“Nik gure herriaren historia ulertu nahi dut eta horretarako definizio metafisikoek ez didate balio”
2020ko azaroaren 2a
Pruden Gartzia Isastiren “Nazionalismoa eta Kultura. Entseguak eta iruzkinak Euskal Herriaren alde” liburua argitaratu du UEUk UPV/EHUrekin koedizioan.
Izenburuan nazionalismoa edo abertzaletasuna jarri zalantzan egon zarela esan duzu... Zergatik nazionalismoa?
Ez dut kontu horren gaineko ezagutza zabalik, baina behin baino gehiagotan entzun izan diot lagun atzerritarrei “nazionalismo” hitzak ospe txarra duela Espainiatik kanpo, eta “abertzaletasuna”-k, ordea, ona. Suposatzen dut kultura anglosaxoi global eta omnipresentearen ondorio bat dela, ingelesez, nonbait, jende askok, inkontzienteki, “nationalism” Hitlerrekin eta nazismoarekin lotzen du eta “patriotism”, ordea, Estatu Batuen independentzia-gerrarekin, hots, askatasunarekin; frantsesez, nonbait, antzera da, “patriotisme”-ak balio positibo bat dauka, Errepublikaren sorrerarekin eta, modu lauso batean, askatasunarekin lotzen dena.
Ondorioz, gurean ere Bernardo Atxagak, aspaldi-aspaldi saiakera bat idatzi (edo itzuli? Edo itzulpena argitaratu? Ez dut ondo gogoratzen) zuen ildo hori gure artean zabaldu nahian, Georges Orwellen beste saiakera entzutetsu bati erreferentzia eginez... Nire iritzia da, ordea, bi terminoek kontzeptu berberari egiten diotela erreferentzia eta bata edo bestea erabili norberaren tradizio intelektualaren ondorioa baino ezin daitekeela izan; eta Atxagaren saioaren balioa gorabehera, gure usadio arruntean “abertzaletasuna” termino kargatua dela (zentzu positibo edo negatiboan), “nazionalismoa” baino askoz ere gehiago. Gure inguruko gaztelanian ere, oraintsu arte “patriotismo” oso termino kargatua izan da, guztiz negatiboa berrogei urteko frankismoaren ondorioz; eta azken urte hauetan baino ez dira hasi progre ezkertiar batzuk hori berreskuratzeko ahaleginetan, arrakasta biziki mugatuarekin, ordea.
Geroak erranen, esaten dute Zuberoan, baina gaur-gaurkoz eta hemen, esango nuke terminorik arruntena eta ez-markatuena “nazionalismoa” dela, eta horretxegatik hautatu dut.
Nazionalismoa definitzea, hala ere ez da zure asmoa...
Errakuntza bat da, beste barik. Sarritan azpimarratu izan du Joxe Azurmendik gure tradizio kulturala katolikoa dela hezurretaraino; hots, absolutista eta definizio metafisikoei emana; alegia, edozein arazoren aurrean lehenengo eta behin defini dezagun zehazki kontzeptua, eta, ondoren, zer den ona eta zer txarra garbi dugularik, has gaitezen eskumikuen makina martxan jartzen... Baina nik ez dut inor eskumikatu nahi, ordea. Nik gure herriaren historia ulertu nahi dut eta horretarako definizio metafisikoek ez didate balio, askoz ere praktikoagoa da aspektu zehatzak esplikatzen saiatzea. Liburu honetan horretan ahalegintzen naiz. Emaitza, ziur aski, oso mugatua da, baina hori da nik egin dezakedana, besterik ez.
Euskal Herriaren alde. Hori argi utzi nahi izan duzu...
Aurrekoaren ondorio bat da, funtsean. Ni ez naiz zientzialari orojakile bat, ezagutza biziki mugatua dut eta leku eta garai zehatz batetik idazten dut. Tira, beste modu batean esanda, intelektual espainol eta frantses askoren artean hain tipikoak eta topikoak izaten diren unibertsaltasun-deiak nire ustez barregarriak dira gehienetan: zintzoagoa eta apalagoa da mota horretako juzguak irakurleen esku uztea, beraiek esango dute zuk idatzi duzun hori baliagarria den edo ez, non eta zertarako. Eta, badaezpada, nahiago izan dut nire jarrera garbi utzi, izenburutik hasita.
Han eta hemen sakabanatutako testuak bildu dituzu liburuan. Zaharrena orain hogeita hamahiru urte idatzia. Zer da liburuan aurkituko duguna? Zerk bultzatu zaitu lanok biltzera?
Ez dakit, benetan, zergatik idazten dudan idazten dudana. Gaztea nintzenean izan nuen karrera akademiko bat egiteko anbizioa eta horretan saiatu nintzen hainbat urtez; testurik zaharrenak ildo horretan idatzitakoak dira. Baina ez nuen lortu posturik unibertsitatean; eta, denboraren poderioz, alde batera utzi nuen langintza zail hori. Hala ere, segitu nuen irakurtzen, galdetzen, hausnartzen... eta nire pentsamenduak lagunekin konpartitzen. Idazle askok esaten dute barne-bulkada baten eraginez idazten dutela, tripak jaten dizkizun harra dela idatzi-beharra; nire kasuan ere berdin da, baina testu literarioak idatzi beharrean, nire irakurketen gaineko hausnarketak idazten ditut, eta nire inguruko euskaldunengan pentsatzen dut idaztean. Nik nire mundua ulertu nahi dut eta horretarako idatzi beharra daukat, hori da liburu honetan irakurleak aurkituko duena, hausnarketa sorta bat.
Euskal kulturak pisu handia du liburuan...
Bai, sarritan pentsatu izan dut euskaldunok agian ez genukeela baliozko ezer galduko euskara botako bagenu sastarretara... Gabriel Arestirentzat pentsamendu hori obsesiboa da sarritan, hots, zergatik tematzen garen munduari kontra egiten euskaraz bizi nahi horretan. Orain, adibidez, gogora etortzen zait haren poema bat, Kapitain Pilotu, Oskorrik musikatu zuena. Bada, Arestik bezala, nik ere ez dut kontua oso ondo ulertzen, baina euskaldun bizi nahi dut, hori da guztia. Edo bihotzak dio, kantatu zuen Iparragirrek. Ez dakit.
Dena den, pauso bat gehiago emanda, esan beharko nuke, agian, horregatik saiatzen naizela euskal kulturaz ikertzen eta hausnartzen; ziur aski nire bihotz euskaltzale txikia ulertzeko ahalegin luze bat besterik ez dela euskal idazleen testuak irakurtzea eta haien gainean hausnartzea.
Unibertsitatea.net atariko Txoroen untzia blogean ere argitaratzen dituzu zure gogoetak. Bost urte hauetako esperientzia nolakoa izan da?
Askatasuna gauza ederra da, eta blog horrek nahi dudana nahi dudanean eta nahi dudan bezala idazteko eta argitaratzeko aukera eman dit, lasterketa akademikoaz edo inoren iritziaz batere-batere arduratu gabe. Zoragarria da.