Ainhoa Latatu: "Buru-mapek buruan duguna ulertzeko eta interpretatzeko aukera ematen digute"

2023ko urriaren 12a

Ainhoa Latatu: "Buru-mapek buruan duguna ulertzeko eta interpretatzeko aukera ematen digute"

"Buru-mapei sarrera: antolaketa eta sormenerako aukerak esploratzen" ikastaroa emango du UEUrekin Ainhoa Latatu Nuñezek (Bilbo, 1973). Bera, Biologian doktorea da eta UEUren GOI Institutuko Irakaskuntza Masterrean irakasle eta ikertzaile. Harekin izan gara.

Buru-mapen erabileran trebatzeko ikastaroa antolatu duzu. Lehenik eta behin, zer dira buru-mapak?

Buru-mapek buruan duguna ulertzeko eta interpretatzeko aukera ematen digute. Edozein maparen antzera, buru-mapak hitzak eta irudiak elkarrekin lotzen dituzten argazkiak dira. Gure pentsamenduari naturaltasunez aritzeko aukera ematen diote, irudien bitartez, bai eta antolaketa espazialean ideiak antolatuz eta sortuz. Gainera, buru-mapak eraikitzeko prozesuak berak badu bere garrantzia, denbora horretan gaiari behar duen arreta eta denbora eskainiz, askoz lanketa sakonago bat egotea baimentzen baitu.

Bisualtasun horrek nola laguntzen dio ideien antolaketari?

Geure buruak ez ditu ideiak kontzeptuekin lotzen berez. Orokorrean, ideia batek geure buruan duen isla irudi bidezkoa da. “Marrubia” esaten badugu, adibidez, inork ez du bere buruan “m-a-r-r-u-b-i-a” hitza idatzita ikusiko, gehienok, fruitu gorri mamitsua izango dugu milisegundo batzuez geure buruan.

Eta gehienetan, ez soilik marrubia bera, agian udaberria etorriko zaigu burura, edo esne-gaina, edo mendiko landare txikiak eta mendi bueltak.

Bisualtasuna berezkoa dugu, ideiak prozesatzeko. Zentzumenek orokorrean gure burmuinean duten islaz ari gara.

Beste maila batera ekarrita, bisualtasunak ere oroitzapenean eragin oso positiboa du. Irudikatuta ikusi duguna birgogoratzea denok bizi izan dugun ariketa bat da. Buru-mapa batean informazioa antolatzerakoan, gerora informazio hori berreskuratzea askoz errazagoa da.

Norberaren egunerokotasunean zein erabilera izan dezakeen ere esploratuko duzue.

Bai, hori da. Tailer honekin erabilera batzuk ikusiko ditugu, baina esperientziak erakutsi digu gerora oso baliagarriak direla ez soilik lanerako edo ikasteko, baizik eta asteburu pasa bat antolatzeko adibidez, talde bateko lana antolatzeko, edo ipuin bat asmatzeko.

Erabilerak askotarikoak izan daitezke, informazioa antolatzeko, elkarlanerako, sormena eragiteko zein aukerak esploratzeko edo erabakiak hartzeko.

Adinari dagokionez, umeentzat oso tresna baliagarria da, adibidez. Ezer antolatu nahi dutenean, ideiak ordenatzeko aukera ematen die, berdin dio asteburuko denbora librea antolatzea, festa bat zein idazki bat. Sormenean ere laguntzen die, eskolarako testu bat asmatu behar badute, adibidez. Eta ikasteko, gai baten inguruko kontzeptuak, datuak.... ordenatzeko, loturak egiteko, eta klasean edo azterketa batean gogoratzeko.

Erabilera asko dauzka. Bilera batean edo hitzaldi batean oharrak hartzeko ere baliagarria izan daiteke, edo testuen laburpenak egiteko...

Tailer moduan diseinatutako ikastaroa da. Zein izango da dinamika?

Lehenik eta behin oinarriak zeintzuk diren ezagutuko dugu. Horretan oinarriturik lehen buru-mapa bat osatuko dugu. Buru-mapak bisualak diren neurrian, saiatuko gara irudiei ere garrantzi berezia ematen, irudi-hiztegi txiki bat egingo dugu eta aplikazioekin jolastuko dugu. Helburua da esperimentatzea, eta esperimentazio horretan oinarrituta, aukerak esploratzea.

Nori dago zuzenduta?

Buru-mapa bat zer den eta zer aukera eskaintzen dituen esploratu nahi duen edonori.

Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?

Mila aukera eskaintzen dituen prozesu honekin disfrutatzeko tarte atsegin bat pasatzea da nire helburua. Erabilgarritasuna berez etorriko da, aukera emanez gero.



Jakintza-arloak