“Zigor penalaz gain, soziala eta indibiduala ere ezartzen zaie emakume espetxeratuei”
2019ko azaroaren 26a
“Argi-izpiak txarrantxen artean. 14 begirada kartzela feminismotik birpentsatzeko” liburua argitaratu dute UEUrekin Oihana Etxebarrieta Legrandek, Maria Ruiz Torradok eta Laura Vara Jimenezek. Gaur egunean, aktibismotik zein akademiatik, emakume espetxeratuek bizitzen dutena azaleratu nahi duten ikerlanen bilduma bat da liburua.
“Ikusezina den espetxe-sistemaren barnean, ikusezinagoak egiten ditugu oraindik emakumeak”. Ikusezina den hori ikustarazten duen lana da zuena, baina zerk eraman zaituzte lan honetara?
Liburuko egileok espetxearen gaineko analisi feminista modu indibidualean edo talde txikietan hasi genuen, bakoitzak bere lan edo eragite esparrutik hutsune bat ikusten genuelako; ez baitzegoen lan gehiegirik espetxearen gaineko analisi kritiko feministarekin, are gutxiago euskaraz. Urte hauetan guztietan elkar ezagutzen ibili gara, elkarrengandik ikasten, eta liburu honen asmoa gure lanak elkarrizketan jartzea izan da.
Katia Reimberg Castello Branco brasildarrak idatzi du aitzinsolasa. Erreferentzien beharra izaten jarraitzen dugula dio Reimbergek...
Bai, ados gaude. Horretxegatik egin dugu azken urteetan egindako hainbat lanen bilduma. Hauek ez dira ezerezetik sortu; denboran zehar kartzelaren inguruan garatzen joan den jakintza teoriko eta praktikotik edan dute, baita ikasketa feminista eta generokoetatik ere. Zentzu honetan, liburu hau erreferenteak ezagutzeko eta sortzen jarraitzeko tresna izan daitekeela pentsatzen dugu.
Dolores Julianoren “Excluidas y marginales” liburua aipatzen du Reimbergek erreferentzia legez eta Juliano berak idatzi du epilogoa. Besteak beste, dio, espetxean emakumeak bi aldiz epaitu eta zigortzen dituztela delitu beragatik. Emakumeei dagokien rola bete ez izana zigortzen da...
Dolores Juliano erreferente handi horietako bat da, eta guretzako ohore bat izan da berak epilogoa idaztea. Beste egile batzuekin batera, Julianok oso ongi azaldu izan du bere ibilbide profesional osoan, genero rolek eta estereotipoek nola baldintzatzen dituzten emakume delitugile eta espetxeratuen bizipenak. Emakume on, ama on, zaintzaile on… rolarekin apurtu izana ere zigortzen da, egindako arau haustearekin batera. Zigor penalaz gain, soziala eta indibiduala ere ezartzen zaie.
Maria, zuk "Kartzela genero-erakunde bezala: bereizkeriak, erresistentziak eta agentzia Euskal Herrian espetxeratutako emakumeen artean" liburuaren harira aipatzen zenuen “espetxealdia emakumeentzat erabat sexista, androzentrikoa eta diskriminatzailea izanda ere, egon badaudela emakume presoek sortu eta gauzatutako erresistentzia-praktikak”. Zeintzuk dira erresistentzia praktika horiek? Zergatik da garrantzitsua hauek azaleratzea?
Espetxe-sistemari buruzko lan askotan emakume presoak subjektu pasibo moduan irudikatu izan dira. Kartzela-sistema diskriminatzaile, androzentriko eta sexistan, bereizkeriak jasaten dituzten biktimak besterik ez balira bezala. Baina Dolores Julianok eta beste ikertzaile feminista batzuek argi erakutsi duten bezala, ez dago arrazoirik pentsatzeko menpekoak diren subjektuek edo zapalkuntza jasaten dutenek ez dutenik ezer egiten egoera horri aurre egiteko, egoera iraultzeko edo bere posizioa pixka bat hobetzeko. Niri garrantzitsua iruditzen zait emakume presoen agentzia azaleratzea; espetxealdiko bizipena betiere hertsatzailea, mugatzailea eta gogorra izanda ere, emakume horiek euren egunerokotasunean gauza asko egiten dituztelako kartzela-sistemari aurre egiteko. Nire ustez, ahalegin horiek baloratu eta mahai-gaineratu behar dira, eta emakume presoak subjektu aktiboak direla erakutsi. Askotariko erresistentziak gauzatzen dituzte: euren arteko elkartasun-sareak eta adiskidetasun-harremanak garrantzitsuak dira sostengu emozional zein ekonomikorako; gabezia material eta ekonomikoei aurre egiteko elkartruke-sare handiak antolatzen dituzte; sormena eta idazketa erabiltzen dute gorabehera emozionalei aurre egiteko... Gure bildumako hainbat kapitulutan horrelako erresistentzia-praktikak aztertzen dira.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideen senide emakumeez idatzi duzu zuk, Oihana. Estereotipoa mahaigaineratu beharraz ari zara. Euskal Penelopeak ez daude Ulisesen zain...
Askotan, subjektu pasibo bat balira bezala irudikatu izan ditugu preso politikoen senideak, bereziki emakumeak. Iruditegi kolektibo kulturaletik hasita, presoaren askatasunaren zain dauden pertsonak direla irudikatu izan da. Baina ez da hala, agentzia politikoa duten pertsonak dira, zaintza lan ezinbestekoak burutzen dituztenak. Zaintzaren gaineko analisi feminista, eta bizitza erdigunean kokatu behar dugula esaten ari garen honetan, gure historiari ikuspegi honetatik nolako lana eskaini zaion aztertu behar dugu, balioan jarri. Aldi berean, hau egitearen “derrigortasunaz”, aukeratzeko kapazitate ezaz… ere hausnartu beharko genuke. Rolek eta estereotipoek gure bizipenetan eta gure praktika politikoetan duten eragina ikusarazi behar dugu, problematizatu eta mahai gainean jarri.
Denetara 14 begirada bildu dituzue espetxeaz, feminismotik. Zein eratako begiradak dira?
Liburua lau ataletan antolatuta dago. Lehenak emakume espetxeratuen diskriminazioa iraun arazteko egun dagoen sistemaren analisia egiten du. Zigor-botereak, maila sinboliko zein materialean, botere patriarkalarekin duen lotura ikusarazten dute lan kolektibo baten, Patricia Zamoranok, Garazi Lizasok, Paz Francesek eta Diana Restrepok. Bigarrenean, kartzela sistemaren baitan dauden pertsonen gorputz zein harremanek erresistentziarako dituzten mekanismoak agerian jartzen dira. Espetxe sistemaren aurrean, presoen agentzia eta haien egoeran eragiteko duten gaitasuna azpimarratzen dituzte Maria Ruizek, Estibaliz de Miguelek, Ines Herrerok eta beste talde lan batek. Hirugarrenean, euskal gatazkaren testuinguruan kokatzen gaituzte Olatz Dañobeitiak, Iratxe Retolazak, Oier Azkarragak eta Oihana Etxebarrietak. Amaitzeko, emakume presoekin zuzenean lanean dauden profesionalen ekarpenak daude ADAP eta Salhaketa Nafarroaren eskutik.