Eñaut Aiartzaguena Bravo: "Marrazten ikasteko beharrezkoa da marraztea. Praktikak ematen du ezagutza"

2025ko otsailaren 6a

Eñaut Aiartzaguena Bravo: "Marrazten ikasteko beharrezkoa da marraztea. Praktikak ematen du ezagutza"

"Badakigu marrazten" ikastaroa emango du Iruñean Eñaut Aiartzaguena Bravo (Iurreta,1988) irudigileak. Arte Ederretan lizentziatua (EHU) hainbat argitalpenetan egin izan ditu kolaborazioak, hala nola Argia (Xapoketan, 2019; Hizki Pizti, 2023), Hik hasi (2017-2023), Aizu (2020-2023) edo Txikipedia (2021-2023). 2023. urtearen amaieran Akuarelak aire zabalean liburua argitaratu zuen UEUrekin. Irribarrez eta Urluma proiektuen atzean ere badago. Apirilaren 5ean emango du saioa Iruñean eta bertan landuko duenaz hitz egiteko izan gara berarekin.

"Badakigu marrazten"... Denok?

Denok marraztu izan dugu noiz edo noiz. Umetan marrazten aritzen ginen guztiok, baina, adinean aurrera egin ahala, marrazteari utzi ohi diogu. Dena dela, marrazteko oinarri-oinarrizkoak diren formak eta trazu motak egiteko gai izaten jarraitzen dugu orain ere eta pazientzia apur batekin eta gidaritza aproposarekin, marrazki ederrak egiteko gai garela sinesten dut, bai.

Oinarrizko marrazki-teknikak erakutsiko dituzu ikastaroan. Zeintzuk?

Marrazki bat egitea prozesu bat da, azken batean, eta prozesu horretako pausoei jarraitzeko hainbat bide egon litezke. Kontua da bide horietako batzuk besteak baino errazagoak izan daitezkeela eta ikastaroaren helburua bide horietan probak egitea izango da. Ohikoa da, esaterako, esperientzia gutxiko marrazkilari bat lanean jartzean, irudiaren xehetasunen batetik hastea, proportzioak galtzea eta frustraziotan erortzea. Ikastaroan, oinarrizko formetatik hasi eta xehetasunetara joko dugu marrazkiak orokortasunetik detaileetara eraikiz. Gainera, trazu mota ezberdinetan, bolumena eta perspektiba irudikatzeko moduetan eta bestelako ezagutza batzuetan ere sakonduko dugu.

Ikasitakoa praktikara eramateko tartea ere aterako duzue.

Marrazten ikasteko beharrezkoa da marraztea. Praktikak ematen du ezagutza. Marrazketa-teknika batzuen inguruko teoriak azalduko ditugu, baina hori praktikan jarriko ez bagenu, ez genuke kontzeptu horiek barneratzerik lortuko. Hala, ikastaroa praktikan oinarrituko da eta, eguraldiak lagunduz gero, kalean marrazteko tartea ere hartuko dugu.

Nori dago zuzenduta?

Ikastarorako ez da marrazkiaren inguruko aurre-ezagutzarik behar, hortaz, marrazten ikasi edo bere ezagutzetan sakondu nahi duen ororentzat da ikastaroa. Beti esan ohi dut marrazten jakitea oso aberasgarria dela gure egunerokotasunerako, lagunen bati zerbait azaldu nahi diogunean edo buruan ditugun ideiak kanporatu nahi ditugunean, adibidez. Hortaz, nik uste, irakasleentzat ikastaro aproposa izan daitekeela, ikasgelako azalpenak aberasteko, baina beste edonork ere ikastaroaz asko gozatu dezakeela esango nuke.

Nabarmentzeko zerbait?

Helduoi lotsa eman ohi digu trebeak ez garen horretan aritzeak, geure burua zaurgarri erakusteak eta hori izan ohi da marrazketara ez gerturatzeko arrazoi nagusietako bat. Ikastaro honetan ez dugu inoren lanik epaituko, ez gara konparazioetan sartuko, eta, beraz, benetan animatu nahi nituzke marrazten ikasteko gogoa lotsaren lotsaz ezkutatu izan duten horiek guztiak ikastaroaz gozatzera.

Jakintza-arloak