Uxue Fernandez Lasa: "Emakume pilotarien nahi, behar eta egoerak euren ahotsean jaso eta kontatzea presazkoa bezain beharrezkoa iruditzen zait"

2025eko apirilaren 2a

Uxue Fernandez Lasa: "Emakume pilotarien nahi, behar eta egoerak euren ahotsean jaso eta kontatzea presazkoa bezain beharrezkoa iruditzen zait"

Emakume pilotarien errealitatea aztertu zuen bere doktorego-tesian Uxue Fernandez Lasa (Urretxu, 1984) EHUko irakasle eta ikertzaileak: "Emakume pilotariak: izaera, bizipen eta sentipenak" (2014). Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan da doktorea eta GIKAFIT eta "AKTIBOki" ikertaldeetako kidea ere bada. UEUkidea da, Uztaro aldizkarian parte hartu du eta baita Ikerl(h)ari bideopodcastean. Harekin izan gara.

Ohikoa ez den bidea egin zenuen zuk. Ikerketaren munduak eraman zintuen ondoren unibertsitatera.

Hain ohikoa ez dena, behintzat, bai, hala esango nuke. Oro har, gaur egun, behintzat, zenbait ikaslek badute buruan gradua amaitu eta unibertsitate-irakasle bihurtu nahi dutela. Horretarako doktorego-bidea egin behar da, baina ni ez ninduen era horretako anbizioak jarri ikerketa-bidean. Uste dut erraza dirudiela kanpotik unibertsitateko ibilbidea egiteak, baina atzeko lana eta baldintzak ertz askokoak dira egonkortzeko bidean. Ni iaz egonkortu nintzen, 14 urteren ondoren.

Betidanik egin izan dut kirola, genero-diskriminazioa nire baitan jasan dut momentu, era eta espazio askotan, eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren “Emakumea Pilotari” proiektuko teknikari izan nintzen 2007tik 2010era eta federatu-lizentziadun pilotari ere bai 2005etik 2010era. Han bizi izan genituen eta entzuten genituen hainbat gairen inguruan neuzkan ezinegon eta jakin-minari erantzuteko hasi nuen doktoregoa, emakume pilotarien egoeraren berri jakin eta, hein batean, mahaigaineratzeko barruko bulkadari jarraikiz.

Doktorego-tesia amaitzean unibertsitatean hasteko aukera heldu zitzaidan 2014an eta hemen nabil gaur egun, bidean, urratsez urrats jarduera fisiko eta kirol-munduko hainbat errealitate ikusgarriago egin nahian.

Euskal Herriko emakume pilotarien errealitatea jarri nahi izan zenuen erdigunean. Non jarri zenuen fokua?

Doktorego-tesian “Emakumea Pilotari” egitasmoaren harira antolatzen ziren aisialdiko ikastaroetako errealitatea —Gipuzkoan 17 talde izan ziren abian une batean arduradun-teknikarien gidaritzapean— eta federatu-lizentziarekin Euskal Herriko lurraldeetan lehiatzen ziren edo aurretik lehiatu ziren emakumeen errealitatea izan zen ardatz nagusia.

Erraketisten inguruan Olatz Gonzalez Abrisketa antropologoak egin du ikerketaren bat, baina nik une hartako egoera nolakoa zen ikertu nahi nuen, 1990eko hamarkadaren hasieran berriz ere emakumeak federazioen aterkipean lehiatzen hasi zirenetik hurrengo bi hamarkada eta erdian zer garapen eta errealitate zuten aztertu nahi izan nuen, ez baitzegoen euskal pilotan emakumeen esperientzia zuzenean jasotzen zuen lanik eginda. Gainera, Gipuzkoan “Emakumea Pilotari” egitasmoa gori-gori zegoen garai horretan eta ekarri zuen euskal pilotaren gorakada bat aurrez gainbehera zihoan emakumeen parte-hartzeari zegokionez. Beraz, zer zegoen aztertu eta deskribatu nahi izan nuen, lehen mugarri bat jarri.

Testuingurua bertatik bertara ezagutu nahi izan zenuen. Zein izan zen metodologia?

Metodologia kualitatiboa erabili nuen, erabat.

Aisialdiko emakumeen errealitatea aztertzeko etnografia-lana egin nuen (behaketa parte-hartzailea, eztabaida-taldeak eta elkarrizketak) eta elkarrizketa sakonak federatuen arlokoekin. Dokumentu-analisia ere egin nuen.

Hiru herritan bederatzi hilabetez astero emakumeen paleta-ikastaroetan parte hartu nuen eta elkarrizketa informal asko izan genituen epe hartan. Guztira, 40 elkarrizketatik gora egin nituen emakume pilotariekin bi ataletakoak gehituta, euren esperientzien, esanahien zein aukera eta oztopoen berri euren ahotsean jasotzeko.

Datu kopuru handia bildu nuen, 1.000 orri dauzkat idatzita emaitzetan transkripzio eta oharrak batuta, oso handia, herena baino gutxiago argitaratuko nuen tesian, baina amaiera bat behar zuen lan hark.

Zer erakutsi zuten emaitzek?

Emaitzetan informazioa hiru ardatz nagusitan antolatu zen: emakume pilotarien identitateak eta horien sorrera nahiz garapena, harreman-sareen eta komunitatearen indarra, eta ardura zein eginbeharrek pilotariengan zuten eragina.

Emakume pilotariekin eginiko azterlanean ondorioztatu zen euskal pilotako eredua androzentrikoa dela, emakume pilotariek identitate propioa eraikitzen dutela (identitate kolektibo partekatu bat, hain zuzen), pilotako jarduna askatasun-unea dela emakumeentzat («euren momentua»), eta emakume pilotariak ikusezinak direla, ez baitira bultzatu, babestu eta nabarmentzen.

Uste dut oraindik ere indarrean direla emaitza horiek, egia esan, ez baita aldaketa handirik gertatu ardatz horietan.

Zertan da gaur egungo emakume pilotarien egoera?

Tesiak 10 urte pasa ditu dagoeneko eta urte asko dira horiek. Uste dut, beharko litzatekeela ikerketa-lan haren eguneratze bat. Izan ere, esango nuke aldaketa nabaria izan dela zenbait kontutan. Bereziki, gaur egun federazioetan eskaintzen diren lehiaketa-egutegietako espezialitateak asko ugaritu dira, zesta-puntan, esku-pilotan, pala-paletako espezialitateetan, xarean eta joko zuzenetan joka dezakete emakume pilotariek egun. Nik pala-paletako emakumeak bakarrik nituen tesian aztergai, gomazko paletan eta pala zabalean bakarrik joka zitekeelako lehiaketa-esparru ofizialetan. Horrez gain, aisialdiko bestelako txapelketa edo lehiaketa herrikoietan ere ugaritu dira emakumeak, edo emakumeentzako edo emakumeek ere parte har dezaketen txapelketa herrikoiak, behintzat.

Bestalde, ordea, uste dut kopuruz ez direla jokalariak gehitu, lehengo diskriminazio-egoerak makillatuago baina berdin ari direla erreproduzitzen, eta aisialdiko ikastaroak eta “Emakumea Pilotari” hankaz gora joan ziren administrazio publikoek “Emakumea Pilotari” egitasmorako ziren iturriak itxi zituztenean. Kontua da, orain, dirulaguntza horiek ia esklusiboki, zesta-puntako kasuan txapelketa konkreturen bat salbuetsita, esku-pilotara bideratzen direla emakumeetan. Baina ez sustatzera eta nesketan hasi eta ibilbidea osatzeko proiektuetara, oro har, nagusien txapelketetara baizik, nagusiki. Horren erakusgarri da Emakume Master Cup, adibidez, edo Ados Pilota elkartea sortu izana, besteak beste. Argi daukat zatituago daudela emakume pilotariak, indarrak banatuago eta desorekatuta daudela administrazio publikoekiko harremanetan eta beste interes batzuk dituztenak, gizonak gehienak, ari direla ikusgarritasun neurtua lortu duen horretan onuradun nagusiak izaten, baita ekonomikoki ere. ETBk noren partidak eskaintzen ditu, adibidez, noiz eta zergatik? Master Cup-ekoak soilik edo gizonen txapelketen oso amaieran bi jardunaldiko txapelketa batekoak zesta-puntan.

Dena den, honek denak analisi pausatuago eta sakonago bat behar du, emakume pilotarien nahi, behar eta egoerak euren ahotsean jaso eta kontatzea presazkoa bezain beharrezkoa iruditzen zait eta, gaur-gaurkoz, pena da inor ez datorrela atzetik beste mugarri batzuk jarri eta emakumeen egoera zientziatik nahiz akademiatik ere aztertzera.

Zeintzuk dira eman beharreko urratsak?

Uste dut emakume pilotarien artean komunikazioa hobetu, aliantzak landu eta eurek hartu beharko luketela lidergoa, ondoren, zer dagoen zintzotasunez aztertu ahal izateko. Gu laguntzeko prest geundeke lanketa horretan, baina zubiak eraiki behar dira lehenago, orain jasotzen dutena egonkortu ezean, laster atzera egin baitaiteke emakume pilotarien errealitatean. Orain hamar urte zaila zirudien “Emakumea Pilotari” egitasmoan Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa ia batere laguntzarik gabe geratuko zela irudikatzeak, udal eta Foru Aldundiaren babesean sortu baitzen.

Emakume* eta sexu-genero ardatzetan minorizatutako pertsonen inguruko jarduera fisiko eta kirol-jardueraren testuinguruko ikerketa sozialean ia dena dago oraindik ere ikertzeko gure herrian. Bereziki, ardatz kualitatiboan eta errealitate horietan eraldaketarako asmoz eginez gero. Bada zeri heldu, egia esan, oso eremu androzentriko, maskulinizatu eta heterosexuala da.

Beraz, uste dut pertsona ezberdinen bizipenak eta esperientziak jaso egin behar direla lehenengo, aisialdiko esparruan ere bai, dena errendimendukoen emaitzak hobetzera edo osasunean gaitzen prebentziorako estrategietara bideratu gabe, zer errealitate dagoen ezagutu zientziaren bidez, eta ondoren pentsatu beharko da ea deserosotasunak edota aliantzak non sortu aurrerapausoak eman daitezen gizarte ekitatiboago batera bidean, baita jarduera fisiko eta kirol-esparruko eredu zisheteropatriarkala arrakalatzeko ere. Zoritxarrez, une honetan nahiko nekatuta nago zuzentasun politiko eta zuriketa more zein arrosekin, ez direlako kontuak errotik aldatzeko egiten egiten diren proposamen asko eta kupoak betetzetik harago doazen oso proposamen gutxi daudelako.

Kritikoa naiz, erakunde publiko ezberdinekin elkarlanean aritu izan gara ikerketa-proiektu ezberdinetan azken urteetan, eta, kasualitatez (kausalitatez) genero-ikuspegiko eta emakumeen zein sexu-aniztasunaren arloan minorizatuak dauden pertsonen inguruko ikerketetan une honetan egiten ari ginena ez dutela babestuko, momentuz, esan digute baliabideak eten dituztela atal horietan. Dena den, erresistentzia egitea ere bada ikertzaileon betebeharra eta ari gara beste ikerketa-lan batzuetan zirrikituak ireki nahian, eta finantzaketarik ezak dena asko zailtzen badu ere, jarraituko dugu gure txikian eragin asmotan, gure jarduna, beste asko bezala, eraldaketarako langai ere badela sinistuta.

Ikerl(h)ari bideopodcastean ikusi zintugun. Garrantzitsua da ikertzaileei ahotsa ematea?

Bai, oso. Uste dut ezezaguna dela ikertzaileon lana eta jendartetik urrun xamar geratzen dela, ez bazara harrabots handiko zentro eta ikerketa-programa bateko parte. Eta gu, ez gaude ardatz horretan, oso gutxi dira zaku horretan kabitzen direnak.

Akademia-sisteman lanak argitaratzea eskatzen zaigu, eta horren arabera ebaluatzen dute gure karrera, baina ez dira ohiko dibulgazio-aldizkariak eta ez da herritarrengana iristen, ezta parte-hartzaileengana ere kasu asko eta askotan. Horrek ez du lanaren nondik norakoa hurbiltzea errazten.

Ni saiatzen naiz euskal hedabideetara edo Uztaro moduko aldizkarietara, militantziaz, urtero zerbait bidaltzen euskaraz argitara dadin, sinisten dudalako euskal komunitate zientifikoa elikatzea ere badagokigula, baina inguruko askok ez dute hala sentitzen ez jokatzen.

Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?

Orain arteko bideari eustea, jarduera fisiko eta kirol-arloko errealitateak aztertzen saiatzea ikerketan pertsonen errealitateak euren eskutik ezagutuz, bai emakumeen zein genero-ikuspegiko lanekin eta baita sexu-aniztasunaren ardatzean ere. Gainera, bereziki, aisialdian zer gertatzen den aztertzea interesatzen zait, hain antolatuak ez diren esparruetan egiten duelako zerbait, egiten badu, biztanleriaren % 90ek, ez errendimendukoan. Eta baita gorputz-heziketako ildoan ikertzea ere, ikasle denek pasatu beharreko esperientziak daudelako hor eta askorentzat ondoren jarduera fisikorik eta kirol-jarduerarik ez egiteko edo gorrotatzeko esperientzia oso negatiboak dakartzalako egun oraindik ere eremu horretan nagusi den errendimenduaren eta abilezia teknikoaren balioespenak.

Beste esparru batean, irakasle ere banaizenez, gure ikasleei errealitate hauen berri ematea ere garrantzitsua dela uste dut, genero-ikuspegian heztea eta sexu-bortizkeriak lantzea, adibidez, graduan, bestela ikusezin egiten jarraituko baitugu sistemako hautsak harrotu gabe.

UEUREN EGITASMO HAUETAN ERE PARTE HARTU DU

Ikerl(h)ari bideopodcasta, "Generoa" atala (2024)

Jakintza-arloak