Olatz Etxebarria Perez de Nanclares: "Gizartea bezala, hezkuntza-curriculuma ere argiki bitarra da"
2024ko urriaren 16a
Olatz Etxebarria Perez de Nanclaresek (Ondarru,1985) Irakasle Ikasketak egin zituen Heziketa Fisikoko, Ingelesa Atzerriko Hizkuntzako eta Hezkuntza Bereziko aipamenekin. Esku-hartze eta Orientazio Psikopedagogikoan du masterra eta 2024tik da doktorea Psikodidaktika doktore-programan: "Trans identitateak Hezkuntza Sisteman txertatzeko gakoak: kasu azterketa bat. Keys to incorporating trans identities into the Educational System: a case study". 17 urte daramatza irakaskuntzan lanean, hezkuntzaren eremu desberdinetan: heziketa fisikoan, tutore, PT, ingeleseko irakasle, helduentzako hezkuntzan, aholkulari… Euskal Herrian, Texasen, Txinan eta Massachusettsen. Irailaren bukaeran lortu zuen plaza EHUn, Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Didaktika eta Eskola Antolakuntza Sailean. Bere ikerketa-lana modu laburrean azaldu zuen Txiotesia lehiaketan: "Trans identitateak Hezkuntza Sisteman txertatzeko gakoak: Kasu azterketa bat". Orain lan horretaz sakonago hitz egiteko tartea hartu dugu.
Irakasle Ikasketak ikasi eta doktoretza egitea erabaki zenuen gero. Zergatik?
2019an bukatu nuen masterra. Diplomatura, gradua, aipamenak, masterra eta hezkuntzan lanean esperientzia zabala nuen arren, ikasgelan pertsona trans bat izanez gero, ikasle horiei erantzun zuzen bat emateko informazio, formakuntza eta baliabide nahikorik ez nuela sentitzen nuen. Gainera, 2020-2021 ikasturtean, Txina ekialdeko hiri baten, unibertsitate barruan zegoen nazioarteko eskola baten aritu nintzen lanean. Bertan, unibertsitateko irakasleekin harremanak izaten nituen eta haien lanbideaz gehiago ikasi nuen. Ez nekien ikerketak unibertsitateko irakasle-lanbidearen zati garrantzitsu bat hartzen zuenik. Testuinguru horretan, doktoregoa egiteko ideia sortu zitzaidan. Doktore-programa batzuen inguruko informazioa bildu nuen, eta 2021eko urrian eman nion hasiera nire doktorego-tesiari Psikodidaktika doktore-programan. Eta helburua argia zen, neure burua genero-identitatearen inguruan janztea.
Zein da trans errealitatea hezkuntza-sisteman? Horixe aztertu nahi izan duzu.
Zoritxarrez hezkuntzako profesionalok, nik neuk bizi izan dudan bezala, ez dugu genero-identitatearen inguruko informazio, formakuntza eta baliabide nahikorik. Horrek ikasle transen egunerokotasuna asko mugatzen du, kolektibo horrek eskola-giroaren inguruan duen pertzepzioa kaskartuz. Gizartea bezala, hezkuntza-curriculuma ere argiki bitarra da. Txiki-txikitatik inposatzen ditugu sistema bitarrean kokatzen diren gorputzaren inguruko fitxak, baita guztiz estereotipatuta dauden ezaugarriak ere. Zenbatezinak dira egunerokotasunean aurkitu ditzakegun adibideak, eta nola ez, horrek guztiak eragin zuzena du kolektibo horrengan.
Horregatik, oinarri teorikoak finkatzeaz gain, abiapuntua, trans errealitateak hezkuntza-sisteman bizi duen egoera aztertzea izan da.
Azken bost urteetan gaiari buruz ikertu dena bildu duzu. Zer da ikertu dena?
Esan beharra dago gai honen inguruan egiten den ikerketa gehiena ikuspegi mediko/klinikotik egiten dela eta guk argi geneukan geure burua ikuspegi horretatik aldendu nahi genuela. Gure ikerketa gizarte eta hezkuntzaren ikuspegitik egin dugu betiere. Aurrera eraman genuen literatura zientifikoaren berrikuspen sistematikoan aztertutako artikuluetatik, hezkuntza-testuinguruan esanguratsuak diren bost eremu antzeman genituen: Eskola-giroa, Irakasleen formakuntza falta, Igarotzea, Sexu bidez segregatutako espazioak eta Ongizate sozioemozionala.
Ikerketetan atzemandako bost eremu horiei buruz galdetu nahi izan diezu trans pertsonei eta haien familiei.
Bai, bost eremu horiek identifikatu ondoren, hezkuntza-komunitateko kideekin eremu horien inguruan elkarrizketak hasi genituen bai Euskal Herrian, baita Massachusettsen ere. Hiru izan dira elkarrizketatu ditugun taldeak: trans pertsonak (alderdi etikoengatik adinez nagusiak baina eskola-esperientzietan oinarrituta); trans adingabeen gurasoak, hauek ere hezkuntza-komunitateko kide direlako, eta trans ikasleekin esperientzia izan duten irakasleak, nahiz eta azken hoiek doktorego-tesian sartu ezin izan ditugun.
Zer erakutsi dute emaitzek?
Guztiak bat datoz irakasleek genero-identitatearen inguruan informazio eta formakuntza nahikorik ez dutela azpimarratzean. Gainera, irakasleek beren ikasleengan duten indarra ere aipatzen dute, horregatik berebiziko garrantzia duen aspektua da hau.
Igarotzearen inguruan ere bateratasuna dago, momentu eta modu egokirik ez dagoela esaten da; izan ere, pertsona guztiak desberdinak gara eta bakoitzak bere erritmo eta lehentasunak ditu. Hala eta guzti ere, igarotze goiztiarraren onurak goraipatzen dira, igarotzea kasu guztietan positiboa izan baita eta onurak ekarri izan ditu aspektu ezberdinetan.
Pubertaroa baino lehen igarotzearen onurak ere aipatzen dira, gustukoak ez diren bigarren mailako sexu-ezaugarriak garatzeak kalteak sortzen dituelako maila emozionalean batez ere, eta aldi berean, ondorioak positiboagoak izaten direlako.
Sexu bidezko espazio segregatuen aurka azaltzen dira guztiak aho batez. Alternatiba bat proposatzea, ordea, ez da horren lan erraza. Gehienek uste dute segregazio mota hori desegiteak segurtasun-arazorik sortuko ez duela. Hala eta guzti ere, oraingoz, trans pertsonentzat esklusiboa ez den hirugarren aukera bat izan daitekeela aukerarik onena uste dute. Espazio horien inguruko berrantolaketa bat ekarriko duen gizarte-mailako hausnarketaren beharra mahaigaineratzen da.
Eskola-giroari eta ongizate emozionalari dagokienez, gehiengo handi batek eskola-giro zein egoera sozioemozional txarra bizi izan dutela salatu du. Baina badirudi paradigma-aldaketa baten aurrean gaudela; izan ere, inolako arazorik izan ez duten trans pertsonen esperientziak ere bildu ditugu, batez ere gazteenen artean.
Datu hauek kontu handiz baloratu behar ditugu, bai euskal herritarrek bai Massachusettseko elkarrizketatuek beren egoera geopolitikoa dela-eta positiboagoa den salbuespen-egoera bat bizi dutela aitortu baitute.
Gainera, doktorego-tesi honetan barne hartzen diren ahotsen lagina ez da oso plurala, gehienek trans gizonezkoak ordezkatzen dituzte, bitarra ez den pertsona bakarra ordezkatzen da, eta bat izan ezik, beste guztiak pertsona zuriak dira. Jakina da generoa eta arraza bezalako ezaugarriek errealitate oso ezberdinei bide ematen dietela.
Pre-texts deritzon metodologia proposatu duzu. Zertan datza?
Doktorego-tesiaren nazioarteko egonaldia Harvard-eko Unibertsitatean egin nuen. Bertan, Doris Sommer katedradunaren eskutik, Pre-Texts Hezkuntza Protokolo Demokratizatzailearen inguruko formakuntza jaso nuen eta hura inplementatzeko aukera ere izan nuen. Inplementaziotik ikerketa-lanak aurrera eraman genituen.
Hezkuntza-protokolo horren ardatz nagusia hizkuntza eta literatura da, hau da, gaitasun komunikatiboa, eta irakurmena lantzeko tresna paregabea da. Beste bi ardatzak berrikuntza eta elkarbizitza dira eta zehar-lerroak lantzeko aukera bikaina eskaintzen du.
Pre-Texts-ekin ikaslea da bere ikaskuntza-prozesuaren gidari nagusia, motibazioa pizten du, saioen atal nagusian testuetatik artea (bere zabaltasunean) sortzea eskatzen baitzaie. Ikasleen arteko elkarlana bultzatzen du elkarrengandik ikasteko aukera eskainiaz, indibidualtasunetik kolektibotasunera. Ikasleek saio guztietan dute haiek erabakitako gaiez hitz egiteko aukera. Honek guztiak ezberdintasunak errespetatzetik hauetaz gozatzerako jauzi kualitatiboa ahalbidetzen du.
Zeintzuk dira aurrera begirako erronka nagusiak?
Irakasleen eta etorkizuneko irakasleen formakuntza, bai genero-identitateari dagokionez, horretarako sistema bitarretik haratago joatea beharrezkoa izango da, baita ikasle guztien garapen aske eta osoa bermatuko duten metodologiak ikasgeletan txertatzeko ere.
Gizarte-aldaketaren bidean eskola eragile garrantzitsuena da eta proaktiboa izan behar du. Etorkizuneko legegileak, irakasleak, osasuneko profesionalak, politikariak… ikasgelan ditugu momentu hauetan eta hezitzaileon eginbeharra da etorkizuneko gizarte aske eta justuago batera bidea eraikitzen hastea.
Aldarrikapenak soilik zapalduak egin behar ez dituen mezua zabaltzea ere oso garrantzitsua iruditzen zait. Irmoki pentsatzen dut aldarrikapenak pertsona zuria, zis-a eta heterosexuala izateak ematen duen pribilegiotik egin behar direla.
Txiotesian parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?
Sare sozialetan oso aktiboa ez naizela aitortu beharra daukat. Nire doktorego-tesiaren zuzendarietako batek, Rakel Gamito Gomezek, parte hartzera animatu ninduen eta esperientzia polita izan zela esan behar dut. Gainera, horrenbeste denbora eta lan exijitzen duen doktorego-tesi bat laburtzeko erronka interesgarria izan zen.
Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?
Gorago aipatu bezala, trans ikasleekin esperientzia izan duten irakasleen elkarrizketak eginda ditugu, horregatik, gure hurrengo zeregina ahots horiek argitaratzea izango da. Pre-Texts-ekin ere nazioarteko zenbait proiektu martxan ditugu. Horrez gain, generoa eta kirola, intersekzionalitatea, Ikaskuntza Zerbitzua eta etorkizuneko irakasleak eta genero-identitatea barne hartuko dituzten zenbait proiektu aurrera eramatea gustatuko litzaidake.