Epaimahaia ere prest Txiotesia7 lehiaketarako

2024ko maiatzaren 9a

Epaimahaia ere prest Txiotesia7 lehiaketarako
Goian, ezkerretik hasita: Olatz Perez de Viñaspre Garralda, Jone Mitxelena Sanchez, Bitor Alonso Fradua. Behean: Maite Luengo Aguirre eta Galder Gonzalez Larrañaga.



Txiotesia7
lehiaketa egingo da datorren asteartean, maiatzaren 14an. Euskal ikertzaile euskaldunek beren ikerlanak X/Twitter edo Mastodon sare sozialak erabilita zabaldu beharko dituzte goizeko 9.00etatik 21.00etara bitartean.

Erronka aldez aurretik zehaztutako arauak jarraituta egingo dute eta parte-hartzaile guztien artean aukeratuko dira bi irabazleak: Ikertzaile ulergarriena eta Ikertzaile originalena.

Horiek izendatzeko ardura izango du bost kidek osatutako epaimahaiak. Hemen aurtengo boskotea:

  • Bitor Alonso Fradua (Mundaka, 1983): Kazetaritzan lizentziatua da (EHU). Komunikazio politiko eta enpresarialean du masterra (Camilo Jose Cela unibertsitatea) eta Komunikazioan da doktorea (EHU). Gaur egun EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako komunikazio-arduraduna da. Txiotesia lehiaketako 5. eta 6. edizioetako parte-hartzailea ere bada.
  • Galder Gonzalez Larrañaga (Barakaldo, 1982): Geologia ikasi zuen EHUn eta Primatologia Bartzelonako Unibertsitatean. "Euskal Pentsamendu Kritikoa XX. eta XXI. mendean" masterraz gain, UEUren "Humanitate Digitalen aditu titulua" ere egin du. Dibulgatzailea eta wikilaria da eta gaur egun doktoregaia da EHUko Filosofia Fakultatean.
  • Maite Luengo Aguirre (Arrigorriaga, 1995): Artearen Historian doktorea da eta EHUko Arte Ederren Fakultateko irakaslea. Euskal Herriko arte garaikidea ikertzen du genero-ikuspuntutik. UEUko Talde Eragileko kidea da eta Txiotesia lehiaketako 5. eta 6. edizioetako parte-hartzailea ere bada.
  • Jone Mitxelena Sanchez (Barakaldo, 1985): Biokimikan lizentziatua da (EHU) eta Biologia Molekularrean eta Biomedikuntzan da doktorea (EHU). Ikerbasque Ikertzailea da Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia sailean (EHU).
  • Olatz Perez de Viñaspre Garralda (Gasteiz, 1987): Informatikaria eta Hizkuntzaren Azterketan eta Prozesamenduan doktorea da. EHUko irakasle eta ikertzailea eta UEUkidea da. Txiotesia lehiaketako 1., 3. eta 4. edizioetako parte-hartzailea ere bada.

Animatu eta parte-hartu!