Arantza Martinez Etxarri: "Sormena ezinbestekoa da etorkizuneko erronkei aurre egiteko"
2025ko otsailaren 7a

"Sortzeko praktika onak" ikastaroa emango du UEUrekin Arantza Martinez Etxarrik (Donostia,1965). Euskal Filologiako ikasketak egin zituen (Deustuko Unibertsitatea), Hizkuntzalaritzan du masterra (University of Southern California) eta doktorea da Hizkuntzalaritzan (Deustuko Unibertsitatea). Apirilaren 5ean Eibarren emango duen saioaren berri gehiago jakiteko izan gara berarekin.
Sormena jarriko duzu erdigunean. Zergatik?
Sormena ezinbestekoa delako etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Bestalde, munduetara bidaiatzeko baliabidea da.
Sormena modu egokian praktikan jartzeko estrategiak erakutsiko dituzu. Zeintzuk?
Ariketa xumeetatik hasiko gara, akordeoiaren teknikatik, adibidez, eta miniaturen teknika baliatuz amaituko dugu, taldeka istorio labur bat sortzen lagunduko diguna. Tartean, erlaxazio-teknikak landuko ditugu, praktikan, mindfulness teknika erabili eta istorio laburretan murgilduko garelarik. Horiez gain, behaketan oinarritzen den teknika praktikatuko dugu mugimenduan eta espazio irekietan, mugimenduak sormena eragiten duelako.
Non dira aplikagarriak?
Testuinguru akademikoetan, hots, lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetan nahiz unibertsitatean, eta testuinguru ez akademikoetan, bizitzako testuinguru anitzetan aplika daitezke.
Nori dago zuzenduta?
Sormenean eta irudimenean interesatuta dagoen edonori zuzendua dago. Ikasle, irakasle, artista, enpresari eta abar.
Nabarmentzeko zerbait?
Sormena gizakion funtsezko ezaugarria da, bereziak egiten gaituen gaitasuna, eta beste edozein gaitasun bezala, landuz eta praktikatuz garatzen da. Sormena lantzeko, sormena bultzatzen duten testuinguru egokiak behar ditugu, konexioak eragiten dituzten guneak, eta ikastaro honetan hori guztia inplementatzen saiatuko gara.
Sormena boteretsua da, hain da handia, ezen mundua eraldatzeko eta hobetzeko tresna izan daitekeen, hala nola literatura eta beste sormen-ariketa asko.