38 euskal ikertzailek parte hartu zuten atzo Txiotesia7 lehiaketan
2024ko maiatzaren 15a
38 euskal ikertzailek hartu zuten parte atzo Txiotesia7 lehiaketan. Mastodon eta X/Twitter sare sozialetatik zabaldu zituzten beren ikerketa lanak, euskaraz.
Egunak emandakoak ondorengo datuetan laburtu ditugu:
- 38 ikertzailek hartu dute parte.
- 24 emakume eta 14 gizon.
- 29 doktoregai eta 9 doktore.
- Tesia unibertsitate desberdinetan eginda edo egiten ari dira, besteak beste: UPV/EHU, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Miamiko Unibertsitatea eta Milanoko Politeknikoa.
- Ikertalde hauetako ikertzaileek parte hartu dute, besteak beste: BCAM, Polymat, Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutua, Tecnalia, Parte Hartuz, AFIT, ELEBILAB, Minbiziaren Biologia Molekularra, NOR, Gluten3S, ADIAN, Schumacher Lab, AgeingOn eta Sarcellomics, Intelligent Systems Group, Funimmune laborategia, Monumenta Linguae Vasconum, IKERHEZI, Enedi, Erizaintza eta Osasun Sustapenerako Ikertaldea, Farmaterm, Ikasgaraia, Monumenta Linguae Vasconum, IE2IA, GIKAFIT, GPAC, Zooplanktonaren ikertaldea, Ikasgaraia, Computational Electromagnetics Lab...
- Parte hartzaileen %68a berria izan da lehiaketan.
- Tesien jakintza esparrua zabala izan da, besteak beste: Soziologia, Antropologia, Genetika, Bioteknologia, Itzulpengintza, Hizkuntzalaritza, Kimika, Biologia molekularra, Ingeniaritza mekaneikoa, Ingeniaritza Informatikoa, Hezkuntza, Kirola, Erizaintza, Fisika, Zuzenbidea, Biologia, Informazio- eta Komunikazio-zientziak...
Atzoko egunak eman zuena "Txiotesia" ataleko Txiotesia7 gunean duzue bilduta.
Gogoratu maiatzaren 30eko Sari banaketa ekitaldian emango dela irabazleen berri, Eibarren (18.00). Epaimahaiak ebatziko du nortzuk diren edizio honetako Ikertzaile ulergarriena eta Ikertzaile originalena. Gainera, hiru ikergazte gonbidatu ere izango ditugu: Miren Iraeta Orbegozo, Oihane Mendizabal Sandonís eta Sofia Marcos Basagoiti. Elkarlanean ari dira Euskal Herriko pottokaren jatorria eta ondarea aztertzen, eta beraien esperientzia ekarriko dute saiora.
Eskerrik asko eta zorte on parte-hartzaile guztiei!