"Antzinako zaldien DNAren kontserbazioak markatuko du ikerketa-ildoa norantz enfokatu"

2024ko apirilaren 24a

"Antzinako zaldien DNAren kontserbazioak markatuko du ikerketa-ildoa norantz enfokatu"
Ezkerretik: Oihane Mendizabal Sandonís, Miren Iraeta Orbegozo eta Sofia Marcos Basagoiti

UEUk eta BadaLab-ek Ikerketa-proiektuen I. Deialdia egin zuten 2023ko maiatzeko Ikergazte kongresuan. Ikertzaile gazte euskaldunak elkarlanean jartzea eta euskarazko produkzioa sustatzea ditu helburu eta Euskal Herriko poneyaren jatorria eta ondarea aztertzeko proiektuak irabazi zuen. Proiektuaren atzean daude Miren Iraeta Orbegozo (Ikaztegieta, 1993), Oihane Mendizabal Sandonís (Donostia, 1992) eta Sofia Marcos Basagoiti (Durango, 1995).  Iraetak Biokimika eta Bilogia Molekularreko Gradua du, masterra Bioinformatikan eta doktoregai da Arkeologia eta Arkeogenetikan.  Mendizabalek Historiako Gradua du, Ondare Eraikia Zaharberritzeko, Birgaitzeko eta Kudeatzeko Masterra eta doktoretza Antzinateko Zientzietan.  Marcosek, berriz, Biologiako Gradua du, masterra Analisi Klinikoetan eta doktoretza Biomedikuntza eta Biologian Molekularrean. Ikerketa nola doan jakiteko elkartu gara haiekin.

Hilabete hauetan zer pauso eman dituzue?

Oihane Mendizabal Sandonís. Lehenengo pausoa izan zen ikustea material hori nondik eskuratu genezakeen, zaldi zaharren aztarnak. Ikerketak bi ildo ditu, gaur egungo pottoken eta antzinako zaldien arteko konparaketa hori. Antzinako zaldien kasuan aztarnategietako materialak topatzera joan ginen eta han Aranzadiko Pedro Castaños arkeozoologoaren laguntza izan genuen. Beraren bidez identifikatu ziren antzinako zaldien hezurrak zeintzuk ziren eta zaldi horien hezurren artean bereizi ziren, ahal zen neurrian, zeintzuk ziren zaldi txikiak, pottokekin zerikusia izan zezaketenak, eta zaldi handiak. Behin aukeraketa eginda hezur horiekin laborategira joan ginen Miren eta biok.

Miren Iraeta Orbegozo. EHUko Gasteizko BIOMICs laborategira joan ginen eta han, hezurren kasuan, hezurren sustraiko zementua lagindu genuen, badakigulako han DNA hobeto kontserbatzen dela. Eta hezur luzeen eta metapodioen kasuan, hezur trinkoena lagindu genuen, hor ere DNA hobeto kontserbatzen delako. Iñigo Olalde eta Olatz Moreno teknikarien laguntzarekin, hortz metapodio eta hezur luzeen laginekin 15 tutu prestatu genituen. Lagin horiekin Kopenhagera joan nintzen eta hango laborategian hezurrak birrindu genituen DNA erauzi eta sekuentziatu ahal izateko. Gasteizko zein Kopenhageko prozesua laborategi berezi batzuetan egin da DNAn kutsadura gutxitzeko. Laborategi horiek argi berezi batzuekin daude prestatuta, uhin ultramoreekin, gauero argi horiek pizten dira gainazal guztietan egon daitezkeen DNA zantzuak birrintzeko. Erabili behar dira jantzi berezi batzuk, bi eskularru pare... espazioan zaudela ematen du.

EHUko BIOMICs laborategian

O.M.S. Niretzat beste unibertso baten sartzea izan zen. Laborategi baten ia inoiz egon gabe eta DNA laborategi batean gutxiago. Hor ere ikasi genuen.

M.I.O. Jaso ditugu lehenengo sekuentzia batzuk eta sekuentzia gehiagoren zain gaude. Laborategiko lan horren emaitzaren zain.

Sofia Marcos Basagoiti. Paraleloki, gaur egungo laginak ere behar genituen eta kontaktuan geunden EPOFEko Aitor Iraeta eta Mirari Inzakin; hasteko, haiek pottoken zuhaitz genealogikoa bidali ziguten eta horren bitartez hautatu ahal izan genituen aitona-amona desberdinak zituzten pottokak. Zortea izan dugu; izan ere, hilabete honetan Tolosan eta Azpeitian batu dira hiru urte zituzten pottokak neurtzeko eta baloratzeko, eta egun horiek aprobetxatu ditugu odol-lagin batzuk jasotzeko. Esperientzia oso polita izan da, pottokekin eta pottokazaleekin egon garelako kontaktuan.

Gaur egungo laginen DNA ere erauzi dugu eta laborategiko lanetan gaude orain bertan Leioako María Goyri Zentroan Fernando Rendo eta Andone Estonbarekin. Laborategiko etapa honetan aurrera goaz eta laster iritsiko zaigu lan konputazionala edo ordenagailuko lana.

Zeintzuk izango dira hurrengo urratsak?

M.I.O. Lan konputazionalarekin has gaitezke, orain arte publikatu diren zaldien genomen bilduma bat egin behar dugulako. Antzinako zaldi horien genomak eta gaur egungo genomak bilduko ditugu, gero guk sekuentziatu ditugun zaldi horiek, pottoka horiek, konparatu ahal izateko. Bilduma osatzeko lan horretan has gaitezke. Eta bestalde, laborategiko lanetan ere bagabiltza.

O.M.S. Horrez gain, ez da baztertu, agian, aukerarik badago, lagintzea gaur egungo pottoka gehiago. Zabaldu egingo dugu, dibertsitate handiagoa izateko.

M.I.O. Izan ere, orain arte lagindu ditugun pottokak Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako pottokak izan dira eta bilatzen ari gara ea aukera gehiago dauden. Kontserbazioaren arabera, orain ikusiko dugu DNAren kontserbazioa zein den antzinako laginetan batez ere, hori izaten da zailena, eta horren arabera ikusiko dugu zenbaterainoko sekuentziazio-ahalegina beharko duten antzinako lagin horiek, zenbaterainoko dirua gastatuko dugun antzinako lagin horietan, zenbat geratuko zaigun gaur egungoetarako, zenbat lagin gehiago egin ditzakegun diruarekin ere lotuta dago.

O.M.S. Horrek markatuko du gero zer norabide hartuko duen. Antzinako lagin horien kontserbazioaren arabera, gehiago sakondu antzinakoetan, berriekin... Horrek markatuko du ikerketa-ildoa norantz enfokatu.

Diziplinarteko hiru ikertzaile ari zarete elkarlanean. Nolakoa izaten ari da esperientzia?

S.M.B. Oso polita. Oso interesgarria da bakoitzaren munduan sartzea eta horrelako elkarrizketak izatea. Gure artean batzen ibili gara, binaka... lan-pauso desberdinetarako...

O.M.S. ... eta orain hirurak Euskal Herrian gaudela errazagoa izango da koordinatzeko. Egia da oso aberasgarria dela gu hirurok egotea, baina komentatu dugunez, sare bat dugu atzean. Proiektua sortu zenean, ez zen izan Mirenen edo Sofiaren edo nire harrikada bat, pottokazaleen elkarteak eta zaldien ikerketan ari ziren jende eta ikertzaileek bazuten interesa eta jakin-mina jatorri horretan sakontzeko. Joan garenean ikertzaile edo pottoken mundu horren inguruko jendearekin kontaktatzera beti feedback oso ona izan dugu, laguntzeko prest... albaitariak, arkeozoologoak, laborategietan... erraztasun asko topatu ditugu, eta nahiz eta oso mundu desberdinetakoak izan, bat egin dugu.

M.I.O. Nekazarien partetik ere bai. Gu kalekumeak izanik, pottoken neurketak ikustera azoka edo zezen-plaza hartara hurreratu ginenean asko ikasi genuen; izan ere, pottokarekin berarekin harremana aurretik gutxi izan dugu, eta animaliara gerturatzeko aukera izan dugu.


Hemen duzue bideo-elkarrizketa.

Jakintza-arloak