Ane Larrinaga Renteria: "Gazteen eta politikaren arteko harremana gutxi landutako gaia da Euskal Herrian"
2025ko urtarrilaren 20a

Ikasketa politikoa, parte-hartzea eta aktibismoa gazteen ahotsetan liburua argitaratu berri du UEUrekin Ane Larrinaga Renteriak (Mungia, 1960). Soziologian eta Zientzia Politikoetan doktorea da eta UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasle-lanetan jardun du urte luzez. Bertan Soziologia Politikoa eta Hezkuntzaren Soziologia irakasgaiak landu ditu Ikasketa politikoa, parte-hartzea eta aktibismoa gazteen ahotsetan liburuaren gainerako egileek bezala: Iker Iraola Arretxe, Onintza Odriozola Irizar, Mila Amurrio Velez eta Julen Zabalo Bilbao. Parte Hartuz ikerketa-taldeko kide da eta talde horren jardunaren barnean kokatzen da liburuaren abiaburu den ikerketa kolektiboa. Berarekin izan gara liburuaz hitz egiteko.
Gazteen ikasketa politikoari buruzko liburua argitaratu berri duzue. Nola sortu zen ideia?
Gaiaren hautaketa ulertzeko, gure ikerketa-taldearen ardatzetako batzuk aipatu beharko genituzke: herritarren parte-hartzea, herrigintza eta nazionalismoa, demokrazia, harreman komunitarioak, generoa esparru politikoan... Zuzenean nahiz zeharka, enborrezko gai horien inguruan jarduten dugu. Ildo horretan, ikusi genuen gazteen eta politikaren arteko harremana gutxi landutako gaia dela Euskal Herrian, eta dauden datuak batez ere inkesta bidez sorturiko datu kuantitatiboak direla eta, sarri, lurraldeka sakabanaturik daudela. Orain arte egindakoa osatzeko asmoz, gure asmoa izan da metodologia kualitatiboa oin hartzen duen ikerketa gauzatzea. Horrela, gazteei berei zuzendutako galderak guztiz itxi gabe, modu libreagoan hitz egin dezatela gura izan dugu, beren interes eta esperientzien arabera. Hala ere, baliabide urrien ondorioz, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetara mugatu dugu azterketa.
Gazteei buruzko aurreiritzi eta estereotipoei egin nahi izan diezue aurre. Zer da gazteez pentsatzen den hori gure gizartean?
Soziologiaren ikuspegitik, hizkera arruntean erabiltzen ditugun “gaztaroa”, “gazteria” eta horrelako kontzeptuak eraikuntza sozialak dira. Beraz, arbitrarioak, historikoak eta kontingenteak. Adin-tarte bat partekatu arren, gaztetzat hartzen ditugun pertsonek ez dute talde sozial homogeneoa osatzen, pertsona helduek osatzen ez duten modu berean. Jatorri sozialak, generoak, kultura kapitalak, inguruko tradizio politikoek eta beste aldagai batzuek bereizketak eragiten dituzte haien artean. Bestalde, gazteek ez dituzte ezaugarri berberak partekatu historian zehar ere. Gizarte-eredu eta aro historiko bakoitzean gazteei buruzko irudikapen nagusi jakin batzuk eraiki dira. Gaur egun irudi hegemoniko horiek modu masiboan hedatzen dira, gainera. Ildo horretan, hamarkada gutxitan gazteei itsatsitako errepresentazioak gazte erreboltariaren eta politizatuaren iruditik, gazte apatiko, berekoi eta axolagabearen irudi nagusira igaro dira. Gure ikerketak sen oneko errepresentazio horien atzean ezkutatzen den errealitate konplexua azaleratu nahi izan du.
Gazteei berei eman diezue hitza. Zer gazte-profilengana jo duzue. Zer-nolako datuak jaso gura izan dituzue?
Ikerketa kualitatiboa den arren, kokapen sozial desberdinetan dauden gazteak hautatu ditugu, gazte-diskurtsoetan ahalik eta aniztasun handiena lortzeko asmoz. Hala, lagina osatzeko hainbat aldagai hartu dira aintzat. Lehenik eta behin, gazteek berek beren buruaz egindako definizioak hartu dira abiapuntu: politizatuak eta ez-politizatuak, eta definizio horien atzean dauden bizi-ibilbideak eta inguru sozialak aztertu dira. Gero, kontuan hartu dira adina, generoa, jatorri soziala, bizilekua (hiria/herria/landagunea), kokapen ideologikoa, elkarte, erakunde edo mugimendu mota, hizkuntza eta lurraldea (Hego Euskal Herriko lau lurraldeak). Azkenik, ezaugarri sozial desberdinak dauzkaten gazte horien adierazpenak jaso eta gaur egungo teoria soziologikoen argitan aztertu dira. Soziologian dauden tresna teorikoak eta metodologikoak baliatuta, jakin gura izan dugu aipatu ezaugarriek eta gazteak kokatzen direneko tokiko nahiz munduko gizarte-inguruneek zelan eragiten duten beren ibilbide politikoetan.
Ikerlan horren emaitza eskaintzen zaio irakurleari liburu formatuan?
Bai, hainbat gai-ataletan antolaturiko liburua eskaintzen zaio irakurleari. Besteak beste, aurkezten da zer ulertzen den parte-hartzeaz gaur egun, gazteek —bai politizatuek bai politikaz arduratzen ez direnek— zelan hautematen duten herritartasuna, genero-ordenak beren ikasketa politikoan daukan eragina, nola hautematen duten aktibismoa, zer-nolako praktika digitalak dituzten, eta abar.
Liburu formatuan eman izanak badu sakoneko arrazoi bat. Hain zuzen ere, Parte Hartuz ikerketa-taldeak bi esparrutara bideratzen ditu bere ekarpenak. Alde batetik, nazioarteko gizarte-zientzien arlo zientifikora zuzentzen ditu ikerketen emaitzak, nazioarteko argitalpenen bitartez. Eta, beste alde batetik, euskal gizartera. Izan ere, gure bokazioa da mundu globalari ez ezik, euskal gizarteari ere euskaraz helaraztea hemengo erakunde publiko batean sortutako ezagutza.
Nori zuzentzen zaio liburua?
Batetik, azterketa zientifikoan oinarritutako lana den heinean, mundu akademikoko aditu eta ikasleei. Bestetik, baina, askotariko gazteen adierazpenak jasotzen dituen azterketa denez, gaur egungo gazteen ikusmolde eta bizi-esperientzia politikoei buruzko jakin-mina daukan edonori. Izan ere, gazteen jarrerak eta ikusmolde politikoak gaur egungo euskal gizartearen eta, bereziki, esparru politikoaren egoeraren diagnostikoa egiteko tresnak ere badira. Hartara, publiko zabalarentzat ere interesgarria izan daiteke, dudarik gabe.