Amaia Alberdi Ruiz de Alegria: "Irakasleok elkarrekin hitz egin behar dugu eta kontrabando-espazioak eraiki"
2024ko azaroaren 6a
Txiotesia7 lehiaketan parte hartu zuen Amaia Alberdi Ruiz de Alegriak (Zarautz,1990) "Zein da eskolaren eta hezkuntzaren funtzioa?" ekarpenarekin. Meatze Ingeniari Teknikoko ikasketak egin zituen (energia-baliabide, erregai eta lehergaietan espezializatua) (EHU) bai eta Energia Berriztagarrien Masterra (CEU) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterra (Teknologia espezialitatea) (EHU). Egun, Berrikuntza eta Esku Hartzea Hezkuntzan doktoregoko programako doktoregaia (HUHEZI) da. Bere ikerketaren gainean gehiago jakiteko izan gara berarekin.
Ingeniaritzako ikasketak egin zenituen baina hezkuntzaren arlorako bidea hartu zenuen gero. Zein izan da zure ibilbidea?
Ipuin moduan eta hirugarren pertsonan kontatuko dut kar, kar, kar.
17 urteko Amaia militante ekoanarkofeministak mundua eraldatzeko jomugan energia-subiranotasuna eta energia-iturrien kontrol justua zuen eta, besteak beste, hori ulertzeko abiatu zituen Ingeniaritzako ikasketak. Behin amaituta, Eusko Jaurlaritzako Global Training Beka batekin Perura joan zen energia-eraginkortasunaren bueltan aritzera. Bertan, energia-iturrien espropiazio bidegabearekin, ingeniaritza-mundu patriarkal gordinarekin eta energia-enpresek, euskaldunak barne, zituzten kolonialismo-estrategiekin egin zuen topo. Haserre, Peruko energia-subiranotasunaren aldeko elkarte batean hasi zen boluntario eta, ondoren, lanean. Sareko energia elektrikoa iristen ez zen herrietan aritzen ziren, batez ere eguzki-panel fotovoltaikoak erabiliz, bai etxeetako oinarrizko argiztapena, bai ur-ponpa sistemak garatzen. Instalazio horien kontrola emakumez osatutako lantaldeekin egiten zuten eta elkarrekin pentsatu zuten DBHko ikasleen parte-hartzea ezinbestekoa zela proiektuaren jasangarritasunerako. Horrela, Peruko teknologiako curriculuma aztertzen hasi ziren eta energia elektrikoko instalakuntza sinpleak agertzen ziren garaian beren herrietan zituzten instalakuntzak txertatu zituzten. Horretan zebilela pedagogiaz irakurtzen hasi zen, parte-hartze prozesuez, herriaren hezkuntzaz (Paulo Freireren pedagogía popular ideia) eta 25 urteko Amaia militanteak (oraingoan abizen argi gabe eta galdera askorekin) hezkuntzan jarri zuen mundua eraldatzeko aukeren giltza.
Zein da eskolaren eta hezkuntzaren funtzioa? Gai horixe jarri duzu erdigunean. Nola sortu zen aukera?
Perun lanean hasi nintzenetik galdetu izan diot neure buruari ea zein izan beharko litzatekeen eskolaren eta hezkuntzaren funtzioa. Galdera horrek mende askotako ibilbidea du eta garaian garaiko mundu-ikuskeren arteko disputan erantzun da. Hezkuntza neutroa ez denez eta mundu-ikuskera jakin batzuei erantzuteko antolatzen denez, batez ere hezkuntza formala, aztertzen hasi nintzen ea zein izan zitekeen gure garaiko mundu-ikuskeren disputa. Hainbat autorek ikertua zuten disputa hori nola egikaritzen zen hezkuntzan; alde batetik, pentsamendu neoliberalak barne hartzen dituen ideologia meritokratikoa, indibidualizatzailea, estandarizatzailea, etab. bultzatu izan da 90eko hamarkadatik ia mundu osoan (OCDE, FMI eta abarren gidaritzapean); eta, bestetik, onura komunaren, justizia ekosozialaren aldeko eta eraldaketa kritikoaren hainbat korronte loratu dira erresistentzian, munduan zehar artikulatu izan diren arren, lokalki eraiki direnak askotan. Testuinguru horretan ikusi nahi izan nuen zein gailentzen zen gure hezkuntza-legean, hezkuntza-praktiketan eta irakasleon subjektibotasunean. Horretarako, irakasleon erantzukizun eta konpromiso soziala jarri nuen jomugan eta behatu nahi nuen, besteak beste, ea unibertsitateok proposatzen ditugun Hezkuntza gradu zein masterretan zerbait egin genezakeen bigarren pentsamendua gailentzeko. 2021ean HUHEZIn irakasle nenbilela doktorego-programari aurkeztu nion proposamena. Ordutik gabiltza horren bueltan Ainara Imaz Agirre (HUHEZI), Monike Gezuraga Amundarain (EHU) eta hirurok, bidelagun askorekin batera.
Irakasleen identitateak eragina du irakaskuntzan.
Bai, eta identitateak baino gehiago posizionamenduak. Erantzukizun eta konpromiso sozialaren ulerkeren bueltako literaturaren azterketa batekin hasi genuen ikerketa (hemen lana). Bertan, argi ikusi genuen lehentxeago aipatutako disputa eta hiru lan-lerrotan zentratu ginen: irakasleen prestakuntzan zein ontologia, epistemologia eta ezagutza pedagogikoei jartzen zaien arreta; irakasleok subjektu politiko gisara agentzia eraikitzeko eta praktikan jartzeko ditugun estrategiak, eta lanbidearen ulerkera eta injustiziei erantzuteko gaitasun indibidual edo/eta kolektiboetan. Posizionamendu eta erantzuteko gaitasunak, indibidualak zein kolektiboak, irakasleen identitate eta ekintzetan izugarrizko eragina duela ondorioztatzen gabiltza. Gainera, ikusi dugu hezkuntza-korronte neoliberalek, beste hainbat arlotan egin duten bezala, pedagogia eraldatzaileek erabilitako adierazle askoren adierak aldatzen dabiltzala (askatasuna, umea erdigunean, justizia soziala, autonomia…).
Emaitzetan ikusi duzu politika, praktika eta pentsamendu neoliberal, patriarkal eta kolonialaren eragina hor dagoela.
Lehen Hezkuntzako Graduko 4. mailako 94 irakaslegairekin, Lehen Hezkuntzako Fakultateko 7 irakaslerekin eta Hegoaldean lanean diharduten Lehen Hezkuntzako 32 irakaslerekin aritu gara lanean. Horretaz gain, EAEko Hezkuntza Lege Berria, Nafarroako legea, euskal hezkuntzagintzan muturra sartzen dabiltzan zenbait Think Tank eta abar ere aztertu nahi ditugu. Azken emaitzarik ez dugun arren, kolektibitate eta prozesu guztietan ikusi dugu pentsamendu neoliberal, patriarkal eta koloniala eta erantzukizun eta konpromiso sozialaren eraikuntza indibidualizatu eta indibidualizatzailea, justizia sozialaren ulerkera distortsionatu eta homogeneizatzaileak, eta arazoei kolektiboki erantzuteko estrategia kolektiboen falta. Unibertsitateetan ikusteaz gain, irakasleon formakuntza jarraituan ere zantzuak ikusi ditugu (CurriDigi-ren planteamendua, Berritzegunean egindako aldaketak, etab.). Paradigma honetan irakasle lanbidearen indibidualizazio eta gainzama nabarmena, lanbidearen eraikuntza teknikoa intelektuala baino gehiago, eta irakaslea subjektu politiko gisara posizionatzeko zailtasunak identifikatzen ari gara. Nabarmena ere bada zenbateraino jartzen diren enpresa handien beharrak hezkuntza-curriculuma eraldatzeko aitzakia gisa. Askotan galdetzen diot neure buruari ea zer gertatuko litzatekeen lau maistra joango balira CONFEBASKeko bilera batera eta esan: “Zuen helburu ekonomikoak, fiskalizazio-proposamenak, lan-baldintzak, ingurumen-inpaktua eta abar oso gaizki datozkigu gizartean, eskoletan eta unibertsitateetan eraiki nahi ditugun etorkizun desiragarrietarako, aldatu mesedez”.
Zergatik ez ulertu hezkuntza justizia sozialaren aldeko ondasun moduan? Hori da zure planteamendua. Zergatik eta zertarako?
Donna Haraway-k Staying with the trouble liburuan argi azaltzen du lokatzetan gaudela (bide batez, hemendik deia egin nahiko nuke zein zoragarria izango litzatekeen haren lana itzuli eta euskaraz irakurri eta pentsamendua eraikitzeko aukera izatea). UEUk antolatutako “Pedagogia Konprometituak” jardunaldian partekatu genuen moduan, lokatzetan egotea arazoari aurre egin eta bertan kokatzea da; arazoaren zati zu zeu ere izan zarela jakitun, erantzukizuna hartu eta lokatzetan aritzera konprometitzea, besteekin. Horretaz gain, Haraway-k erantzukizuna erantzuteko gaitasun moduan ulertzen du, hau da, besteekin batera (erantzunkidetasuna) zerbaiten aurrean horri erantzuteko norberak hautematen duen gaitasuna. Azpimarratzekoa ere bada konpromisoak eta erantzukizunak lotura handia dutela, nekez konprometitzen baikara erantzuteko gaitasunik ez dugula uste dugun horrekin.
Nora Salbotxek dioen moduan, hezkuntzagintza komunean, komunarekin eta komunarentzat egin behar dugu, eta ohartu behar dugu, lokatzetan gaudenez, hala ez egiteak injustizien konplizea izatea dakarrela. Hori hala izanik, guri gehiago gustatzen zaigu hezkuntza zerbitzu publiko gisa kokatu beharrean (begirada neoliberalaren eragina da hezkuntza zerbitzu moduan ulertzea), hezkuntza ondasun edo onura publiko eta komun moduan ulertzea, herritik eta herriarentzat. Gurean dugun eskola-segregazio larria, eskola-uztearen maila gizarteko sektore batzuetan, merkatuaren begiradatik eraikitako curriculumak edota kontzertazio-baldintzak problematizatu behar ditugu, elkarrekin. Komuna elkarrekin eraiki behar dela uste dugu eta justizia sozialaren printzipioen arabera egiten ez badugu, injustiziak errotzearen konplize izango gara.
Nola aktibatu irakasleen arteko kolaborazio-estrategiak?
Horixe jakin nahiko nuke nik kar, kar, kar. Ikusi dugunaren arabera, mugimendu sozialetan dabiltzan irakasleek automatikoki egiten dute. Erresistentzian eraikitako jakintzak aktibatzen dituzte sistemaren zirrikituak zabaltzeko eta badakite erantzunak, inpaktua izan dezan, kolektiboa izan behar duela. Horretaz gain, identifikatzen gabiltza irakasleok elkarrekin eraikitzen dugula irakasle-identitatea (ez dela inoiz indibiduala, kolektiboa baizik) eta gure ibilbidean injustiziei aurre egiteko estrategia gehiago dituen irakasle batekin egiten badugu topo, aukera asko daudela gure posizionamendua birgorpuzteko. Horretarako, ordea, irakasleok elkarrekin hitz egin behar dugu eta kontrabando-espazioak eraiki. Lehen esan bezala, hezkuntza-politika neoliberalek lanbidearen indibidualizazio-estrategietan eragin dutenez, elkarrekin egon, pentsatu eta hausnartzeko espazioak instrumentalizatu dira (elkarrekin gaude soilik beste batek ematen duen formakuntza entzuteko, ebaluazio-bilera gogorrak aurrera eramateko, sindikatuak ez dira hautematen hausnarketa-espazio komun gisan…). Horretaz gain, gizarte moduan ezberdin pentsatzen dugunon artean elkarrizketa ez bortitzak izateko gaitasunaren beherakada gertatzen ari delakoan gaude, uste dugun baino antzekoago pentsatzen dugunon artean ere bai. Adriana Puiggrósek dioen moduan, hezkuntza eremu sozial problematikoa da eta problematizatu beharra dago, elkarrekin, elkarrizketa konplexuetan. Bestela, ikusten ari garen moduan, makrokontakizun neoliberalak gailentzen jarraituko du eta ez gara antolatuta egongo horri erantzunkidetasunez erantzuteko.
Txiotesian parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?
Egia esan, aurten arte ez dut jarraitu. Lankide batek gomendatu zidan berari bere tesiaren dibulgazioan laguntzeaz gain, beste batzuk zertan zebiltzan jakiteko balio izan ziolako. Txiotesia garaian Montevideon nengoen tesiko egonaldia egiten eta bertako ikertaldekoek animatu ninduten. Asko kostatu zitzaidan hain karaktere gutxitan zerbait erdi argi azaltzea eta gainera gaiaren bueltako hausnarketa zabaltzea, hori baita niretzat tesiak egin dezakeen ekarpen nagusia. Oso pozik nago parte hartu izanarekin. Olatz Etxebarria Perez de Nanclares, Jon Fernandez Iriondo eta beste hainbaten lanak ezagutzeko aukera oso ona da, elkarrekin harremanetan jarri, elkarren berri izan eta kontrabandoa zabaltzeko.
Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?
Erronka indibiduala tesia amaitzea kar, kar, kar, eta tesiak zerbaitetarako balio izatea. Espero dudana da problematizazioa zabaltzen jarraitzea, ea kolektiboan eraikitzen gabiltzan jakintza honek balio dezakeen kontrabando-espazioak sortzeko, hezkuntzaren inguruko galdera handiak (Zertarako eskola? Zein etorkizunetarako hezten dugu? Zein izan beharko litzateke guretzat?) elkarrekin hausnartu, galdera berriak egin eta disputan elkarrekin posizionatzeko.