Uxoa Iñurrieta Urmeneta: "Hizkuntza-teknologietan askoz ere hizkuntza handiagoen pareko tresnak dauzkagu"
2024ko maiatzaren 21a

"Euskara eta Digitalitatea" graduondokoa eskainiko du datorren ikasturtean UEUren GOI Institutuak. Uxoa Iñurrieta Urmeneta (Donostia, 1990) da graduondokoaren zuzendaria. Itzulpengintzan lizentziatua da, Hizkuntzalaritza Konputazionalean doktorea eta GOI Institutuko irakaslea eta ikertzailea 2020tik. Harekin izan gara graduondokoaz hitz egiteko.
Graduondoko hau bide berri baten hasiera da UEUrentzat eta GOI Institutuarentzat.
Bai, bide berri baten hasiera da apustu bat egin dugulako GOI ikastegiaren eskaintza akademikoa zabaltzeko eta datorren ikasturtean bi graduondoko berri aterako ditugulako. Bata da "Euskara eta digitalitatea" eta bestea Hezkidetzaren ingurukoa. Bide berri baten hasiera eta espero dugu bide luze eta interesgarria izango dela eta gogotsu gaude nora eramango gaituen ikusteko.
Beste hizkuntza gutxitu batzuekin alderatuta, euskararena ezohikoa kasua dela diozu. Zergatik? Zein da argazkia?
Bai, ezohiko kasu bat dela diogu euskara hizkuntza gutxitua delako, milioi bat hiztun hortxe-hortxe dauzkalako eta ezaugarri horiek dauzkaten beste hizkuntzekin alderatuta gure presentzia teknologia digitalen alorrean "nahiko handia" delako. Horrek ez du esan nahi dena ona denik eta ez dugunik lanik aurretik. Gauza asko dauzkagu egiteko, jakina, eta, esate baterako, ikusi besterik ez dago ikus-entzunezkoen alorrean eskaintza aldetik hutsune dezente dugula. Baina esate baterako hizkuntza-teknologietan askoz ere hizkuntza handiagoen pareko tresnak dauzkagu. Hasi sinpleenetatik, hasi zuzentzaile ortografiko batetik edo hiztegi elektroniko batetik eta ikaragarri konplexuak diren adimen artifizialeko sistemetara. Lana badugu, baina asko eginda dago dagoeneko eta hori ere kontuan hartu behar da. Horregatik diogu ezohikoak garela.
Lankidetzari garrantzia handia eman diozue hasieratik bertatik...
Definizioz GOI Institutuaren lan egiteko modua hori da, bulegoan gutxi batzuk gaude eta gure eskaintza akademikoa osatzeko lankideen bitartez eta kolaboratzaileen bitartez funtzionatzen dugu, orduan lankidetza ezinbestekoa da guretzat, beti. Baina kasu honetan gainera, gaia ikusita, interesgarria iruditu zitzaigun alor horretan ekarpena egin duten eragileekin lankidetzan aritzea eta jende hori graduondokora ekartzea. Horren erakusgarri da irakasleen taldean badauzkagula EHUko ikerketa-talde bateko baino gehiagokoak, Deustuko Unibertsitateko kide bat, Badalab-ekoa, Euskal Wikilarien Kultur Elkartekoa, Elhuyar Fundaziokoa... askotariko jendea dago eta uste dugu hori interesgarria dela, denon artean gauza desberdinak kontatuko ditugula eta gauza interesgarriak aterako direla.
Zer lortu nahi da "Euskara eta digitalitatea" graduondoko honekin?
Esango nuke bi helburu nagusi dauzkagula. Lehenengoa da aztertzea zer bide egin duen orain arte euskarak teknologia digitalen alorrean, zer puntutan gauden eta horrekin, jakina, zer tresna, zer baliabide, zer eduki digital dauzkagun ezagutzera ematea. Zer sortua badago, baina sortuta daukaguna ezagutaraztea eta gizarteratzea ere garrantzitsua da. Askotan ez da iristen iritsi behar duen lekura. Eta bigarren helburua da justu gaur egun gauden leku horretatik, hemendik aurrera arreta zertan jarri behar dugun, indarra zertan jarri behar dugun, horren inguruan eztabaidatzea eta horren inguruko gogoeta piztea.
Nori zuzendutakoa da?
Gaian interesa duen edonork parte har dezake, ez dugu eskatzen aurretik ez dakit nolako jakintza espezifikorik. Orduan interesa duen edonor ongietorria izango da.
Hemen duzue bideo-elkarrizketa.