Santi Angulo: "Ferrer-en ideiak eskola tradizionalaren metodoen aurkako norabidean zihoazen eta horrek ondorio latzak ekarri zizkion"

2023ko martxoaren 6a

Santi Angulo: "Ferrer-en ideiak eskola tradizionalaren metodoen aurkako norabidean zihoazen eta horrek ondorio latzak ekarri zizkion"

Francisco Ferrer Guardiaren Eskola modernoa liburua euskaratu du Santi Angulok UEUren eskutik. XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran bizi zen egoera sozioekonomiko eta politikotik abiatuta, Ferrer-ek pentsamendu askean oinarritu zuen Eskola Modernoa. Eta eskola tradizionalaren metodoekiko erabateko haustura ekarri zuen horrek. Pedagogiaren alorreko klasiko hau euskaraz irakurtzeko aukera dugu orain.

Pedagogiaren alorreko liburua ekarri duzu euskarara: Francisco Ferrerren Escuela moderna. Zergatik?

Hik Hasi aldizkari pedagogikoak Euskal Herrian eragina duten pedagogoei buruzko liburu bat argitaratu zuen, eta irakurri eta gero, galdera hau etorri zitzaidan burura: nola izan daiteke euskal irakaskuntzan azken hirurogei urteetan hainbesteko ahalegin, proiektu berri eta esperientzia aberasgarri izan eta pedagogo klasikoen liburu gehienak euskaratu gabe egotea? Badakit, irakasleen artean pedagogo horien pasarte batzuk euskaratu direla, zenbait aldizkaritan haien ideiak argitaratu direla, eta abar; baina, berez liburu osorik ez dut ezagutzen. Beraz, erretiroa hartu nuenean, liburu horiek euskaratzeari heldu nion. Eta lehenengo emaitza, UEUri esker, Ferrerren Eskola Modernoa izan da.

Garai hartako eskola tradizionalaren metodoekiko erabateko haustura ekarri zuen. Zertan?

Hasteko, garai hartan nahiz eta instituzio publikoen menpe egon, eskola asko eta asko aberatsek emandako dohaintzen bidez zabaldu ziren, eta beste aldetik erlijiosoek irakaskuntza pribatua kontrolatzen zuten eta publikoetan ere beren eragina txertatu zuten. Horren ondorioz, eskola gehienetan sistema kapitalistaren eta ideia erlijiosoen irizpideen arabera funtzionatzen zuten. Ferrerren ideiak guztiz kontrakoak ziren. Izan ere, instituzio publikoek kudeatzen zituzten eskoletan alderdi politikoen eragina nabarmena zen; eta erlijiosoetan beste horrenbeste. Horri gehitu behar diogu Ferrer erabat zapuztuta geratu zela espainiar errepublikazaleekin eta librepentsalari eta pedagogo berritzaileekin harremanetan egon zela. Beraz, Ferrerrek pentsatzen zuen eskolek eragin horietatik kanpo egon behar zutela. Bestalde, Ferrerren ideia pedagogikoak ere oso aurreratuak ziren garai hartan: zientzian oinarritutako irakaskuntza, inguru sozio-ekonomikoan txertatua, erlijiorik gabekoa, gurasoen formazioa ere lantzen zuena eta, batez ere, ikasleei beren iritzia eskatzen zien eskola zen. Zalantzarik gabe, ideia horiek eskola tradizionalaren metodoen aurkako norabidean zihoazen eta horrek ondorio latzak ekarri zizkion Eskola Modernoaren sortzaileari.

Idazleak bere bizipenak lehen pertsonan kontatzen ditu: motibazioa, Eskola Modernoaren ezaugarriak, emaitzak... Zer topatuko du irakurleak liburuan?

Lehenik eta behin, irakurleak garai hartan kokatu behar du bere burua, hau da, XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran. Garai hartan irakaskuntzaren egoera ez da gaur egun ezagutzen duguna, nahiz eta oinarrizko alderdi batzuk ez aldatu, esaterako, sistema kapitalistari eusten dion irakaskuntza da egun duguna, eta azken urte hauetan ere are ageriago geratu da, enpresarien interes ekonomikoen araberako aldaketak gertatu direla ikusi baitugu, Euskal Herrian eta Europa osoan. Hala ere, azken urteetan baliabideetan emandako aurrerapen pedagogikoa nabaria da. Dena den, oraingo irakaskuntzak Ferrerren ideietan (eta beste pedagogo batzuen ideietan) abiapuntua duela esan daiteke.

Bestalde, kontu bitxia da Ferrerren Eskola Modernoaren proiektua, eskola pribatua baitzen, instituzio politiko eta erlijiosoetatik at, baina, haren ideietan egungo eskola publikoaren oinarriak ikus ditzakegu: sexuen arteko hezkidetza, maila ekonomiko guztietako haur guztiontzako eskola, laikoa, zientifikoa, inguruari eta ingurumenari begira, haurren parte-hartzea sustatzen duena...

Bukatzeko, liburuan Ferrerrek egin zuen ahalegina eta jarri zizkioten oztopoak ere azaltzen dira, garai hartako giro politikoa nolakoa zen erakusten duena.

Ferrerrek idatzitako ideiek oraindik ere gaurkotasuna dutela diozu. Zeintzuk? Zertan lagundu dezakete gaur egun?

Batzuk aipatzearren eta lehenengoa nik hauxe azpimarratuko nuke: ez dago eskubiderik betebeharrik gabe, eta ez dago betebeharrik eskubiderik gabe. Egun, nire ustez, eskubideei buruz asko hitz egiten da, baina betebeharrak aipatzen direnean, orduan, laisser faire moduko bat ikusten dut. Beste ideia bat zientzian oinarritzea da, egun inork zalantzan jartzen ez duena, baina oraindik gabezia handiak dituena, esaterako, Lehen Hezkuntzako eskola askotan ez dago laborategirik zientzietako hainbat esperimentu egiteko. Ikasleen iritzia eskatzea ezinbestekoa iruditzen zait, irakasleok asko hitz egitenidatzi zuen dugu eta ikasleei tarte txikia eskaintzen diegu beren iritzia edo ideiak eman ditzaten. Fabrika baterako bisita ere ideia interesgarria iruditu zitzaidan, museoetara, parkeetara... joaten den bezala, langileek, agian ikasleen gurasoek, nolako baldintzatan egiten duten lana ikusteak errealitatea eta ahaleginaren balioa beste modu batera ikusten lagun dezake.

Nolakoa izan da pedagogiako liburu klasiko hau itzultzearen esperientzia?

Berrogei urtez ibili naiz euskarazko irakaskuntzan eta, halabeharrez, askotan erdarazko testuak euskarara ekarri behar izan ditut. Testuak, nolabait, errazak ziren, haurren mailara ekarri behar zirelako. Baina oraingoan, desberdina izan da, maila altua eskatzen baitzuen. Hitz bat nabarmendu nuke, zalantza. Oro har, ideia gehienak argiak izan dira, hala ere, kasu batzuetan zalantza handiak izan ditut Ferrerren ideia zein zen eta zer esan nahi zuen interpretatu eta euskaraz jartzeko. Gainera, garai hartako gaztelanian hitz eta esamolde batzuek esanahi bat zuten, orain galduta dutena, ez baitira erabiltzen, edo beste ideia batekin erabiltzen direlako. Halaber, pasarte batzuk testu filosofikoak dira eta ez dira ulerterrazak. Bi kasu horietan izan ditut zailtasun handienak. Pasarte batzuk hamaika aldiz irakurri behar izan ditut eta nire emazteari ere galdetu behar izan diot, argitzeko laguntza eske. Azkenean, emaitza hor dago, zuzentzailearen laguntzarekin. Irakurleek ulertzea espero dut, haiek esango dute ideiak ondo jasota dauden ala ez.

Jakintza-arloak