Musika, gorputz-mugimendua eta adierazpena
Aurkezpena
Ikastaroaren datak: Azaroak 9 eta 16 (Larunbatak)
Musika mugimenduaren ezinbesteko eragile bat da eta mugimendua musikaren erabateko ondorio. Bien arteko uztartzeak esperientziak gorpuztea dakar eta dagoeneko neurozientziek azaldu digute gorpuzten den esperientzia edo ikasketa prozesu bat esanguratsuagoa dela, horrela transmititzen ez denarekin alderatzen badugu. Musika baliabideak askotan modu solte batean eman ohi zaizkigu eta modu anekdotiko batean erabili ohi ditugu. Azken urteotan, ordea, beste herrialdeetako pedagogia musikal egituratuak iristen ari zaizkigu eta ohiko baliabideetatik haratago, musika barneratzeko prozesuak eta musikari hizkuntza trataera ematen dioten metodologiak jasotzen ari gara. Hauetariko askok mugimendua balioztatzen dute pultsua bezalako kontzeptu naturalak garatu eta, abiapuntu horietatik, musikaren beste ezaugarriak lantzeko tresna izateko. Horretarako izango da beraz erabilgarri ikastaro hau: mugimenduan oinarritzen diren proposamen pedagogikoetatik bidai bat egin eta hainbat eta hainbat errekurtso jasotzeko modu egituratu eta pedagojikoan egindako proposamenen bidez. Horrez gain, zuzeneko musikaren alde egiteko parada izango da ikastaroa eta horrekin, inprobisazioaren garrantzia uztartuko da.
Taldean egiteko proposamenak izango dira eta musikaz gozatzeko beste modu batzuk landuko ditugu. Hori kontuan hartuta, konpetentzia artistikoez gain, nahitaez, norbera izaten ikasteko eta elkar-bizatzarako konpetentziak ere landuko dira. Hori baita taldean musika egitea: norberetik besteei eskaintzeko baliabideak gorpuztea.
Informazio gehiago, irakasleari eginiko elkarrizketa honetan topatuko duzu.
Irakasleak
Helburuak
- Musikaren eta mugimenduaren arteko sinbiosia ezagutaraztea, ulertzea eta praktikan jartzea.
- Mugimenduak musikaren ulerkeran daukan pisua ezagutaraztea.
- Garapenean mugimenduak izan ditzakeen onurak aurkeztea.
- Musika mugimendurako bide nola den ezagutaraztea.
- Mugimenduaren garrantzia balioztatzen duten pedagogia desberdinak azaltzea.
- Pedagogia ezagunenei gizon izena eman bazaie ere, emakume musikari pedagogoek egin duten ekarpena ikus-araztea eta gorpuztea.
- Mugimenduaren ezaugarriak aztertzea.
- Mugimendutik musika ulertzeko eta barneratzeko errekurtsoak bizi-araztea.
- Zuzeneko musikaren aldeko hautua egitea.
- Inprobisazioaren garrantzian entrenatzea.
- Musikak behar berezietan ekar ditzakeen onurak azaldu eta mugimenduaren moldagarritasuna bermatzea.
- Mugimendua barne hartzen duten errekurtso interaktiboak aurkeztea.
- Musika saioak egituratu eta erregistratzeko baliabideak eskaintzea.
- Transmisioa bermatuz eta euskal folklorean indarra jarriz, dantzen eta mugimenduaren arteko harremana eta bilakaera komunikatzea.
- Musika eta gorputza harremanerako bitartekari izan daitezkeela frogatzea eta praktikan jartzea.
Edukiak
1. Musika eta gorputz mugimendua: helburuak, garrantzia eta ikuspegi historiko batera urreratzea.
2. Mugimenduaren garrantzia balioztatzen duten musikaren metodologia berriei sarrera: Gordons (Music Learning Theory), Laban, Dalcroze, Orff, Bassi…
3. MLT (Music Learning Theory-Gordons metodoa): nola barneratzen da musika. Musika, edozein hizkuntza bezala garatzen den baliabidea. Mugimenduaren garrantzia haurraren garapen musikalean. Mugimendu arina (makropultsua eta mikropultsua)
4. Laban: Mugimenduaren garrantzia garapenean. Mugimenduaren ezaugarriak (arintasuna, pisua, espazioa eta denbora).
5. Dalcroze: musikaren errepresentazioa mugimenduan. Musikaren ezaugarriak lantzea mugimenduaren bidez (garaiera, bolumena, abiadura, …)
6. Orff: erritmoa eta gorputza. Propiozepzioa lantzeko aukera bat.
7. Elementuak: gorputza mugimendurako bide. Gelako edozein elementu mugimenduarentzako aitzakia. Elementu espezifikoak (zapiak, zakutxoak, olagarroa, paratxuta…)
8. Musikak: musiken aukeraketa eta baliabideak. Egokitasunaren eta aberastasunaren irizpideak. Dantzak, folklorea eta transmisioa.
9. Musikoterapia eta behar bereziak: adierazpenaren garrantzia. Metakomunikazioa. Musika harremanerako bitartekari.
Metodologia
Alderdi teorikoa eta praktikoa uztartuko dira. Dinamika desberdinen bidez teorian ikusitako mugimenduaren garrantzia bizipen bihurtuko dugu. Gorpuztu egingo dira baliabideak eta zuzeneko musikaren aldeko joera egingo da askotan beste gertutasun eta estimulazio bat sortuz. Inprobisazioaren aldeko hautua egingo da eta esperimentazioa funtsezkoa izango da, izan ere, horrek esperientzia gorpuzten laguntzen du eta bat dator edukietan jasotako metodo desberdinen bilakaerarekin. Baliabide hauek entrenatuko dira, guzti hori, berriro ere, alderdi teorikoarekin egituratuz.
Gelako testuingurua analizatzeko moduak bilatuko dira. Irakasleen kasuetatik abiatuta ikasle talde desberdinetara egokitzeko baliabideak eskainiko dira eta testuinguru didaktiko desberdinak hartuko dira kontuan. Saioen erregistroa burutzeko gailuak eskainiko zaizkio irakasleari eta ikasleen mundura egokitzen diren errekurtsoak landuko dira. Eskaintzen diren baliabideak praktikan jarri beharko dituzte, ez soilik ikastaroko saioetan, baita proiektuaren proposamenean ere.
Nori zuzenduta
Interesa izan dezakeen ororentzat. Musika irakasleak, ikasleak, aisialdiko taldeak, eskolak, eta Hezkuntza reglatutik at lanean dabiltzan bestelako partaideak hurbildu daitezke.