"Garrantzitsua iruditzen zaigu kirol-errendimenduaren inguruko ikerketetan emakumea erdigunean jartzea"
2024ko urriaren 9a
"Hilekoaren zikloaren eragina ultra-distantziako korrikalarietan: Emakume korrikalariek hilekoaren eraginari buruz dituzten uste, sinesmen, aurreiritzi edo pertzepzioen azterketa" argitaratu dute Osagaiz aldizkarian Haritz Esnal Amundarainek (Aia, 1981) eta Saioa Martinez de Lahidalga Azkuek (Getaria, 1995). Haritz, Medikuntzan lizentziatua da, komunitate- eta familia-mediku espezializatua eta larrialdietako mediku espezializatua. EHUko Medikuntza Fakultateko irakaslea da Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa Sailean. Erronka Kirol Medikuntzako medikua ere bada. Saioa, Medikuntzan graduatua da eta Komunitate eta Familia Medikuntzako mediku egoiliarra. Erronka Kirol Medikuntzako medikua ere bada. Haiekin izan gara Osagaiz aldizkarian argitaratutako ikerketaren gainean gehiago jakiteko.
Hilekoaren zikloak ultra-distantziako korrikalarietan duen eragina aztertu nahi izan duzue. Zergatik jarri duzue gaia erdigunean?
Haritz: Lehendik ere, Ehunmilak Ultra Traileko antolakuntzak erraztasunak eskaini izan dizkigu gorakada nabarmena izaten ari den kirol honen inguruan ikerketak egiteko. Kirolaria erdigunean jarri eta haientzat mesedegarri izan daitekeen edozertarako eskua luzatzen digute beti. Aurrez beste alor batzuk landu bagenituen ere, oraingoan, protagonista emakumea izatea nahi genuen. Eta, zergatik hileroko zikloa? Urte batean irabazle suertatu zen emakumeak hauxe esan zigulako: “Aralar erdian hilerokoa hasi zait”. Eta hala ere, falta zitzaizkion 70 km-ak lasterketa-buruan egin zituen.
Saioa: Erritmo zirkadianoaren ondoren, hileroko zikloa erritmo biologiko garrantzitsuenetako bat da. Azken urteetan, emakumezkoengan propioa den ziklo honek kirolean izan dezakeen eraginak jakin-mina piztu du. Garrantzitsua iruditzen zaigu kirol-errendimenduaren inguruko ikerketetan emakumea erdigunean jartzea.
Gaiaren gaineko bibliografian hutsune nabaria aurkitu duzue.
Haritz: Mendi-lasterketen mundua nahiko berria da, nahiz eta azken urteetan gorakada nabarmena izaten ari den. Ezer gutxi dago iraupen luzeko mendi-lasterketen munduan ikertuta. Ideia, teoria eta uste asko daude, baina benetako ikerketen falta nabarmena da.
Iraupen luzeko kiroletan, gehien ikertu dena triatloia izan da. Iron Man distantziako lasterketek 8-12 ordu inguru iraun dezakete, eta dauden ikerketa apurrak horren inguruan egin dira. Hala ere, ez pentsa horiek ere lagin handiak dituztenik.
Hortaz, oro har gaiaren inguruan ikerketa oso gutxi izanda, hileroko zikloa eta iraupen luzeko lasterketen inguruko ikerketarik ez dugu topatu.
Saioa: Are, gai honen inguruan dagoen ebidentzia eztabaidagarria da. Horregatik da garrantzitsua horrelako ikerketak egitea.
Korrikalarientzako galdetegia prestatu zenuten. Zer informazio jaso nahi zenuten?
Haritz eta Saioa: Jarduera fisikoaren eta kirol-errendimenduaren inguruko ebidentzia zientifikoa gizonezkoengan egindako ikerketetan oinarrituta dago. Era horretan, haien neurrira eraiki eta definitu dira ariketa aerobikoa, atalase anaerobikoa, indar-ariketak, etab.
Entrenatzaileek eta/edo prestatzaileek egutegi bat proposatzen dutenean, emakumearen egoera hormonalak egunerokotasunean duen eragina aintzat hartzea garrantzitsua da, egunerokotasunean eragina duen moduan, kirol-jardueran ere eragina izan dezakeelako.
Zenbaitetan, kirolariek berek ere ez dakite hileroko zikloak nola eragiten duen beren kirol-jardueran, eta, beraz, garrantzitsua iruditzen zitzaigun kirolariei berei galdetu eta sintoma edo/eta sentsazio ezberdinen erregistroa egitea.
46 emakumek parte hartu zuten. Zer erakutsi dute erantzunek?
Galdetegia 46 emakumek bete zuten, eta hileroko zikloak beren kirol-errendimenduan eragin subjektiborik duen galdetzean, % 76,1ek baiezkoa erantzun zuten. Eragin hori objektiboki, entrenamendu eta lasterketetako emaitzetan oinarrituta, nolakoa zen galdetzean, erdiek, hau da % 50ek, hilerokoarekin daudenean beren errendimendua baxuagoa zela erantzun zuten.
Hilerokoak eragindako sintomen inguruan galdetuta, sintoma nagusien artean, puztuta egotearen sentsazioa (% 73,9), nekea (% 47,8), dismenorrea (% 47,8) eta gehiegizko gosea (% 45,6) nabarmentzen ziren. Aipagarriak dira, halaber, min muskularra eta ahultasuna (% 36,9), irritabilitatea (% 28,3), aknea (% 21,7), bizkarreko mina (% 34,8) eta asaldura digestiboak (% 19,6). Hotzeria, lokartzea eta hipotentsioa proportzio askoz baxuagoan agertu ziren. Minaren tratamendu farmakologikoari dagokionez, 16 emakumek (% 34,7) dismenorrearen kontrolerako farmakoak erabiltzen zituztela erantzun zuten.
Gaia ikertzeko beharra dago... Zein da erronka nagusia?
Saioa: Esan bezala, erritmo biologiko garrantzitsuenetako bat da hileroko zikloarena. Erronka nagusia emakumea erdigunean jartzea dela esango genuke. Orain artean, gizonezkoengan egindako ikerketen emaitzak estrapolatu izan dira emakumezkoen fisiologia ulertzeko. Geroz eta zehatzagoa den kirol-errendimenduaren mundu honetan, eta batez ere dena geroz eta doituago dugun honetan, garrantzitsua iruditzen zaigu, gutxienez, gaia plazaratu eta honen inguruan hausnartzea. Emakume kirolarien proportzioak gora egin duen neurri berean egin beharko lukete gora haiengan egiten diren ikerketek, kalitatezko metodologia eta ikerketa-lagin handiagoak erabiliz. Kirolean, emakumeek asko dute egiteko oraindik, eta ikerketa-munduan asko dago egiteke. Gure hondar-alea jarri nahi izan dugu.
Osagaiz aldizkarian argitaratu dituzue ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?
Saioa: Horrelako ikerketa bat egin ondoren, garrantzitsua da halaber, plazaratu eta ebidentzia eskuragarri jartzea, gaia ikertzen duen hurrengoak oinarri edo erreferentziak izan ditzan. Gainera, zientzia ez dela hizkuntza jakin batzuetan soilik egiten eta euskaraz ere ikertu daitekeela erakusteko balio digu Osagaizek. Ezinbestekoak iruditzen zaizkigu, beraz, horrelako plataformak.