Ione Zuloaga Muxika

Izena: Ione
Abizenak: Zuloaga Muxika
Ikasketak: Historian Graduatua. Historia Garaikidean espezializatua.
Jaioterria eta urtea: Donostia, 1995

Aranzadi Zientzia Elkarteko Oroimen Historikoko Taldeko historialaria. 2017an Historian graduatua, ordutik, Oroimen Historikoan zenbait ikerketa egin ditu, horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitatean Historia Garaikideko masterra egin zuen. 2014tik Aranzadi Zientzia Elkartearen zenbait indusketatan parte hartu du boluntario bezala: Saseta Defentsa-Sistema, Amaiurko gaztelua, Zalduako erromatar galtzada eta Irulegiko gaztelua, besteak beste. Gradu eta Master amaierako ikerketa lanetan Gerra eta diktadura frankistako emakume errepresaliatuak izan ditu oinarri eta gaur egun bere ikerketa lerro nagusia da; 2020tik EHUn Doktoratua egiten dihardu Gipuzkoako emakume errepresaliatuei buruz. Hari horretatik tiraka, 2023an “1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak: Gipuzkoako kasua” liburua argitaratu zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aranzadik egindako hitzarmenaren emaitza izan zena.

Gaur egun, Tokiko Oroimen Historikoko eta Gertuko Oroimeneko zein bi garai hauetako eremu orokorreko zenbait ikerketetan lanean ere ari da. Ikerketa horietako batzuk liburu formatuan argitaratu ditu: Alegia 1936-1945, Getaria 1936-1945, Zegama 1936-1945 eta Zestoa 1936-1945. Gazteei gai hauek gerturatzearren Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Kultura Eskola programan ere parte hartzen du.