Saioa Domingo: "Medikamentuen bizi-zikloaren etapa guztiak izan daitezke medikamentuak ingurumenera sartzeko ate"

2023ko maiatzaren 3a

Saioa Domingo: "Medikamentuen bizi-zikloaren etapa guztiak izan daitezke medikamentuak ingurumenera sartzeko ate"

Saio Domingo (Bilbo, 1978), Gasteizen bizi den farmazialaria da. Debagoieneko ESIn egiten du lan (Arrasaten, Osakidetzan) eta farmakokutsadura izan du bere tesian ikergai.

Farmaziako ikasketak egin zenituen eta doktorego-tesia defendatu zenuen iaz.

Zalantzak izan nituen Farmazia ala Biologia ikasi… eta azkenean Farmazia aukeratu nuen. Ospitaleko Farmazian egin nuen espezialitatea eta duela 14 urte Debagoieneko ospitaleko farmazia-zerbitzuan hasi nintzen lanean; lehenengoz ospitalerako soilik, eta gero, Erakunde Sanitario Integratua bihurtu zenean, lehen mailako arretarako ere bai. Lan horretaz gain, ikerketa ere betidanik gustatu izan zait, eta hainbat proiektutan parte hartu dut, adibidez polimedikazio eta medikamentuen erabilera zentzuzkoari buruzkoak. Garrantzitsua da ikerketa gure egunerokoan ere txertatzea, lotura egotea asistentzia-lanaren eta ikerketaren artean.

Farmakoek ingurumenean duten inpaktua ikertu duzu. Nola sortu zen aukera?

Aspalditik interesatzen zaidan gaia da eta, horren inguruan, Basque Sustainable Pharmacy ekimenaren sorreran parte hartu nuen, Gorka Orive eta Unax Lertxundirekin batera. Ekimen horren oinarrietako bat ikerketa da, eta gaiaren inguruko doktorego-tesia egiteko aukera sortu zitzaidanean ez nuen birritan pentsatu.

Zeri deitzen zaio farmakoen kutsadura? Zergatik da garrantzitsua?

Farmakoak ezinbestekoak dira gure osasun eta ongizatea bermatzeko, baina ingurumenean agertzen direnean, arazoak sor ditzakete. Izan ere, kutsatzaile izendatu berrien taldean, farmakoak dira kezka gehien sorrarazten dutenak, hainbat arrazoi direla medio. Batetik, oso kontzentrazio baxutan eragin dezakete, horretarako diseinatuak izan baitira. Bestetik, farmakoak hartzean gure organismoko zenbait egitura eta sistematan eragiten dute bilatzen dugun efektu farmakoterapeutiko hori sortzeko, eta sistema eta egitura horietako asko ez dira soilik gizakietan agertzen, beste animalia eta izaki bizidunetan ere ager daitezke, adibidez landare eta onddoetan. Ondorioz, farmakoak ingurumenean agertzen direnean ekosistemetan eragin dezakete. Eta baita gure osasunean ere. Horren adibide ezagunetarikoa bat da antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioen areagotzea, gaur egun munduko osasun publikoko arazo larrienetarikoa dena, eta antibiotikoak ingurumenean agertzearekin erlazionatuta dagoena.

Nola agertzen dira farmakoak ingurumenean?

Medikamentuen bizi-zikloaren etapa guztiak izan daitezke medikamentuak ingurumenera sartzeko ate. Oso garrantzitsua da kontsumoa eta horren ondorioz gertatzen den iraizpenari loturikoa, batez ere medikamentuen kontsumoa gora doala kontuan hartuta. Gainontzeko etapetan ere gertatzen dira ingurumenerako igorpenak, adibidez fabrikazio-mailan eta medikamentuen hondakinen kudeaketa desegokiaren ondorioz.

Zer paper betetzen dute araztegiek farmakoen kutsaduran?

Farmakoak hartzen ditugunean (edo animaliei ematen dizkiegunean) gure gorputzetik iraizten ditugu gernu eta gorozkien bidez, batez ere, eta neurri batean oraindik aktiboak izan daitezke. Hondakin-ur horiek, kasurik onenetan, araztegietara iritsiko dira. Bertan farmakoak eta horien metabolitoak garbituko direla pentsa genezake, baina gaur egungo araztegiak ez ziren berariaz sortu farmakoak ezabatzeko. Farmako batzuk gutxi gorabehera ezabatzen dira, baina beste zenbaitek beren bidea egiten dute naturan, erreketara edo itsasora isuriz. Kasu batzuetan, araztegietan emandako prozesuen ondorioz, farmako eta metabolitoak eraldatzen dira, eta transformazio-produktu bihurtu.

Arazoa osasun-alorreko profesionalen ikuspuntutik aztertu nahi izan duzu. Zer eskaintzen du begirada horrek?

Orain arte farmakokutsaduraren ikerketa batez ere ingurumenaren arloko profesionalek egin izan dute (adibidez biologoek, kimikariek, biokimikariek, ingurumen-zientzialariek, etab.), eta osasun-profesionalak kanpoan geratu ohi dira. Gure ustez egoera aldatu beharra dago, osasun-profesionalek farmakokutsaduraren arazoaz kontziente izan behar dute eta ikerketan parte hartu ere bai. Uste dugu, medikamentuen inguruan duten (dugun) ezagutza baliagarria izan daitekeela zentzu horretan.

Minbiziaren aurkako farmakoak aukeratu dituzue ikerketarako. Zergatik?

Osasunaren munduaren eta ingurumenaren arteko loturaren adibide gisa erabaki dugu ikerketa hori egitea. Osasun-profesionalak eguneroko lanean medikamentuekin kontaktuan daude eta horietako batzuek langileentzat kaltegarriak izan daitezkeen farmakoak dituzte, farmako “arriskutsuak” deritzenak; horiek zeintzuk diren eta zer babes-neurri hartu behar diren ezaguna da. Jakin nahi genuen ea farmako horiek ingurumenean duten presentzia eta balizko ingurumen-inpaktua ezaguna ote zen. Hau da, osasun-profesionalen artean hain ezaguna den kontzeptua ea beste inguruneetan ere ezaguna ote den. Izan ere, farmako arriskutsuak toxikoak dira definizioz, eta ingurumenerako ere arriskutsuak izan daitezke. Ikerketarako, kartzinogenoak diren farmakoak aukeratu ditugu, AEBko Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutu Nazionalak aldian behin argitaratzen eta eguneratzen duen “farmako arriskutsuen zerrenda osasun-inguruneetan” zerrendako lehenengo taldekoak.

Nola neurtu duzue farmako horiek ingurumenean duten presentzia? Eta ingurumen-inpaktua?

Alemaniako Ingurumen Agentziaren datu-basea erabili dugu ingurumen-presentzia aztertzeko. Doakoa den datu-base horretan, mundu osoan ingurumen-matrize desberdinetan neurtutako 1.000 farmako ingururen informazioa biltzen da. Ingurumen-inpaktuari dagokionez, iraunkortasun, biometaketa eta toxikotasunari buruzko daturik ba ote zegoen aztertu dugu.

Farmako batzuen presentzia lehenengoz aztertu duzue.

Farmakokutsadurari buruzko ikerketa eta proiektuetan murgilduta geundela pandemiak bete-betean harrapatu gintuen, eta egoera hori aprobetxatu nahi izan genuen une horretan buru-belarri geundenarekin ere ikerketa egiteko. Lehen pandemia-olatuan COVID19a tratatzeko erabili ziren farmakoen ingurumen presentzia eta inpaktua aztertzea erabaki genuen. Farmako horien artean, besteak beste, hidroxiklorokina aukeratu genuen. Ordura arrte munduan lehen aldiz neurtu genuen hidroxiklorokina Gasteizko Udaleko hondakin-urak jasotzen dituen Krispiñako araztegian.

Farmakoen kutsadura arazo konplexua dela diozu. Nola ekin? Nondik hasi?

Bai, arazoa konplexua da; izan ere, interes desberdinak dituzten alde interesdun asko agertzen dira. Lehen aipatu bezala, orain arte, osasun-arlotik kanpoko profesionalek batez ere landu dute. Hala ere, arazoa eraginkortasunez tratatu nahi bada, beharrezkoa izango litzateke diziplina arteko ikuspegi bat izatea, medikamentuaren bizi-ziklo konplexuan parte hartzen duten eragile guztiak kontuan hartuz.

Konponbideei dagokienez, kutsadura sortu baino lehen ekin dakioke edo behin kutsadura sortutakoan hori gutxitzen saiatu. Nolanahi ere, lehen pausoa arazoari buruzko kontzientzia sustatzea da; izan ere, arazoa badenik ere ez badakigu, ezingo diegu konponbideei ekin. Horrekin erlazionatuta, funtsezkoa da formakuntza edo prestakuntza.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?

Interesgarria benetan. Inguruan ditugun ikerlariak zertan ari diren ezagutarazteko modu dibertigarria da. Deigarria iruditu zitzaidan parte-hartzaile kopurua, oso handia izan baitzen, eta gainera alor guztietakoak zeuden… oso aberasgarria.

Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?

Farmakokutsaduraren eta farmazia iraunkorraren inguruan ikertzen jarraitzea, eta ez soilik ikertu, zientziaren difusioa ere egitea, gaiaren inguruko kontzientziazioa sustatzeko. Gainera, formakuntza ere interesatzen zait. Zentzu horretan, abian dagoen Farmakokutsaduran aditua izeneko graduondokoan parte hartzen dut. UPV/EHUk eskaintzen du eta aurten da lehen edizioa. Interesik baduzue, animatu hurrengo urteko ediziora!

Jakintza-arloak