Hilekoaren zikloaren eragina ultra-distantziako korrikalarietan Emakume korrikalariek hilekoaren eraginari buruz dituzten uste, sinesmen, aurreiritzi edo pertzepzioen azterketa
Sarrera. Azken urteotan, gora egin du kirola egiten duten emakumeen kopuruak, baita maila profesionalean ere. Hilekoaren zikloa emakumezkoen erritmo biologiko garrantzitsuenetariko bat da, erritmo zirkadianoarekin batera. Agerian geratu da gizonezkoen eta emakumezkoen arteko desberdintasun anatomiko eta fisiologikoen inguruan dagoen ezjakintasuna. Hori dela eta, hilekoaren zikloak kirol-errendimenduan daukan eragina aztertu nahi izan dugu ultra distantziako korrikalarietan.
Helburuak. Helburu nagusia hilekoaren zikloaren eragin subjektiboa aztertzea da, kirol-errendimenduari dagokionez, ultra distantziako korrikalarietan.
Material eta metodoak. Behaketazko ikerketa deskriptibo bat burutu dugu. Lehen zatian bibliografia-azterketa bat egin da. Jarraian, galdetegi-inkesta bat sortu da. Galdetegi hori “Ehunmilak” lasterketa multzoaren 2022ko edizioan parte hartu duten emakume korrikalariei helarazi zaie haien erantzunak jasotzeko.
Emaitzak. Eskuragarri dagoen bibliografiaren arabera, hilekoaren zikloaren fase desberdinetan errendimenduan gerta daitezkeen aldaketak subjektiboak dira, eta aldakortasun indibidual handia dago. Orokorrean, ez dago kalitatezko ebidentzia zientifikorik hilekoaren zikloak kirolarien errendimenduan eragina duela esaten duenik. Galdetegia 46 emakumek bete zuten, eta hilekoaren zikloak beren kirol-errendimenduan eragina duen galdetzean, 35 emakumezkok (% 76,1) baiezkoa erantzun zuten. Eragin hori objektiboki, entrenamendu eta lasterketetako emaitzetan oinarrituta, nolakoa zen galdetzean, 23 emakumek erantzun zuten (% 50) hilekoarekin daudenean beren errendimendua baxuagoa dela. Anti-sorgailu hormonalen erabiltzaileen eta ez-erabiltzaileen artean ez da desberdintasun nabarmenik aurkitu errendimendu subjektiboari eta objektiboari dagokienez.
Ondorioak. Ultra distantziako korrikalarien proportzio handi batek esaten du haien errendimenduari hilekoaren zikloaren zenbait fasek erasaten diotela. Hala ere, gaur egun arte dagoen bibliografiak ez du hipotesi hau babesten. Beharrezkoa da ildo honetatik ikertzen jarraitzea.
Aldizkari honetako artikuluak deskargatzeko webgunean login egin behar da:
Sartu