“Euskal antropologiaren historiako hirugarren jauzi epistemologikoa gertatzen ari da; genero, gorputzaren eta emozioen ikerketaren bidetik”

2016ko azaroaren 22a

“Euskal antropologiaren historiako hirugarren jauzi epistemologikoa gertatzen ari da; genero, gorputzaren eta emozioen ikerketaren bidetik”

Etnografia feministak Euskal Herrian. XXI. mendera begira dagoen antropologia” liburua argitaratu berri du UEUk. Liburuan gaur egun ikerketa feminista egin duten edo egiten ari diren antropologoen arteko hainbatek hartu dute parte Mari Luz Esteban eta Jone Miren Hernandez antropologoen koordinaziopean. Ez guztiek. “Bai EHUn baita EHUtik kanpo ere badaude antropologo feminista gehiago lanean”. Arlo horretan egiten ari den lana “zabala eta anizkoitza” da liburuaren arduradunen esanetan eta ondare guzti horren parte bat bildu nahi izan dute liburuan.

Azken urteetan hemen garatu diren edo garatzen ari diren ikerketa antropologiko feministak bildu dituzue liburuan.

Bai, askotan esaten den moduan, agian ez daude egun dauden guztiak baina daudenak badira, Euskal Herrian egiten ari den etnografia feministaren adibide interesgarriak. Lagin bat da, erakusteko gurean antropologia feministak egin duen ibilbidearen fruituak. Egile eta lan gehiago daude, baina helburua ez zen denetara iristea, une honetan arlo akademikoan planteatzen eta lantzen ari diren zenbait gai zein eztabaida erakustea baizik. Gainera, belaunaldi ezberdinak ere elkartu nahi izan ditugu, batzuek Teresa del Valle aitzindariarekin egin dugu gure ikerketa zuzenean, beste batzuk, aldiz, gazteagoak dira eta aurretik landutakoa integratu badute ere, beste testuinguru batean hezi eta formatu dira.

Euskal antropologian Teresa del Valleren “Mujer Vasca. Imagen y realidad” hartzen duzue mugarritzat, erreferentetzat. Zer suposatu zuen lan horrek?

Diozun moduan, ikerlan hau mugarritzat jotzen da eta, oraindik ere, erreferente izaten jarraitzen du euskal antropologian eta feminismoan; besteak beste, euskal gizartearen baitako botere harremanak agerian utzi zituelako eta euskal matriarkatuaren mitoa deuseztatu zuelako.Horretarako ordura arte euskal emakumeen inguruan egindako lanak berrikusi zituzten. Orokorrean, 80ko hamarkadara arte, euskal emakumeen inguruan garatutako diskurtso eta iruditegiak ideala jartzen zuten errealitatearen gainetik. Euren egoera eta nahiak alde batera utzita, emakumeen izaera eta betebehar tradizionalak zehaztera eta egonkortzera jo zuten. Mujer Vasca ikerlanak asmo horren oinarriak eztabaidan eta zalantzan jarri zituen. Hau aurrerapauso handia izan zen.

Euskal emakumeen inguruan hitz egitetik emakumeek Euskal Herriko testuinguru eta arlo desberdinetan bizi zuten egoeraz hitz egitera pasatu zen

Bai, eta horrek, horrela esanda, sinplea dirudi, baina une hartan ez zegoen horrelakorik. Emakumeak, nagusiki, denbora zein espazio mitiko batean zeuden kokatuta. Diskurtsoa esentzialista zen eta ez zuen balio emakumeen artean zegoen aniztasunaz hitz egiteko, ezta emakumeen egunerokoaz hitz egiteko ere: emakumeen egoeraz, emakumeen errealitateaz, euren kezkez edo aldarrikapenez. Diagnostiko osatu eta eguneratu bat behar zen eta, besteak beste, hori eman zigun “Mujer Vasca” liburuak. Testuinguru ezberdinak (hiriak, herriak, barnealdea, kostaldea, etab.) kontuan hartzeak izugarri aberastu zuen diagnostiko hori eta argi geratu zen, iruditegian funtzionatzen bazuen ere, errealitatean “euskal emakumeaz” hitz egiterik ez zegoela. Beste aspektu interesgarri bat hauxe izan zen: ikerlana lan kolektibo baten fruitua izan zen, horrek dakartzan zailtasun eta aberastasunarekin. Lana aurrera ateratzeko ikertzaile ezberdinen begiradak zein iritziak elkartrukatu behar izan zituzten. Begiradak ere anitzak izan ziren.

Baina genero-harremanen analisietatik harago doa antropologo hauen ekarpena. Bai, egun, genero sistemak (genero harremanak) aztergai hartzen dituen planteamendu teorikoarekin batera, bestelako elementuen lanketa ere bilakatu dira erronka; esate baterako, epistemologia eta metodologia. Horrek esan nahi du biltzen ditugun datuak interpretatzeko behar ditugun kontzeptuez gain, bestelako kezkak ere ditugula esku artean. Nondik abiatzen gara ikerketa planteatzerakoan? Zein da gure abiapuntua ikertzaile gisa? Non gaude kokatuta egitura sozialean? Alegia, zein elementuk baldintzatzen dute gure begirada? Bestalde, metodologian ere proposamen berriak sortzen ari dira, neurri batean aukeratutako gaiek, erabilitako teoriek eta jarrera epistemologikoek bultzatuta. Kasu honetan ikerkuntzaren oinarrian dauden elementuen arteko uztarketa areagotu nahi da planteamendu feministak ikergaian edota kontzeptuetan ez ezik bestelako arloetan islatzeko asmoz.

Hausnarketa-eremu berriak ere agertu dira azken urteotan. Hirugarren jauzia gertatzen ari dela aipatzen duzue liburuan.

Bai, esan daiteke, orain arte, bi jauzi epistemologiko gertatu direla euskal antropologiaren historian. Jauzi epistemologiko bat gertatu dela esaten dugu, une batean, euskal kultura eta gizartea aztertzeko eta kultura bera ulertzeko zehaztu diren ikergaietan edo horretarako erabili diren ikuspegi antropologikoetan aldaketa esanguratsuak ematen direnean.

Lehenengo jauzia 60ko hamarkadan kokatuko litzateke; hain zuzen, atzerriko antropologoak Euskal Herrira heldu zirenean. Antropologo hauek ordura arte gurean ezohikoak ziren gaiak, teoriak, kontzeptuak eta metodologia antropologikoak garatzen hasi ziren; euskal kulturaren eta gizartearen inguruan planteamendu eta azalpen berriak agertuz. Ordura arte euskal kultura zentzu organiko, historiko eta autobildu batetik ulertua izan zen. Kultur osagaien artean (ohiturak, mitoak eta elezaharrak, artefaktu arkeologiko eta materialak…) leudekeen harremanei baino hauek deskribatzeari, inbentariatzeari eta dokumentatzeari ekinez; kulturaren ikuspegi estatiko eta idealizatua sorraraziz, eta nekazal munduaren garrantzia berretsiz. Antropologo atzerritarrak ez ziren bilketa eta dokumentazio lanarekin konformatu eta edozein kultur sistema baten barruan leudekeen azpisistemak (ahaidetasunekoa, ekonomikoa, politikoa, balioena…) eta aldagai soziologiko zein estrukturalak zehaztu, sakondu eta erlazionatu zituzten. Hala ere, jendarte tradizionaletan kokatu zituzten beren lanak eta euskal kulturaren balizko ezaugarri nagusiak (betierekotasuna, nekazal giroan enfasia, euskararen zentralitatea, talde batasuna…) berretsita gelditu ziren.

Bigarren jauzia, berriz, Mujer Vasca. Imagen y realidad ikerlanak eragindakoa izango litzateke. Jada hitz egin dugu horren ekarpenaz.

Gaur egun, gure ustez, hirugarren jauzia gertatzen ari da zeina gorputzaren eta emozioen ikerketaren bidetik etorriko litzateke. Honetan ere feminismoak paper garrantzitsua izango luke.

Ikuspegi honek gizabanakoa eta kulturaren arteko harremanak ulertzeko aukera ezberdinak sorrarazten ditu, bizitzaren zentzua, materialitatea eta sentsorialitatea aintzat hartuz. Horren ondorioz, kulturaren azterketa gorputzetik eta gorputzarekin egingo litzateke. Eta horretarako metodologia berriak erabiltzen hasten dira. Kultura, gizarte harremanak eta jarduera antropologiko bera ikusteko joera apurtzaile horren baitan kokatu beharko genituzke.

Honek ez du esan gura, jakina, ikuspegi antropologiko hauetatik kanpo ekarpenik ez dagoenik. Liburu honetan argi gelditzen da ikerkuntza feminista euskal antropologian oparoa eta anizkoitza dela.

2013an AFIT-Antropologia Feminista Ikerketa Taldea eratu zen. Zein paper jokatu du talde horrek?

Liburuan bilduta gelditzen denez, azken hogeita hamar urteetan, Euskal Herrian, antropologo feministek egindako ekarpena benetan nabarmentzekoa da. Antropologo hauek bakarka edo taldeka egin dute lan, eta asko izan dira azterturiko gaiak.

Azken lau urteetan, baina, AFIT-Antropologia Feminista Ikerketa Taldea eratu dugu EHUko hainbat antropologok. Ikerketa talde honetan gaudenok (gaur egun hamalau irakasle zein ikertzaile kontratatuak gara) ez gara ikerkuntza antropologiko feministaren arloan gauden guztiok, baina bai kopuru esanguratsu bat. Liburu honetan parte hartzen dugun gehienok talde horretako partaideak gara. Ikerketa talde propio bat edukitzeak hiru onura ekartzen ditu: arlo berean gaudenon arteko harremanak eta eztabaidak erraztea, talde-lanak egiteko aukera zabaltzea, eta ikerkuntza antropologiko feministari ikusgarritasun akademiko eta soziala eman ahal izatea. Liburu hau ikerketa talde horren emaitza ere bada.

Jakintza-arloak