Asier Gutierrez: "Indarkeriaren askotariko aurpegiak ezagutzeko barne-bidaia egin behar dugu"
2023ko urriaren 17a

"Nola babestu gure haur eta nerabeak? Indarkeria motak ezagutuz eta haiek babestuko dituen sarea sortuz" ikastaroa emango du Asier Gutierrez Arribasek (Hernani, 1987) UEUren ikasgela birtualean. Gutierrez gizarte-hezitzailea da. 10 urtez aritu da gizarte-zerbitzuetan, eta egun, Beterri-Buruntza mankomunitateko inklusio-teknikaria da. Kulturarteko hezkuntzan du masterra eta arazo sozialen analisian masterra egiten ari da. Haur eta nerabeen abusu sexualen formakuntza espezifikoan dago trebatua. Ikastaroa urrian hasiko da eta izena emateko aukera dago oraindik.
Haur eta nerabeek pairatzen duten indarkeria jarriko duzue mahai gainean. Zein da Euskal Herriko argazkia?
Gure gizarteak aurrerapauso handiak egin ditu hainbat arlotan, eta bagara Euskal Herrian borroka anitzen aitzindari; Feminismoan, kultur aniztasunean edota zaintzen ikuspegietan beharrezkoak ziren eta diren lanketa kolektibo oso garrantzitsuak gauzatu dira. Aldiz, haurren eta nerabeen babesean ez dut uste horrelako prozesurik egin denik, hausnarketa oso zabala beharko lukeen arren. Bizitzaren esfera oso pribatuaz ari gara, non dependentzia osoa duten pertsonen ardura emozional/fisiko eta materiala gure gain erortzen den. Euskal Herriko haur eta nerabeen babes-sareak muturreko kasuetan jartzen du fokua, eta hezkuntza-sistemak ere baditu bere erremintak haiek babesteko, baina ez dira inondik inora nahikoak. Adierazgarria den eredu bat jarriko dut mahai gainean, Euskal Herriko edozein parketan, egunero, umeek biolentzia jasan behar dute eta gure gizarteak onartu egiten du.
Zer indarkeria motaz ari gara?
Indarkeriak aurpegi eta dimentsio desberdinak ditu. Oinarrizkoa da ulertzea boterea duenak harremanetan indarkeria eragiteko gaitasuna duela, konfiantzazko eta mendekotasun-lotura hori baliatuz. Familia edo familiak bere izaeraren osotasunean dira indarkeria-kasu gehienak gertatzen diren espazioak, indarkerian oinarritzen direlako, hein batean, gure hezteko ereduak. Horrekin ez dut esan nahi gurasoak edo erreferentziazko figurak zalantzan jarri behar direnik edota etengabe indarkeria erabiltzen dugunik, baina onartu behar dugu gure jarduteak, kasu askotan, berrikusi beharko genituzkeela. Indarkeriaren askotariko aurpegiak ezagutzeko barne-bidaia egin behar dugu. Adibidez, sistema kapitalistak egunero pertsonen aurka artikulatzen dituen biolentziak ondorioak ditu gugan, estresa, frustrazioa eta kontsumoak adibidez, eta biolentzia horiek eremu pribatuan erreproduzitzea, mendekotasun handiena dutenekin, uste duguna baino ohikoagoa da. Haurrak eta nerabeak oso zaurgarriak dira eta nahiz eta erresilientzia-maila handiak eduki, arazo emozional, kognitibo edo mentalak garatu ditzakete urteen poderioz.
Seinaleak detektatzeko hezitzaileen begirada trebatzea beharrezkoa da. Nondik hasi?
Izaera sistemikoa duen arazoa da. Egunero ikusten ditugu indarkeria hauen adierazleak, baina ez gaude prest haiei erantzun kontingente bat emateko. Indarkeriaren aurrean beldurrak sortzen dira; nola aurre egin, ondorio sozial/juridikoak, sarearen sostengua, ardura indibiduala eta kolektiboa, etab. Hasteko, errealitate honekin kontziente izan behar dugu, eta hortik garatu babeserako ikuspegia. Jarrera-aldaketa honekin lortuko dugu benetako eragina edukitzea, haur eta nerabeen aurkako indarkeriaren aurrean jarrera egoki bat jorratzea.
Haur eta nerabeak babesteko sarea aipatzen duzu. Zer sare? Nondik hasi eraikitzen?
Sare instituzionalaz ari naiz. Ongizate-estatuan aurreikusten da indibiduo guztien zaintza, baina badakigu hori ez dela erreala. Gutxi batzuen eskubideak errespetatzen dituen sistema honetatik at kokatzen gara gehiengoa, eta haurrak eta nerabeak hor kokatzen dira. Gizarte-zerbitzua, hezkuntza-sistema, polizia… egongo lirateke sare instituzional horretan, baino sare alternatiboak sortzeko premia handia dago. Helburuak bi lirateke. Lehenengoa, aipatu dudan bezala, haur eta nerabeen babeserako sare komunitarioak sortzea, antolakuntza alternatiboen bidez. Bigarren helburua, aldiz, dagoen sare instituzionalaren ezagutza eta erabilera, sare hori indartuz beste eragile batzuekin. Denon ardura delako haur eta nerabeak babestea.
Nori dago zuzenduta?
Haur eta nerabeekin lanean jarduten diren profesional orori zuzenduta dago ikastaroa, baina horietaz gain, interesa duten pertsonak ere gonbidatuta daude parte hartzera, haur eta nerabeen babesa denon ardura delako. Gurasoak, erreferente legalak, familia, familiez gain ardura kolektibo bat delako.
Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?
Batez ere babeserako ikuspegia txertatzea gure bizitzetan. Arduratik jokatzea indarkeria-kasuen aurrean eta ikastaroan parte hartzen dutenei erreminta eraginkorrak eskaintzea horretarako. Babestea ezinbestekoa delako, baina geure burua ere babestu behar dugulako.