Nazionalismoa eta Kultura. Entseguak eta iruzkinak Euskal Herriaren alde
UPV/EHUrekin koedizioan argitaratua
Badira bi urte lagun
on batek iradoki zidala liburu berri bat argitaratzea han eta hemen
sakabanatuta ditudan testuekin bilduma bat osatuz. Eskertu nion oharra, baina
urtebetean lanpetuta ibili nintzen beste hamaika beharlekutan eta ezin izan
nuen ezer egin. Duela hilabete batzuk, ordea, berriz ere heldu nion gaiari eta
oinarrizko aurkibide bat osatu nuen. Testuak biltzeko orduan, jakina, guztien
kopia digitalak eskuratzea eta formatu bakarrera pasatzea zen lehen erronka.
Egin ahala ideiak argituz joan ziren, hasierako aurkibideari beste bizpahiru
testu gehitu nizkion eta liburuaren taxua berez nabarmendu zitzaidan buruan. Emaitza
esku artean duzuena da.
Lau ataletan banatu
dut liburua, testuen gaien arabera. Laurak daude estuki lotuak elkarren artean,
zeren era berean gai beraren sail desberdinak dira. Gai nagusi hori, jakina,
nazionalismoa da, edo abertzaletasuna beste batzuk esango luketen bezala. Gauza
bera ote da hitz bien bidez adierazten dena? Bai eta ez. Zalantzak izan ditut
liburu honen izenburuan bata ala bestea paratzeko orduan; azkenean,
edonorakoena jarri dut, hots, gure artean (hemendik kanpo ez bezala) adierarik
zabalena eta ez-markatuena duena. Kasu, hala ere! Liburu honetan ez naiz batere
arduratzen esplikatzen zer den nazionalismoa; bestelakoa da nire asmoa, ordea:
nazionalismo zehatz hau, hori edo hura nolakoa den zehaztea. Hori da, dudarik
gabe, liburu honen gakoa.
Pruden Gartziari egindako elkarrizketa irakurri
Nazionalismoa eta Kultura. Entseguak eta iruzkinak Euskal Herriaren alde liburuaren booktrailerra
HITZAURREA
I. NAZIONALISMO ESPAINOLA
1. Nazionalismo espainiarrari buruzko zenbait ohar: Ortega y Gasset eta Azaña [1988]
2. Espainia eta mairuak: gorrotoaren kontakizuna [1994]
3. Ama eta aberria ezin dira aukeratu [2013]
4. Menéndez Pidal eta Espainia metafisikoa [2020]
II. ETA
1. Mitoaren funtzio politikoaz: Sorel-en exegesi bat: Bortxari buruzko hausnarketak (1908) [1991]
2. ETAri begira Kronstadt-etik: Emilio Lopez Adan-en Biolentzia politikoaren memoriak (2014) [2015]
3. Borroka armatuaren epika: Piarres Larzabal-en Nere Mendixkatik: Apez bat ETAko gudariez mintzo (1999) [2017]
III. EUSKAL INTELEKTUALAK
1. Txillardegi, Kundera etorri duk hitaz galdezka [2004]
2. Euskal Unibertsitatea: Jokin Zaitegi eta Koldo Mitxelena [2014]
3. Txillardegi eta Orixe, euskara batua zertan den: euskara urbanoa [2018]
IV. EUSKARAREN SALBAMENDUA
1. Euskara, nazionalismoaren ahulezia historikoa? [1993]
2. Olentzero, non zaude? Gogoeta bat Iruña-Veleiari buruz [2006]
3. San Ignazioren martxa-ren aroa. Zirriborroa euskara batuaren historia intelektualaz [2018]
4. Joxe Azurmendi, Arantzazuko pentsalaria [2020]
V. AZKEN HITZA