Yolanda Olasagarre: "Irakasleek adimen-gaitasun handiko ikasleak ikustea lortu nahi dut ikastaroarekin"

2023ko martxoaren 16a

Yolanda Olasagarre: "Irakasleek adimen-gaitasun handiko ikasleak ikustea lortu nahi dut ikastaroarekin"

"Eskola arreta adimen gaitasun handiko ikasleei" ikastaroa antolatu du UEUk Eibarren, Markeskoa Jauregian, apirilaren 22tik maiatzaren 13ra. Yolanda Olasagarre (1966) izango da irakaslea, bera, Soziologia eta Zientzia Politikoetan lizentziatua da, adimen-gaitasun handiko haurreetan aditua da eta EIBZko irakaslea.

Detekzioan hutsunea dago? Zerk zailtzen du detekzioa?

Bai, datuek horrela erakusten dute, hutsunea dagoela. Estatistikoki pentsa daitekeen baino askoz ikasle gutxiago daude detektatuta, eta gainera, neskato gutxiago mutikoak baino. Detekzioa zerk zailtzen duen edo horretarako oztopoak non dauden erantzutea konplikatua da. Nire esperientziatik esango nuke irakasleen formazio falta dagoela hor, baina arazoak eta oztopoak beste toki batzuetan daudela. Horietako bat da irakasleen laguntza-zentroetan aholkularitza eskaintzen ari diren aholkularien formazio falta. Bestetik, usteek eta mito okerrek ere ez dute laguntzen eta zaila egiten zaigu ikasle horiek ikustea. Gainera, azken urte hauetan egiten ari diren esku-hartzeak eta proposamenak ere ez dira asko zabaltzen eta konpartitzen.

Zeintzuk dira dauden mito eta uste okerrak?

Batetik, hasiera batean pentsatzen da adimen gaitasun handiko ikasleek dena dakitela eta ez zaiela ezer irakatsi behar. Orduan irakasleak ikusten badu ikasle horrek zerbait ez dakiela, gaitasun handiko ikaslea ez dela pentsatzen du. Eta hori, uste oker bat da eta irakaskuntzari begira kalte handia egiten du. Ikasle hauei, besteei bezala, irakatsi egin behar zaie. Gauza asko askoz azkarrago ikasiko dituzte baina irakaslea beharrezkoa da eta laguntza beharrezkoa dute. Bestetik, irudi aldetik, batzuetan komunikabideetan zabaltzen diren irudiek ez dute asko laguntzen, azken finean jarraitzen dugulako pentsatzen ikastunak direla, dena oso ondo eta bikain egiten dutela... Baina gauzak ez dira horrela beti, kolektibo heterogeneoa da eta ezagutza behar da mito horiek deuseztatzeko.

Zer ezaugarri dituzte adimen-gaitasun handiko ikasleek?

Izaskun Etxebarria Aizpuru gaia asko sakondu duen aditua da eta berak nabarmentzen dituen ezaugarrietako batzuk aipatuko nituzke: gauzak eta mundua, oso modu globalean ulertzen dituzte eta ez zatika. Mundua zentzumen guztiekin ulertzen dute eta askotan besteok ikusten ez ditugun gauzak ikusi eta beste era batera ulertzen dituzte. Umore-sena dute, eta horrek, batzuetan, arazoak sorrarazten dizkie ikaskideekin. Jakin-min handia dute, gauzen zergatia jakin nahi dute, ez dira lehen erantzunarekin pozik geratzen, eta horrek, arauekiko erresistentzia eragiten die. Eta sentikortasun handia dute, oso barruraino sentitzen dute.

Nolakoa behar luke arreta egoki batek eskolaren barruan?

Ez da erraza galdera horri labur erantzutea. Ikasle oso desberdinak ditugu gaitasun handikoen izen horren barruan. Lehenik eta behin, arreta behar dute gainerako ikasle guztiek bezala. Horrek esan nahi du batzuetan egin beharko dela nahiko planteamendu landua eta zehatza, eta beste batzuetan, agian, nahikoa izan daitekeela irakasleak ikaslearen berezitasunak kontuan hartzea eta begirada aldatzea: etxeko lanetan, eskolan egin behar dituen zereginetan... Bestetik, arretak, integrala izan behar du eta horrek hiru arlo lantzea eskatuko du: alderdi kognitibo intelektuala, arreta sozio-emozionala eta justiziarekiko eta etikarekiko duten sentiberatasunaren inguruko lanketa.

Zeintzuk dira oztopo nagusiak?

Ikasle hauei erantzuteko oztopo nagusiak detekzioan eta arreta eskaintzeko proposamenetan dauden hutsuneak dira. Nik ikusi dudanaren arabera, badago zenbait estamenturen borondate falta. Eta ez nuke esango estamentu horiek irakasleak direnik. Nire esperientziatik irakasleek nahiko jarrera egokia dute, azken finean prestakuntzarekin beren ikuspegia aldatzen dute eta gai dira erantzun batzuk emateko, baldin eta behar duten laguntza badute. Oztopoa ez dago hor, oztopoa beste nonbaiten dago.

Eskolaren eta gurasoen arteko elkarlana ere bultzatu nahiko zenuke....

Gure seme-alabak modu egokian hazi eta hezi nahi baditugu zalantzarik gabe bi eragileek elkarrekin aritu behar dute. Gurasook seme-alabak eskolan uzten ditugunean eskolan jartzen dugu gure konfiantza, eta eskolak gurasoen babesa badu, askoz emaitza hobeak lortuko dira eta hazteko eta hezteko prozesua hobeki joango da.

Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleei zuzendutako ikastaroa da, baina zer helbururekin? Zer lortu nahiko zenuke?

Irakasleen aliantza lortu nahiko nuke, irakasleak ikasle hauek ikustea, jakitea gai hau oso aztertua dagoela eta irakaslea beharrezkoa dela ikasle hauei laguntzeko. Gauza batzuk ondo bideratuta ikasle aliatuak izan daitezkeela gela barruan, eta ikasle hauek, zaindu beharreko harribitxiak direla. Hori ulertarazi nahi diet irakasleei. Noski, baita haiei arreta eskaintzeko tresnak eman ere, zer egin behar ez den adieraztea eta urrats txikiak ematen joatea ere bai.

Jakintza-arloak