi noranzkoak erabiltzen dituzte. Horrela, mugimendua eskema eta elementu musikalak barneratzeko erabiltzen dute eta gorpuzte horren ondorioz musikaren araberako bestelako mugimenduak eta koreografiak osa ditzakete. Mugimendua baliabide bihurtzen dute eta ez helburu.
Mugimenduan oinarritzen diren proposamen pedagogikoetatik bidaia bat egin nahi duzu. Zer aurkituko du ikasleak?
Begirada zabaltzeko saiakera bat besterik ez. Tamalez, gure gizartean, musikaren irakaskuntzak ez dauka izan beharko lukeen balioa. Horregatik, sarritan, jasotako ereduak errepikatzen ditugu, aldaketetarako denbora, baliabide eta kondiziorik ez dugulako. Batzuetan, nahikoa izaten da begirada aldatu dezaketen aipamen batzuk jasotzea horien inguruan arakatzen eta horiekin probatzen hasteko. Hori da helburua, zertzelada horiek eskaintzea eta gorpuztea. Praktikoa izaten saiatzen naiz musikaren irakaskuntzari buruz esaten dudanarekin koherente izateko saiakera batean. Izan ere, begirada-aldaketa errazago barneratzen dela uste dut esperientziala denean. Horrekin batera, mugimendua lantzeko baliabide material, musikal zein bestelako errekurtsoak eskaintzen saiatzen naiz, bakoitzak dituen baliabideekin praktikan jartzeko moduan egon dadin.
Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?
Pasioa kutsatzea gehienbat. Musika eragile garrantzitsua da eta horretarako zenbat eta baliabide gehiago izan eta zenbat eta begirada zabalagoa erabili, arrakasta handiagoa izango dugulakoan nago. Elkarri eragiteko espazioak ere gero eta urriagoak dira, batez ere, aurrez aurreko formatuan. Merezi dugu horrenbeste eta taldean musika, mugimendua, esperientzia… elkarrekin banatzeak asko elikatzen du. Teoriatik haratagoko espazio seguru bat eraikitzea gustatuko litzaidake.
Nori dago zuzenduta?
Gai honetan interesa izan dezakeen ororentzat izan daiteke. Denok gara gorputza eta denok gorpuztu ditzakegu aipatutakoak. Alderdi teorikoan kontzeptu musikal batzuk jorratzen baditugu ere, alderdi esperientzialak guztiok elika gaitzake. Beraz, interesa izan dezaketen guztiak beldurrak eta lotsak alboratzera animatzen ditut, bakoitzak bere esparruan erabilgarri izan ditzakeen baliabideekin jolastea eta denon artean berriak sortzea bilatuko dugu eta.