Abel Camacho Romero: "Oso aipatzekoa da UEUk Moodleri eman dion zabalkundea"
2024ko apirilaren 17a
"Mooteu Euskadi 2024. Moodle Erabiltzaileen XVI. Topaketa" egingo da Eibarren datorren apirilaren 26an. UEUk du aurtengo topaketa antolatzeko ardura eta antolaketa-lanetan dabilen batzorde akademikoko kideetako batekin izan gara, Abel Camacho Romerorekin(Santurtzi,1966). Euskal Filologian lizentziatua da eta bera da UEUren online eredu pedagogikoaren egileetako bat. Egun UEUko Talde Eragileko kidea da.
Mooteu Euskadiren 16. edizioa egingo da apirilean. Garrantzitsuak dira izaera honetako topaketak?
Bai, oso garrantzitsuak. Mooteu Euskadi jardunaldian profil ezberdin baina interes bertsuko lagunak bilduko gara eta hori beti izaten da oso aberasgarria. Moodle gure artean zabalduen dagoen LMS edo ikaskuntza kudeatzeko sistema da, eta une honetan, hezkuntza-etapa guztietako irakasleak ari gara erabiltzen. Horren zabalkunde zabalak dakar, ezinbestez, era eta molde guztietako hezkuntza-esperientziak gertatzea han eta hemen. Jakina, Mooteu Euskadiren helburu nagusietako bat da esperientzia horietako batzuk partekatzeko modua eskaintzea.
"Moodle eta e-learninga Euskal Herrian" sarrera-hitzaldia emango duzu. Zein gai jorratuko duzu?
Jardunaldian zehar ibilbide bat proposatu nahi dugu, iraganetik etorkizunera doana, gaur egun ditugun arazoak nahiz esperientziak ere gogoan hartuta.
Horrela, jardunaldiaren sarrera-hitzaldian Euskal Herrian e-learningak historikoki izan duen ibilbide metodologikoa laburbiltzen saiatuko gara. Jakina, garapen horretan Moodlek oso rol garrantzitsua jokatu du, eta tresna den aldetik, urte hauetan izandako garapen teknologikoa aztertuko dugu. Horretarako, ezinbestez, ikasgela birtualaren itzulpenean nahiz esperientzia metodologiko berritzaileetan lagundu duten pertsonak ditugu, eta uste dugu, esker onez edo, horien guztien lana eskertzeko ere baliatu behar dugula hitzaldia
E-learningaren garapen metodologikoa aipatu duzu. Zein da e-learningaren egungo argazkia?
Argazki lausoa dela esango nuke. Alde batetik, gainerako LMSen antzera, Moodle online ikastaroak sortzeko eta emateko helburuz jaio bazen ere, une honetan aurrez aurreko testuinguruetan sarri erabiltzen da. Izan ere, gero eta ugariagoa da irakaskuntza hibridoa, hau da, aurrez aurreko testuingurua eta birtuala bat egiten dituen hezkuntza-moldea. Beste alde batetik, kontu jakina da e-learningaren bilakaera beti egon dela garapen teknologikoaren mendean, eta horri oso estu loturik. Hemendik aurrera badira hainbat aldagai bilakaera hori ikuspuntu teknologikotik baldintza dezaketenak, besteak beste, adimen artifiziala edo ikasteko eta irakasteko ekosistemak. Jakina, Moodle egoera berri horretan birkokatu beharko da, eta e-learningaren alderdi metodologikoan ere behar besteko egokitzapenak egin beharko dira, aurrerapen teknologiko horiek aberasgarriak izan daitezen ikasteko eta irakasteko prozesuetan.
Etorkizunera begira ere jarriko da topaketa eta Adimen Artifizialaren gaia mahai-gainean jarri.
Bai, diozun bezala, jardunaldiaren amaieran hemendik aurrera adimen artifizialak eman dezakeena aztertu edota aurreikusi nahian arituko gara. Mahai-inguru formatua eman diogu azken saio horri, eta hizlariak zein diren ikusita, argi dago oso interesgarria izango dela eztabaida, alderdi teknologikotik zein metodologikotik. Horrez gain, adimen artifizialak sorraraz ditzakeen zalantza etikoak ere jarriko dira mahai-gainean.
Esperientziak partekatzeari ere tartea emango diozue.
Gaur egun era guztietako esperientzia berritzaileak gauzatzen ari dira Euskal Herrian, eta Mooteu Euskadi topagune ezin hobea da horien berri emateko, zeren elkar ezagutzetik eta nork bere proiektuak partekatzetik etor baitaiteke berrikuntza.
Nori dago zuzenduta?
Ikaskuntzarekin eta irakaskuntzarekin interesa duen orori zuzenduta dago. Edizio honetan, gainera, saio bat izango da profil teknikoa dutenei begira, Bertan, Moodleren instalazioan, mantenuan eta eguneraketan ohikoak diren arazo teknikoetako batzuk azalduko dira, bai eta parte-hartzaileei aukera eman ere beren zalantzak eta kezkak plazaratzeko.
UEUk hartuko du aurten testigua, topaketa antolatzen duen 2. aldia da. Zer ekarpen egin dio UEUk Moddleri?
Euskal Herrian UEU izan zen Moodle erabili zuen lehen erakundea, hain zuzen, 2004ko otsailean eskainitako Interneten informazioa aurkitu: non eta nola izeneko ikastaroaren bitartez. Ikastaro hura Luistxo Fernandezek eman zuen eta Moodleren 1.0.8 bertsioan oinarritu zen.
UEUk hasiera hartan lehenbiziko itzulpenean ere lagundu zuen, eta ordutik, etengabe erabili izan du ikasgela birtual hau bere online eskaintzan, bai ikaskuntza formaleko testuinguruan (hainbat graduondokotan eta irakaskuntza-masterrean), bai ikaskuntza ez-formalekoan (profesionalen etengabeko prestakuntzaren esparruan ehunka ikastaro eskaini dira). Oso aipatzekoa da, beraz, UEUk Moodleri eman dion zabalkundea.
Bestela ere, UEU aitzindari eta agente nagusietako bat izan da irakasleen konpetentzia digitalaren garapenerako prestakuntza-ikastaroetan. Gaur egun han eta hemen testuinguru birtualetan ari diren irakasle askok eta askok UEUri esker eskuratu dute prestakuntza teknologikoa eta metodologikoa. Bestela esateko, UEUk ikasle eta irakasle askori online ikastaroak zertan diren irudikatzeko modua eman die, eta hori ez da makala!
Nabarmentzeko zerbait?
Bai, jardunaldi honen biziraupena harrigarria dela; 2007an izan zen lehenbiziko edizioa eta ordutik hona urterik urte antolatu egin da, pandemiaren urtea albo utzita, jakina. Oso harrigarria zeren tresna teknologiko jakin baten inguruan antolatu dira edizio horiek guztiak, Moodlek hezkuntza-jarduera berritzaileak sortzeko eta bultzatzeko daukan ahalmenaren seinale.