Sara Arruti: "Genero-ikuspegiarekin epaitzeaz gain, intersekzionalitatearen ikuspuntua txertatu behar da"
2023ko ekainaren 22a
Sara Arruti Benitok (Lasarte-Oria,1996) Enpresen Administrazio Zuzendaritza eta Zuzenbidea gradu bikoitza ikasi zuen UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Sarriko, Bilbo). Gradu bikoitzaren bost urteetan argi geratu zitzaion enpresagintzaren eta zuzenbidearen mundua ez zitzaizkiola interesatzen askotariko desberdinkerietan oinarritutako statu quo-a indartzeko; baizik eta hura iraultzeko mekanismo edo borroka bide gisa. Grina horrek bultzaturik, giza eskubideak erdigunean jartzen zituzten ikerketa-lanetan murgiltzen hasi zen. Buruan bueltaka ideia bat zebilkion: zuzenbideak justizia soziala lortzeko bidea izan behar zuela. Hari horri tiraka, UPV/EHUn Giza Eskubideak eta Botere Publikoak Masterra egin zuen bereizkeria eta genero-berdintasunari lotutako nazioarteko zuzenbideari arreta berezia eskainiz. Hori amaituta eta bere ezagupen juridikoak genero-ikuspegitik deseraikitzeko nahiak bultzatuta, UPV/EHUko Emakumeen eta Gizonen arteko berdintasun Masterra egin zuen. Bi master horiek egin ostean, doktoretzaren bideari ekiteko erabakia hartu zuen, helmuga argi batekin: genero-ikuspegia oinarri duen Botere Judizial bat eraikitzea. Orain, jomuga hori lortzeko aurrerapausoak eta atzerapausoak ere ematen dabil UPV/EHUko Donostiako Zuzenbide Fakultatean; Zuzenbide Prozesalaren alorrean. Ikergazte kongresuan parte hartu zuen "Genero-ikuspegia aintzat hartzen duen Botere Judizial baterantz: bereintegrazioa antolakuntza judizialean eta jurisdikzio-funtzioan" aurkezpenarekin. Donostiako Udalak banatzen duen aurkezpen onenaren saria lortu zuen Gizarte Zientziak eta Zuzenbidea alorrean.
Genero-ikuspegia aintzat hartzen duen Botere Judizial baterantz ikerlana aurkeztu zenuen Ikergazte kongresuan. Nola sortu zen gaia ikertzeko aukera?
Zuzenbideko gradua ikasi nuenean irakasgai guztietan genero-ikuspegiaren eta zuzenbidearen teoria feministen hutsunea sumatu nuen. Berdintasuna eta diskriminaziorik ezaren inguruko marko juridikoa ikasten genuen, gainetik bada ere. Kontua da, legeetan adierazitako fikzio juridiko hori ez genuela errealitatera ekartzen. Hau da, adibidez, emakumeen sexu-askatasunaren aurkako delituak ikasten genituen, baina sexu-genero sistemarenfuntzionamendua aztertu eta ulertu gabe. Laburki adierazita, nire iritziz, emakumeen aurkako indarkeriaren ulerkerateilatutik hasten ginen eraikitzen, haren oinarrietatik izan beharrean.
Egoera horretan eta zuzenbidearen teoria feministetan nire ezagupena handitzeko eta aberasteko asmoz,UPV/EHUko “Justizia Ildo feministan” udako ikastaro batera joan nintzen giza eskubideen masterra bukatzen ari nintzela. Bertan, legelari eta abokatu feministen hitzaldiak entzun ondoren konturatu nintzen zeinen garrantzitsua zen zuzenbidearen miopia androzentrikoa zuzentzeko betaurreko moreak jartzea. Pentsamendu horietan murgilduta nengoela, nire Gradu Amaierako Lanaren zuzendariak deitu ninduen iragazki moretik aztertzeko lan-proposamen batekin: Karrera Judizialaren 2020ko berdintasun-plana ikertzea. Gogotsu heldu nion erronkari eta lana bukatu eta zuzenbideko aldizkari batean argitaratu ostean, ikerketa-ildo beretik doktoretza-tesia egitea proposatu zidan. Duda-mudarik gabe, baietz esan nion eta gaurdaino.
Genero-ikuspegia Botere Judizialean nola txertatzen den ikertu duzu. Zein da egoera? Non daude hutsuneak?
Zehazki, nire ikerketak genero-ikuspegiaren zeharkakotasun-printzipioa edo gender mainstream delakoa du ardatz. Printzipio hori, Nazio Batuen Emakumeei buruzko Nazioarteko IV. Konferentzian (Pekinen, 1995) gorpuztu zen, eta azken batean, Botere Publikoen jarduketaren etapa guztietan genero-ikuspegia txertatu behar dela ematen du aditzera, genero-berdintasuna lortzea lehentasun estrategikotzat joz. Zentzu horretan, zehaztu nahi dut genero-ikuspegiaren zeharkakotasunaren aplikazioa Administrazio Publikoaren alorrean, politika publiko gisa, aztertu dela batik bat. Hala ere, kontuan hartu behar dugu printzipio horren txertaketa Botere Exekutiboan ez ezik, Botere Judizialean ere aplikagarria dela, Botere Publikoa den heinean. Azkeneko ideia hori ikertzeke zegoen eremua zela egiaztatu nuen, agian, Botere Judizialaren ustezko independentzia edo inpartzialtasuna direla medio.
Ikergai dudan printzipioa Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 14 eta 15 artikuluetan jasotzen da. Oinarri juridiko horiek aintzat hartuz, nire ikerketa bi alderditan banatu dut: alde batetik, Zuzenbide Prozesalaren alderdi organikotik, Botere Judizialaren egituraketa edo antolaketa judizialean genero-ikuspegiaren zeharkakotasuna zer modutan integratu den aztertzen ari naiz. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, hots, Botere Judizialaren gobernu-organoak, aurrera eramandako berdintasun-politika ikertzen nago. Zehazki, 2013ko eta 2020ko berdintasun-planetan jarri dut fokua. Bestetik, Zuzenbide Prozesalaren alderdi materialetik, epaitzeko orduan genero-ikuspegiaren txertaketa metodologia juridiko gisa aztertzen ari naiz. Horri loturik, genero-estereotipoak txertatzen dituzten epaiak ikertzen ari naiz eta hori dela-eta eman daitezkeen eskubide prozesalen urraketak, hala nola epaile inpartzialerako eskubidearena.
Arloko egoerari dagokionez, egia da, ikuspegi organikotik Botere Judizialaren feminizazioa gertatu dela, emakumezko epaile eta magistratuak karrera judizialaren % 56 baitira. Hala ere, estatistika horiek aztertzeko betaurreko moreak jarri behar ditugu; feminizazio hori genero-joera maskulinoa duen egitura juridikoan gertatu baita. Zentzu horretan gogora ekarri behar dugu, emakumeek debekatuta izan zutela Epai Boterera sartzea 1966. urtera arte. Gainera, feminizazioa hierarkia juridikoaren oinarrian gertatu da, hau da, lehen auzialdiko epaitegietan batik bat. Kontrara, hierarkia altuagoko auzitegietan emakumeak gutxiengoa dira. Esaterako, Auzitegi Goreneko magistratuen % 78,8 gizonezkoak dira. Datu hori oso garrantzitsua da, hain zuzen ere, auzitegi horrek erabakitzen baitu legea interpretatzeko irizpideak zeintzuk diren, eta zentzu horretan historia errepikatu egiten dela iruditzen zait, legearen interpretazioaren azken hitza gizonezko togadunek baitute. Ildo horretatik, atera dudan lehenengo ondorioa “lege-hutsune” bat baino gehiago, Botere Judizialaren “utzikeria” izan da. Hain zuzen ere, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak diseinatutako bi berdintasun-planetan ezarritako neurriak, oro har, ez baititu martxan jarri. Emakumezko epaile zein magistratuek jasaten duten kristalezko sabaia apurtzeko ez ditu beharrezkoak diren ekintza positiboak abian jarri.
Hala ere, aitortu behar da, epailetzaren feminizazioarekin batera, zenbait epaile eta magistraturi esker, zuzenbidearen izaera androzentrikoa deseraikitzeko zenbait metodo juridiko garatzen ari direla. Bai arlo doktrinalean bai eguneroko praktika judizialean, genero-ikuspegiarekin epaitzeak zer dakarren zehazten ari dira. Magistratuiusfeministenesanetan, genero-epaitza edo genero-ikuspegiarekin epaitzea kasuan kasuko gatazka juridikoa aztertzeko metodologia bat da, genero-estereotipoak eta botere-harreman asimetrikoak identifikatzea xede duena berdintasun errelean oinarritutako konponbide judiziala aurkitzeko. Diotenez, genero-ikuspegiaren txertaketa prozesu judizial baten fase guztietan (instrukzioan, prozeduraren izapidetzean, frogen praktika eta balorazioan…) integratu beharreko begirada kritikoa da. Zentzu horretan, gogora ekarri behar dugu epaile zein magistratuek betaurreko moreak jartzea ez dela moda judizial bat Botere Judizialeko sektore kontserbadoreek dioten moduan, baizik eta betebehar juridiko bat.Obligazio hori, nazioarteko eta Europar Batasuneko hitzarmenetan zein legeetan jasotzen da eta Espainiari dagokionez, lehen aipatu dudan 2007ko berdintasun-legearen 4. artikuluan. Hori horrela, adierazi behar dut Espainiako ordenamendu juridikoan betetzeke dagoen konpromisoa dela berdintasunari lotutako nazioarteko lege-xedapenak ezagutzea eta zorroztasunez aplikatzea.
Hala ere, seinalatu nahi dut Espainiako Auzitegi Gorenak pausoak eman dituela, batik bat zigor- eta lan-arloko jurisdikzioetan. Genero-ikuspegia txertatuz epaitu zen lehen epaia 247/2018ko maiatzaren 8koa da eta geroztik, epaile edo magistratu askok jarraitu diote metodologia horri. Nolanahi ere, haren aplikazioa ez dago normalizatuta, oraindik ere ebazpen anitz aurki baitaitezke arauen interpretazio aseptiko eta formala egiten dutenak, emakumeen egiturazko diskriminazioa mantentzen duten rolak eta estereotipoak erreproduzituz.
Zeintzuk izango lirateke genero-ikuspegia Botere Judizialean txertatzeko neurriak?
Nire ikerketaren bi alderdiei so eginez, lehenik eta behin ikuspegi organikotik beharrezkoa deritzot Botere Judizialaren Berdintasun Batzordeak egindako bi berdintasun-planetan ezarritakoa betetzeari. Zehazki, epaile eta magistratuen partaidetza maila judizial guztietan orekatua izateko ekintza positiboak txertatzea beharrezkoa dela deritzot. Bigarrenik, epaile eta magistratuen estatutua berreraiki beharra dago, azkeneko hori, familia-burua den eta zaintza-erantzukizunik ez duten gizonezko epailearen ereduan oinarritzen baita. Adierazi berri dudana oso garbi islatzen da hurrengo datuan: emakumezko epaileak dira kasuen % 90ean seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentziak hartzen dituztenak. Egoera hori kontuan izanik, ez da zaila ondorioztatzea erantzunkidetasun-neurri eraginkorrik ez dagoenez emakumezko epaileek ezin dituztela zaintza-lanak eta jurisdikzio-funtzioaren profesionalizazioa eta espezializazioa uztartu. Are gehiago, ahalmenezko goi-karguetan zaintza-lanei meritu balioa atxikitzen ez zaien bitartean eta kargu horietan emakumeen partaidetza handitzeko ekintza positiboak martxan jartzen ez diren bitartean, emakumeek gehiengoa izaten jarraituko dute, baina, betiere, botere “gutxien” duten auzitegietan. Hori guztia kontuan izanik, ondorioa garbia da: egia da egitura judizialaren feminizazioa aurrerapauso oso garrantzitsua dela, baina kontuan hartu behar dugu berdintasun eraginkorra ez dela lortuko emakumeak buruzagitza judizialera iristen ez diren arte.
Bigarren alderdiari dagokionez, hurrengo bi neurriak jotzen ditut beharrezkotzat: lehenik, epaile, magistratu eta azken batean, langile juridiko guztiek nazioarteko zuzenbide anti-diskriminatzailearen inguruan, formakuntza eta prestakuntza jarraitua jasotzea ezinbestekoa da. Neurri hau nahitaezkoa da, Espainiako epaien argudiaketa juridikoan nazioarteko xedapen horien inguruko ezagutza eta aplikazioa eskasa baita. Nekez aplikatuko dituzte ezagutzen ez dituzten legeak. Eta bigarrenik, genero-ikuspegia ezartzea beharrezkoa den kasuetan, delituen instrukzioan zein epaitzan jardute-gida edo protokolo bat egitea beharrezkoa litzatekeela pentsatzen dut, beste herrialde batzuetan erabiltzen direnak –Mexikokoa kasu– eredutzat hartuz.
Helburua edo helmuga... Espainiako Hirugarren Botereak emakume eta gizonen berdintasun eraginkorra bermatzea.
Bai, hori da nire helburua edo agian utopia… Nolanahi ere, argi geratzea nahi dut konstituzio-agindu bat dela emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra oztopatzen duten arrazoiak iraultzea (Espainiako Konstituzioaren 14. eta 9.2. artikuluak). Hau da, Botere Judizialeko epaile zein magistratuek kontuan hartu behar dute berdintasun erreala edo eraginkorra oztopatzen duten arrazoi ugari daudela, besteak beste, genero-harreman asimetrikoak edo sexuetako bakoitzari jokabide, ezaugarri eta espektatiba bereiziak egozten dizkioten estereotipoak; eta horiek ezabatzeko betebeharra dutela.
Nahiz eta nire ikerketa emakumeek emakume izateagatik jasaten dituzten askotariko zapalkuntzetan oinarritu, garrantzitsua iruditzen zait zehaztea pertsona guztien berdintasun eraginkorra erdigunean jartzen duen sistema juridiko bat sortzea beharrezkoa dela. Legearen interpretazio eta aplikaziotik estereotipo diskriminatzaileak alboratu behar dira eta epaiek duten “botere eraldatzailea” erabili behar da gizarte bidezkoago bat sortzeko.
Genero-ikuspegiaren epaitzaz gain, intersekzionalitate-ikuspuntua txertatzea premiazkoa dela diozu. Zergatik?
Bai. Hain zuzen ere, 90eko hamarkadaren hasieran zenbait jurista afroamerikar salatzen hasi ziren Estatu Batuetako auzitegiek emakume beltzek, emakume izateagatik eta aldi berean beltza izateagatik, jasandako zapalkuntza bereizia ez zutela aintzat hartzen. Hau da, Estatu Batuetako auzitegiek sexuagatiko eta arrazagatiko diskriminazioa modu indibidualean aztertzen zutela eman zuten aditzera, bi kategorien arteko talkak sor zezakeen bereizkeria kontuan hartu gabe. Egoera horri aurreko egiteko, intersekzionalitatearen kontzeptua gorpuztu zuten. Hiru hamarkada igaro ondoren, ikuspuntu hori auzitegien praktika juridikoan ez da oraindik integratu. Dakigunez, Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluan zenbait bereizkeria-arrazoi (jaiotza, sexua, erlijioa, arraza…) aipatzen dira. Kontua da bereizkeria-kategoria horien azterketa juridiko indibiduala eta baztertzailea egiten dela, haien artean sor daitezkeen elkarguneak kontuan hartu gabe. Gauzak horrela, pertsona batek jasan ditzakeen zapalkuntzen azterketa juridiko miopea egiten dela esan dezakegu, bereizkeria-kategorien bidegurutzeek eragiten dituzten puntu itsuak ez baitira kontuan hartzen. Hori horrela, nire ustez, etorkizunera begira ortzi-muga begi-bistakoa da: genero-ikuspegiarekin epaitzeaz gain, intersekzionalitatearen ikuspuntua txertatzea.
Ikergazten ahozko aurkezpen onenaren saria eskuratu zenuen Gizarte Zientziak eta Zuzenbidea sailean. Zorionak! Zer-nolako esperientzia izan zen?
Ezin hobea. Ikergazte niretzat babesleku eta arnasgune izan da. Norgehiagokan oinarritutako ikerketa-ereduei ihesi, ikertzaile gazte eta euskaldunak modu eroso eta berdinzalean gure ikerketa-lanak partekatu eta elkarrengandik ikasteko espazio seguru bat izan da. Plazera izan da diziplina anitzetako ikertzaile gazteak ezagutzea eta gure artean aliantzak sor daitezkeela ikustea. Gainera, euskal ikertzaileen taldea antolatzeko eta komunitate zientifiko indartsua bilakatzeko aukera eman digu, eta hori oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Zentzu horretan, nire aburuz, ezinbestekoa da euskal ikertzaileok euskaratik eta euskaraz, indarrak batzeko, ikerkuntza-eredu desberdinak proposatzeko eta gure ikerketa-lanak helarazteko topalekuak antolatzea.
Sariari dagokionez, egia esan ez nuen espero eta esker hitzak besterik ez dut. Aitortza honek indarberritu egin nau, datozen urteetan etorriko diren zailtasun eta oztopoei aurre egiteko. Mila-mila esker.
Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?
Bi erronka nagusi ditut, batetik, ikerketa-egonaldi bat egitea MexikokoUnibertsitate Nazional Autonomoan, bertan genero-ikuspegiarekin epaitzeko duten protokoloa aztertzeko; eta bestetik, epe luzera begiratzen jarrita eta unibertsitateko irakasle izateranoizbaitheltzen banaiz, nire helburu nagusietako batZuzenbideGraduko irakasgaien berrikuspen feminista baten alde borrokatzea izango da.