Araitz Rodriguez: "Belaunaldi ezberdinetako emakume kooperatibistak elkarri entzuten eta elkarrizketan jartzea da helburua"

2023ko ekainaren 19a

Araitz Rodriguez: "Belaunaldi ezberdinetako emakume kooperatibistak elkarri entzuten eta elkarrizketan jartzea da helburua"

"Emakumeak euskal kooperatibismoan" jardunaldia antolatu dute UEUk, Farapik eta Lankik uztailaren 7an, Eibarren. Udako Ikastaroen 51. edizioaren barruan egingo da eta bertan landuko direnez hitz egiteko jo dugu Araitz Rodriguez Gutierrezengana (Bilbo, 1981), jardunaldiko antolatzailearengana. Rodriguez, Oiartzunen bizi den barakaldarra da, Antropologian lizentziatua da (UPV/EHU) eta Emakume eta Gizonen berdintasunaren gaineko Masterra (UPV/EHU) eta Hiri eta Lurralde Antolamenduan espezializazioa (UBA) ditu.

Euskal kooperatibismoan emakumeek izandako papera izango duzue hizpide jardunaldian. Zergatik?

Urte batzuk daramatzagu Gipuzkoa mailako hainbat kooperatibarekin saretuak Olatukoopen bitartez. Eremu honetan murgiltzen joan garen heinean, euskal kooperatibismoaren argi eta ilunak arakatzeko aukera izan dugu. Horren harira, kooperatibismoak eta ekonomia eraldatzailearen esparruan mugitzen ari ginen honetan feminismoaren eta ekonomia feministaren falta sumatzen genuen, diskurtsoetan entzuten zen, baita sumatu ere, baina zertan gauzatzen zen ez genuen oso argi. Farapiren barruan gaia askotan ateratzen zen, hala nola non daude emakumezkoak ekonomia eraldatzailean eta kooperatibismo berri horretan? Feminismotik lan-harremanak eta ekonomia eralda daitezke eta kooperatibismoa eredu interesantea da hori arakatzeko, baina zer egiten da? Zer egin beharko litzateke ekonomia feminista eta kooperatibo batez hitz egiteko?... Horren ondorioz, 2021ean, kezka hauei guztiei forma eman behar geniela erabaki genuen eta 2022an zehar kooperatibismo feministaz ikertzen aritu ginen Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako dirulaguntza bati esker.

Ikerketa horren aitzakiarekin Lankirengana hurbildu ginen eta haiek kooperatibismoaren marko orokorra azaldu ziguten bai eta argi utzi Arrasateko Kooperatiben hastapeneko urteetan gizartearen isla gisa emakumezkoei eskulan zuzenean lan egiteko aukera eskaini zitzaiela, baina lehen belaunaldi haiek ez zirela kooperatibismoan ardura-postuetara iritsi. Aldiz, azkenengo urteetan hainbat proiektu kooperatibotan emakumezkoen protagonismoa, presentzia eta aldarrikapena beste bat da, hau da, kooperatibismo berri bat aldarrikatzen eta praktikatzen ari dela sumatzen da. Hala ere, emakumezkoak euskal kooperatibismoan egon dira, baina haienganako aitortza oso txikia eta lekuan lekukoa izan da. Eta horri lekua egin beharra ikusten genuen.

Lankirekin batera, euskal kooperatibismoan emakumezkoek izan duten paperaren inguruan hausnartzea eta haien zuzeneko testigantzak entzutea bururatu zitzaigun. Ezingo genuke pentsatu gaur egun emergentea izan daitekeen kooperatibismo feminista baten haien aurrekoen berri izan gabe, eta horregatik, elkarrizketan jarri nahi ditugu azken hamarkadetan kooperatibak barrutik bizi izan zituztenen bizipen eta testigantzak gaur egungo kooperatibismo feministarekin.

Kooperatibismoaren historia garaian garaiko emakumeen ahotsetik aberastu nahi duzue. Nork hartuko du parte?

Aberastu eta haiekin batera hausnartu, noski! Oraindik programa ez dago guztiz itxita, beti bezala emakumeen artean “inpostoraren” sindromea handia da eta kostatzen da emakumeak “plazara” animatzea. Momentuz, Alaitz Tolosa Mitxelena, Tailerrakeko kooperatibista; Maria Arretxe, Goiener kooperatibakoa; Ana Revuelta, Artaziak kooperatibakoa; Itsaso Larramendia Ttipikoak eta Orkli eta Eikako emakumeek parte hartuko dute. Baina, beste kooperatiba batzuetan lanean aritutako emakumezkoekin harremanetan gaude eta espero dugu laster honen berri ere eman ahal izatea. Horrez gain, jardunaldiko mahai-inguruak Arianne Kareagak, Eunate Eliok eta Nerea Eliasek bideratuko dituzte.

Zer eman diete emakumeek kooperatibei?

Hori da arakatu nahi duguna! Nik orain nire ustez zer eman diegun aipa diezazuket, behintzat nire belaunaldiari dagokionez. Baina nire aurrekoen esperientziak ez ditugu ezagutzen, ez dakigu zer eskaini zieten kooperatibei, ezta zer baldintzatan eta zeintzuk izan ziren ondorioak ere!. Testigantza horiek haien ahotik entzungo ditugu eta gai eta ertz ezberdinen gainean hausnartuko dugu.

... eta zer kooperatibek emakumeei?

Erantzuna oso antzekoa da, eremu informaletan entzun diegu hainbat emakumeri kontatzen zer ekarri zuen kooperatibetan lan egiteak lan-mundua emakumeentzat abegitsua ez zen garaietan (orain ere ez, baina lehen gutxiago), edo zer eragin zuen etxeko soldatarik altuena izateak ohikoa ez zen garaietan, baita kooperatibetako batzarretara joatearen sentsazioak ere, askok aipatzen dute emakumez osatutako kooperatibetan lan egiten zutela, kooperatibisten gehiengoa emakumezkoak zirela, baina enkargatuak gizonak eta zuzendaritzak gizonez osatuta zeudela, eta abar.

Hoberena izango da kooperatibak zer eskaini zien haiengandik entzutea. Ziur nago deskubrimendu handi bat izango dela haien esperientzietan oinarritutako hausnarketak entzutea eta etorkizunerako gakoak emango dizkigutela.

Zer da jardunaldiarekin lortu nahi duzuena?

Belaunaldi ezberdinetako emakume kooperatibistak elkarri entzuten eta elkarrizketan jartzea da gure helburua. Nondik gatozen eta nora joan nahiko genukeen elkarri entzunez hausnartzea, emergentea den kooperatibismo feminista horretan bidea egiten jarraitzeko geldiune bat egin eta aurrekoek egindakoa jaso, haien testigua hartu eta haiek egindako bidea aitortzea.

Nori dago zuzenduta?

Memoria kooperatiboan interesa izan dezakeenari, lan-harreman kooperatiboetan sakondu nahi duenari, lanaren ikuspegi feministan kuriositatea duenari, ekonomia sozialean aritzen denari... egia esatea nahi baduzu, interesa izan dezakeen ororentzat zuzenduta dago! Espazio polit, atsegin eta goxo bat sortu nahi dugu, gonbidatuak seguru eta eroso sentitzeko eta entzutera eta gurekin hausnartzera datorrenarentzat aberasgarria izan dadila. Denok bertan esperientzia zoragarri bat bizi izanaren sentsazioarekin, harrotasun puntu batekin eta emakume kooperatibistaren identitatea indartuta irtetea lortu nahi dugu.

Jakintza-arloak