Xuban Diez Izagirre: "GeoGebra aplikazioa hezkuntzako edozein etapatan erabil dezakegun software matematiko dinamikoa da"

2025ko urtarrilaren 23a

Xuban Diez Izagirre: "GeoGebra aplikazioa hezkuntzako edozein etapatan erabil dezakegun software matematiko dinamikoa da"

"GeoGebra Matematikaren ikaskuntzan" ikastaroa emango du UEUrekin online Xuban Diez Izagirrek (Azpeitia, 1993). Matematikan doktorea da Diez eta ikastaroaren gainean hitz egiteko izan gara berarekin.

GeoGebra aplikazioan jarriko duzu fokua. Zertan datza?

GeoGebra aplikazioa hezkuntzako edozein etapatan erabil dezakegun software matematiko dinamikoa da. Matematikaren eta, oro har, Zientzien irakaskuntza-ikaskuntza prozesua dinamizatzeko eta ikaskuntza autonomoa bultzatzeko erabil dezakegun baliabide didaktiko indartsuenetariko bat da. Software librea eta erabilerraza izateaz gain, kodea erabiltzaile ez-komertzialentzat eskuragarri dagoela azpimarratuko nuke.

Baliabide didaktiko indartsua bilakatu dela diozu. Zeintzuk dira haren erabilerak?

Erabilerak askotarikoak dira, baina irakaskuntzari dagokionez, garrantzitsuena eduki digital interaktiboak sortzeko eskaintzen digun aukera zabala da. Horri esker, arbeleko adibide estatikoek sor ditzaketen ideia alternatiboak edo kontzeptu bat adibide bakar batekin lotzea ekiditeko erabil dezakegu. Azken finean, ikasgelan lantzen ari garen eduki teorikoen adibide sorta zabala ikasleen eskura jartzeko aukera ematen digu, bai irakasleak ilustrazio modura erabiltzeko, baita ikasleen esplorazio aktibo bat bultzatzeko ere.

Zer abantaila eskaintzen ditu?

Batetik, hizkuntza, euskaraz lan egiteko aukera eskaintzen baitigu. Bestetik, lehen aipatu dudan bezala, software librea da, eta haren interfazea intuitiboa eta erabilerraza da. Horrez gain, beste aplikazio batzuekin alderatuta, duen abantaila nabarmenetako bat da GeoGebra komunitatea. Webgunea milioika erabiltzaileko komunitate internazionala da, eta GeoGebra erabiltzaile orok sortutako edukiak modu librean partekatzeko aukera ematen du. Horrek irakaslearen prestakuntza-lana asko errazten du, eta ikastaroan GeoGebra eduki digitalak sortzen eta bakoitzaren beharretara egokitzen ikasiko dugu.

Aplikazioan trebatzea izango da ikastaroaren helburua. Zein da planteamendua?

Online formatuan eskainiko da ikastaroa eta lau asteetan zehar lau ikasgai landuko dira. Hasierako helburua softwarearen erabileran trebatzea da, eta, horretarako, GeoGebrak eskaintzen dituen baliabide eta tresnak erabiliko ditugu. Hainbat gai landuko dira: geometria 2D eta 3D, funtzio-analisia, estatistika eta probabilitate-kalkulua. Behin eduki digitalen sorkuntzan trebatuta, partaide bakoitzak azken produktuan bere ikasgelan erabiltzeko GeoGebra liburua prestatuko du.

Nori dago zuzenduta?

Ikastaroa Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko irakasleei zuzenduta dago, batez ere, ikastaroan zehar landuko diren gaien proposamena eta adibideengatik. Hala ere, hezkuntzako edozein etapatan aplika dezakegun tresna bat denez, ez diogu inori aterik itxi nahi. Adibidez, nik neuk unibertsitateko lehen mailako irakasgaietan ere erabili izan dut.

Nabarmentzeko zerbait?

Ikastaroan parte hartzeko zalantzan daudenei zuzentzea gustatuko litzaidake. GeoGebrarekin bizi izan dudan nire esperientzia pertsonala partekatu nahi dut. MatematikakoGradua egiten nenbilela GeoGebra beti iruditu zitzaidan nahiko baliabide sinplea eta erabilera gutxikoa. Hala ere, irakaskuntzan hasi nintzeneanhareneraginkortasunari buruzko ebidentzia zientifikoek bultzatuta aukera bat eman nion, eta denborarekinharenpotentziala deskubritu nuen. Gaur egun, irakaskuntza-material dinamikoa sortzeko tresnarik indartsuenetako bat dela iruditzen zait, eta nire esperientzia eta ezagutza zuekin partekatzeko prest nago.

Jakintza-arloak