Eñaut Aranbarri Esnaola: "Premiazkoa da osasun mentalari dagokion arreta ematea, gazteen etorkizuna eta bizi-kalitatea babesteko"

2024ko urriaren 8a

Eñaut Aranbarri Esnaola: "Premiazkoa da osasun mentalari dagokion arreta ematea, gazteen etorkizuna eta bizi-kalitatea babesteko"

"Osasun mentala sustatzea eskola-testuinguruan" ikastaroa emango du UEUrekin Eñaut Aranbarri Esnaolak (Elgoibar, 1987). Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatua da eta Kirol Psikologiako, ekintzailetzako eta Coaching-eko hainbat master egin ditu, baita Hego Amerikan lankidetza eta Euskal Herrian bizikidetza-proiektuak ere. Lanbidez prestatzailea, irakaslea eta ACTP coach-a da. Ikastaroaz hitz egiteko izan gara berarekin.

Gazteen osasun mentala jarriko duzu erdigunean. Zergatik?

Gazteak gure oraina eta etorkizuna dira, kate bereko begiak, eta horregatik, haien ongizatea zaintzea ezinbestekoa da. Bidean milaka abentura eta erronka dituzte, baina burua osasuntsu ez badute, zailtasunak izango dituzte gainontzeko esparruetan ere aurrera egiteko. Pandemiak, presio sozialak eta digitalizazioaren etengabeko hazkundeak gizartean behar berriak sortu dituzte. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, nerabeen % 10-20k osasun mentaleko arazoren bat du, eta gehienek laguntza egokirik gabe egiten diote aurre.

Zoritxarrez, askotan, baliabideak ez dituztenez, haien sufrimenduarekin amaitzeko asmoz, bere buruaz beste egiten dute. Suizidioa gizartean isilpean eramaten dugun gai bat da, eta, tamalez, heriotza-kausa nagusietako bat bihurtu da. Horrexegatik, premiazkoa da osasun mentalari dagokion arreta ematea, gazteen etorkizuna eta bizi-kalitatea babesteko.

Zer ekarpen egin dezake eskolak?

Hasteko, zuzendaritza-taldeko kideek koherentzia eta konpromisoa erakutsi behar dute gai honen inguruan. Norberak praktikan jartzen ez duen zerbait transmititzea ezinezkoa da. Horregatik, ezinbestekoa da emozioen hezkuntza curriculumaren parte izatea eta esku-hartze psiko-pedagogikoak eskaintzea, arazoak garaiz detektatu eta soluzio eraginkorrak aurkitu ahal izateko.

Bestetik, hezitzaileen errealitateari egokitutako formakuntza eskaintzea oso garrantzitsua da. Egungo gizartea oso azkar aldatzen ari da eta eskolak badu bere erantzukizuna behar hauei aurre egiteko. Horretarako, oinarrizkoa da hezkuntza-komunitatea prestatua egotea eta formakuntzak eguneratuak izatea, besteak beste, eskola barruan dauden beharrei aurre egiteko nahiz irtenbide eraikitzaileak lortzeko. Beraz, eskoletan eskainitako prestakuntzak erabilgarria, eraginkorra eta praktikoa izan beharko luke.

Azkenik, ikasleen osasun mentala bermatzeko kalitatezko espazioak eta zerbitzuak eskaini behar dira. Ikastetxe guztietan lasaitzeko espazio bat edukitzea lagungarria izan daiteke ikasle askorentzat. Nahiz eta horrekin bakarrik ez den nahikoa.

Gune horrek ikaslearen jarraipena bermatu behar du eta horretarako oinarrizkoa da agente desberdinen elkarlana, irakaslearen prestakuntza, espezialisten bidelaguntza. Laburbilduz, osasun mentala eta emozionala uztartze ndituen programa lehenbailehen martxan jarriz.

Hezitzaileak formatzea ezinbestekoa da?

Bai, noski! Hortaz, hezitzaileak bere buruarekin konpromisoa izan behar du. Norbera gai ez bada bere emozioak ulertu eta sostengatzeko, ezingo die aurrean duen gaztearen behar emozionalei aurre egin ezta bidelagun izan ere.

Emozioak ulertzen eta kudeatzen ikastea halabeharrezkoa da, azken finean, irakastea ez da soilik irakasgai bat ematea, baita harremanak eraikitzea eta ikasleekin lotura emozionala sortzea ere.

Horrek guztiak gelan modu naturalez oinarri sendoak ezartzen laguntzen du; batik bat, talde-kohesioa eta konfiantzazko espazio bat sortuz.

Ezagutza, esperientzia nahiz borondatea duen irakasleak, posible al du bere ikasleen ongizatea bermatzea? Profil horretako hezitzaile asko nigana hurbiltzen dira laguntza eske. Askotan adierazi didate ez dutela eguneroko erronkei aurre egiteko tresna zein estrategia nahikorik. Beraz, borondate onak ez du ikasleen osasun mentala bermatzen. Irakasle horien borondateak eta formakuntza izateak bai, ordea.

Zeintzuk dira erronka nagusiak?

Erronkak ugariak dira. Lehenengoa? Osasun mentalari buruz hitz egitea "normala" bihurtzea! Ez dadila gaizki ikusitako edo isilpean mantendutako gai bat izan. Sarritan, jendeak ez du gai honetaz hitz egin nahi, beldur edo lotsagatik. Hala ere, osasun mentala zaintzeak gorputza zaintzea bezain naturala izan beharko luke.

Beste erronka handi bat baliabide gehiagoren beharra da. Hasteko, ikastetxeek espezialistak behar dituzte: orientatzaile gehiago, psikologoak eta pedagogia terapeutikoak. Are gehiago, ezin ditugu familia eta komunitatea ahaztu. Osasun mentala ez da soilik eskolan zaintzen, etxean eta kalean ere behar ditu bidelagunak. Gurasoek eta inguruak ere lagundu behar dute, gazteek lasaitasun- eta babes-sentsazioa izan dezaten. Zoriontsu eta lasai sentitzeak bizitza errazagoa eta atseginagoa egiten du.

Nori dago zuzenduta?

Izenburuak adierazten duen moduan, argi dago formakuntza eskola-testuinguruan oinarritzen dela eta bertan gertatzen diren kasu errealak aintzat hartuko ditugu.

Hala ere, hau ez da soilik hezitzaileentzat, gai honekiko interesa duen edonorentzat diseinatua dago: guraso bazara, haur eta gazteekin lan edo kontaktua baduzu, gaiarekiko jakin-mina baduzu…

Guztion erantzukizuna izan beharko luke geure burua zaintzen ikasteak eta hori izango da gure abiapuntua. Formakuntza eta ikastaro konbentzionalez nekatuta bazaude, leku egokira etorriko zara. Ongi etorri!

Jakintza-arloak