"Eskolaren erronka nagusietako bat inplikazio-maila baxuagoa izan ohi duten familien parte-hartzea erraztea da"
2024ko azaroaren 12a

"Bizikidetza eta kulturartekotasunaren sustapena eskolanWorld Café-aren bidez" ikerlanaren nondik norakoak argitaratu dituzte UEUren Uztaro aldizkarian Unai Coronel Gastiainek (2000, Agurain) eta Igone Palacios Agundezek (Bilbo, 1980). Unaik, Lehen Hezkuntzako Gradua (EHU) eta Pedagogia Terapeutikoko Minorra (UNIR) ikasi zituen, eta orain, Psikodidaktikako Masterra EHU) egiten ari da. Horrez gain, doktoratu aurreko ikertzailea ere bada EHUn. Igone, Biologian doktorea da eta bere tesia giza garapen iraunkorrari buruzkoa izan zen. Ingurumen Agrobiologian (EHU), Ingurumen Kudeaketa eta Teknologian (UVic), eta Irakaskuntza Gaitasunean (Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean) ditu masterrak eta garapen-lankidetza eta giza garapen iraunkorrari lotutako hainbat ikastaro ere egin ditu. 2008an hasi zen EHUn lanean Garapen Iraunkorrari eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO Katedrako ikertzaile kontratatu bezala, eta 2016az geroztik, Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Zientzia Esperimentalen Didaktikako irakasle eta ikertzaile ari da, bertan, Haur eta Lehen Hezkuntzako Kulturarteko Hezkuntzako Aipamenean inplikaturik dago. Uztaroko ikerlanaz hitz egiteko izan gara haiekin.
Hezkuntzaren erronka nagusietakoa eskoletako aniztasuna aberastasun bihurtzea dela diozue. Zein da egoera?
Azken hamarkadetako aldaketa politiko, ekonomiko, sozio-ekologiko, kultural eta teknologikoek munduko herrialde eta pertsonen arteko konexioak gero eta nabarmenagoak izatea ekarri dute, aniztasuna gizarte askoren ezaugarri bereizgarria bihurtuz (kultura-aniztasuna, hizkuntza-aniztasuna, identitate-aniztasuna edota bestelako aniztasunak). Egungo gizarteetan kultura ezberdinak elkarrekin daude, baita euskal gizartean ere. Kultura-aniztasun horrek gizartea aberastuko du baldin eta bizikidetza positiboa eraikitzen badugu, elkarrekiko errespetuan eta elkarbanatze eraikitzailean oinarritua. Alegia, elkarren arteko interdependentzia positibo ikusaraztean eta pertsona eta kultura orok gure bizitza eta gizartea hobetzeko ekarpen positiboak eragin ditzakeela ulertzean dago gakoa. Hori egiteko, ordea, lehenik eta behin, hau gertatzea oztopatzen duten hainbat erronkari aurre egin behar diegu. Izan ere, norbera ez bezalakoa denaren aurrean, ohikoa da beldurrean eta ezjakintasunean oinarritutako aurreiritziak garatzea, eta ondorioz arrazakeria eta antzeko jarrerei eta desberdinkeriei aurre egiteko beharra sortzea. Horretarako, eta aipaturiko elkarbanatze eraikitzailea sustatzeko, kulturartekotasun-hezkuntza gakoa da.
Zeintzuk dira Kulturarteko Hezkuntzaren eta Garapen Iraunkorraren oinarriak?
Lehenik eta behin, gustatuko litzaiguke argitzea kultura-aniztasun eta kulturartekotasun terminoen arteko desberdintasuna. Izan ere, horien arteko nahasmendua egon ohi da eta esperientzia honetan ere termino horiekiko ezagutza falta dagoela sumatu dugu. Bada, kultura-aniztasun terminoa toki batean kultura ezberdinak daudela azaltzeko erabiltzen dugu, eta kulturartekotasun terminoarekin, aldiz, kultura desberdinen arteko elkarrekintza positiboari egiten diogu erreferentzia. Kulturartekotasunaren xedea da elkarrekiko konfiantza, elkar-ulertzea, elkartasuna eta balio komuna oinarri dituen elkarbizitza-proiektu sendoa eraikitzea, bidean muga etnikoak gaindituz. Horretarako, Kulturarteko Hezkuntzaren bidez, tokian tokiko kulturartekotasun baten alde egitea proposatzen da: (1) ugaritasun kulturala onartuz eta ezagutuz; (2) talde bakoitzak egindako ekarpenak aitortuz (hizkuntza eta kulturari arreta berezia eskainiz), eta (3) parekotasun soziala babestuz. Begirada hori bat dator Nazio Batuek onartutako 2030 Agenda eta Giza Garapen Iraunkorrerako Helburuekin. Horien bidez, inor atzean ez geratzea proposatzen da eta munduko pertsona guztien arteko elkarbizitza osasuntsua eta bidezkoa sustatzen da, Lurra, guztion planeta eta etxea, babestearekin batera. Alegia, elkarren zaintza eta bizitza oinarrian jartzea dago, finean, helburu horien atzean. Are gehiago, Nazio Batuek 2015ean markaturiko helburuen artean, desberdintasunak murriztea (10. helburua) eta guztientzako kalitatezko hezkuntza (4. helburua) lortzeko helburuak ditugu. Hori bermatzeko ezinbestekoa da hezkuntza inklusiboa sustatzea, eta horren oinarrian, bizikidetza eta kulturartekotasuna daude, besteak beste.
Eskola publiko batean egin duzue esku-hartzea. Zein izan da planteamendua?
Eskola publiko horretan, hainbat kezka eraikitzaile agertu ziren pandemia ostean, bai guraso-elkarteko kideen artean, bai zuzendaritza-taldearen eta irakasle batzuen artean, hala nola zenbat hizkuntza desberdin ditugu gure eskola-komunitatean?, zer-nolako harremanak ditugu gurasoak gure artean eta gurasoak eskola eta ingurunearekin? Nolabait, "non gaude eta nora joan nahi dugu" galderei erantzuna bilatzeko interesa azaleratu zen.
Hori horrela, eta aurretik eskola horrek Euskal Herriko Unibertsitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako Graduetako Kulturarteko Hezkuntza Aipameneko irakasleekin zuen kontaktua aprobetxatuz, elkarlan bat jarri genuen martxan eskolaren, guraso-elkartearen eta gure artean. Abiapuntu ziren galderei prozesu endogeno eta parte-hartzaile baten bidez erantzutea zen asmoa. Horretarako, lehenik eta behin, informazioa jasotzeko galdetegi bat diseinatu zen eskolako gurasoei zuzendua. Ostean, erantzunen analisia abiapuntutzat hartuta, solasaldi parte-hartzaile bat garatu zen gurasoen, irakasleen eta zuzendaritza-taldearen artean, honako lau gai hauen inguruan zeuden nahiak eta proposamenak jasoz: (1) Harreman parte-hartzaileak eta osasuntsuak eskolan; (2) Bizikidetza, inklusioa eta kulturartekotasuna eskolan; (3) Eskolaren eta bere inguruaren arteko harremana, eta (4) Amesten dugun eskola elkarrekin irudikatzea. Hori World Café elkarrizketa eraldatzaile bidezko metodologia parte-hartzailearen bidez eraman genuen aurrera.
Azpimarratu nahiko genuke guraso-elkartearen eta zuzendaritzaren laguntza eta parte-hartze aktiboa funtsezkoa izan zela prozesuan,. Era berean, World Café-aren dinamizazioan eta informazio-bilketan Kulturarteko Hezkuntza Aipameneko ikasleek (etorkizun hurbileko irakasleak) egindako lana ere ezinbestekoa izan zen esperientzia honen arrakastarako.
Zein izan da eskola-komunitatearen erantzuna?
Esku-hartzeak eskola-komunitatean izan duen erantzuna oso positiboa izan da. Familientzako borondatezko galdetegian lortutako parte-hartzea oso altua izan zen, guztira 86 gurasok bete baitzuten, eskolako familien % 30 inguruk. World Café solasaldia ere arrakastatsua izan zen. Antolatzaileez aparte, eskola-komunitateko 37 pertsonak hartu zuten parte: 30 gurasok, 6 irakaslek edota zuzendaritzako kide eta ikasle ohia eta langile ohia den gazte batek. Gainera, gurasoen jatorriari dagokionez, parte-hartzaileen artean atzerritar jatorriko guraso batzuk egon ziren.
Gainera, jakin dugu esku-hartzearen ondoren, eskolan bizikidetza eta kulturartekotasuna sustatzeko hainbat aukera sortu direla. Adibidez, eskolako guraso baten medioz, eskola-komunitatean gai honekiko interesa zegoela ikusirik, Gasteizko pertsona migratuen elkarte batekin harremanetan jarri eta LHko hainbat lanketa egin zituzten. Bestalde, eskolan, 2024-2025 ikasturtean “Ongi Etorri eskolara Familia Laguna” programa martxan jarri da. Programa horrek kulturartekotasuna eskolan eta auzo-mailan lantzen du, jarduera desberdinak antolatuz eta familien parte-hartzea sustatuz.
... eta elkarlanean aritzearen emaitza?
Elkarlaneko prozesu parte-hartzaile honek Adurtzako eskola-komunitateari desiratzen duen eskola irudikatzen eta hara joaten hasteko bideak pentsatzen lagundu dio. Parte-hartzaileek elkartasunean, hurbiltasunean, irekitasunean, eskubide-berdintasunean eta elkarren errespetuan oinarritzen den eskola nahi dutela adierazi zuten; zeinetan ikasleen garapen integrala eta ikasketa esanguratsua sustatzen den eta eskola-komunitate osoaren parte-hartze aktiboa handia den. Horretaz gain, harreman osasuntsu eta eraikitzaileak dituen eskola bat nahi dutela adierazi zuten, kultura eta jatorri ezberdinetako pertsonen arteko benetako bizikidetza ematen duena, ingurumenarekin kontaktu handia duena eta auzoarekin harreman estua bermatzen duen eskola. Aldiz, ekidin nahi diren ezaugarrien artean gatazkak, portaera bortitzak, indibidualismoa, harreman itxiak, kultura- zein genero-desberdintasunarengatiko diskriminazioak, komunikaziorik eza eta iraunkortasun faltarekin lotutako arriskuak nabarmendu ziren. Hori lortzeko bide posibleei dagokienez, parte-hartzaileek elkartzeko eta elkar ezagutzeko espazioak sortzea; eskolan presente dauden kultura ezberdinak ezagutzeko espazioak sustatzea; komunikazio eraginkorrago baten bila kanal berriak esploratzea; ingurumenarekin kontaktua sustatzen duten metodologia berrietan murgiltzea, eta eskolaz kanpoko eragileekin lan egitea proposatu zuten.
Gainera, parte-hartzaileen balorazio positiboen oinarrian ikusi da World Café-a tresna lagungarria izan daitekeela eskola-komunitateetan lan egiteko. Asebetetze-galdetegian emaitza oso positiboak lortzeaz gain, parte-hartzaileek World Café-aren tresna gehiagotan erabiltzeko nahia adierazi dute, eskolan bizikidetza eta kulturartekotasuna sustatzeaz gain, eskolarekin zerikusia duten beste gai batzuk lantzeko ere.
Eragile guztien parte-hartzea sustatzearen beharra azpimarratu nahi duzue. Zein da erronka nagusia?
Eskolaren erronka nagusietako bat inplikazio-maila baxuagoa izan ohi duten familien parte-hartzea erraztea izango litzateke, hala nola maila sozioekonomiko baxuko eta atzerritar jatorriko familien kasuan, eta, bereziki, familia etorri berrien kasuan. Horrekin lotuta, World Café saioko parte-hartzaileek eskolan iritzi guztiak entzuteko eta adierazteko aukera izan nahi zutela adierazi zuten, hortik abiatuta, denon arteko ulermena bilatzeko. Are gehiago, jatorri edo kultura ez autoktonoko familiak eskolaren parte sentitzea eta familia horiek eskola-komunitatean duten parte-hartzea areagotzea eta pertsona berrien etorrera prozesu natural bat bezala gertatu eta ulertzea nahi zutela adierazi zuten. Horretarako, kulturartekotasunaren aldeko apustua egiteko nahia nagusitu zen, akulturazio-prozesuak saihestea eta bizikidetza eta elkar ezagutzea sustatzea helburutzat hartuz. Sumatutako beste erronka bat jatorri eta kultura ezberdinetako gurasoen arteko harremanak sustatzea da; izan ere, esku-hartzean parte hartutako gurasoek onartu zuten gurasoen artean talde itxiak sortzeko joera dagoela eta kultura ezberdinetako gurasoen arteko harremanak eskasak direla. Erronka horiei aurre egiteko, esaterako, prozesu honetan bizitako World Café-a bezalako espazioak sortzea balioan jarri zen. Proposaturiko beste ekimen batzuk hauek dira: Ikasberri Guraso Elkartea indartzea, komunikazio-bideak birplanteatzea, harremanak sortzeko testuinguru informalak sortzea eta espezifikoki kulturartekotasuna sustatzeko proposamen zehatzak aurrera eramatea. Gainera, aurrerapauso eraginkorrak bideratze aldera, ezinbestekoa da konpromisoak hartzea. Kasu honetan, honakoak eratorri ziren: estereotipoetan ez erortzea, gurea ez den beste kulturarekiko ezjakintasuna onartzea, besteen kulturak ezagutzeko interesa adieraztea, eta eskolara iristen diren pertsona berriei eta kultura ezberdinak dituzten pertsonei komunitatearen parte direla sentiaraztea. Finean, parte-hartzaileek elkarrekin oztopo kulturalei aurre egin nahi dietela adierazi zuten.
Uztaro aldizkarian argitaratu dituzue ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?
Dudarik gabe, oso garrantzitsuak dira. Horrelako plataformek eskolaren eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzen laguntzen dute. Eskoletan aurrera eramandako ikerketei ikusgarritasuna ematen diete, esperientziak partekatzeko aukera eskaintzen dute baita elkarrengandik ikasteko ere.
Gainera, eskola-komunitatearentzat ere oso garrantzitsuak dira honelako zabalkuntza-plataformak. Izan ere, Eskola barruan aurrera eraman diren hausnarketa-prozesu parte-hartzaileak balioan jartzen dituzte. Horrela, Adurtza ikastola publikoak identifikatu duen desiratutako eskola inklusiboa lortzeko bidean aurrerapausoak ematea ahalbidetzen da.