Rakel Conde: "Ikasleen erreferente garen heinean, komunikazio modu osasungarriak garatzea oso interesgarria da"

2023ko otsailaren 13a

Rakel Conde: "Ikasleen erreferente garen heinean, komunikazio modu osasungarriak garatzea oso interesgarria da"

Komunikazioa, ongizatearen oinarri ikastaroa izango da martxoaren 4tik aurrera Iruñean, UEUren egoitzan. Rakel Condek (Lizarra, 1990) emango du ikastaroa, bera, Lehen Hezkuntzan lizentziatua eta nekazaritza ekologikoko teknikaria da; baita Berhezi berdintasun kontsultoriako langilea eta mugimendu transfeministan militantea.

Ikasleekin komunikatzeko erak duen garrantziaz jabetzea, hori ikastaroko helburuetako bat. Ez zaio behar besteko garrantzirik ematen?

Helduoi ere tresnak falta zaizkigu sarritan, eta gure arteko komunikazio moduei ez diegu atentzio gehiegirik jartzen. Bizi erritmoak gainera, elkarrizketari eta komunikazioari beharko luketen garrantzia ez ematera eramaten gaitu. Ikasleen erreferente gara eta gurekiko, gure lankideekiko eta ingurukoekiko komunikazio modu osasungarriak garatzea oso interesgarria dela pentsatzen dut. Egunerokotasuneko erritmoan ezinezkoa da komunikazioan atentzio osoa jartzea ikasleekin, haien generoak baldintzatu ez dezan, gure estresak eragin ez dezan, etab. baina badira hau entrenatzeko eta integratzeko tresna batzuk, eta hauetako batzuk konpartitzea eta praktikan jartzea da helburua.

Komunikazio osasungarriaren inguruko oinarrizko kontzeptuak landuko dituzu. Zeintzuk?

Entzute aktiboa eta epaiketa: Gehienetan, ikasleen ikasketa prozesuaren emaitzari atentzioa jartzeaz gain, bideari berari ere indarra jartzeko aukera ematen da; epaiketetatik haratago entzute aktiboak erakusten diguna entrenatu eta praktikan jartzeko. Adimen emozionala: Harreman osasuntsuekin lotura zuzena duen heinean, ezinbestekoa izango da norberaren eta ondokoaren sentimenak nahiz emozioak ezagutzeko gaitasuna. Beharren identifikazioa eta azaleraztea: komunikazio ez bortitzaren alorretik, edozein ondoez asetuta ez dagoen behar bati lotua dagoela esaten da. Behar hauek ezagutu, identifikatu, eta gure ondoeza komunikatu eta konpontzeko bidean tresna praktiko asko eskaintzen ditu. Interdependentzia eta askatasun arduratsua: oso indibidualista den mendebaldeko gizarte egiturak, askatasunaren kontzeptua kutsaduraz zipriztindu du. Gauzak horrela, pertsonon arteko interdependentzia eta komunitatearen garrantzia birgogoratzea interesgarria ikusten dut komunikazio bide berri eta osasungarriagoak uztartzeko. Kontsentimendua eta konplazentzia: ikasleei mugak jartzearen inguruan sarri hitz egiten dugun arren, gure muga propioak errespetaraztea nahiz ezagutataztea ez da afera erreza. Gure baitan, eta haur eta nerabeen prozesuen bidelagun bezala, kontsentimendua, mugak eta konplazentzia bezalako kontzeptuak lantzea ezinbestekoa da.

Ikastaroak kanpora begirako komunikazioaren garrantzia landuko du, baina baita barnekoa ere.

Gure burua, gorputza eta bihotza nola tratatzen ditugun, zenbat epaitzen, justifikatzen edo kritikatzen ditugun, komunikazioaren parte handi bat ere badirela pentsatzen dut. Horren araberakoa (edo behintzat horrek baldintzatua) izango da ingurukoekiko izango dugun hizkera eta jarrera. Gainera, honi atentzioa ipini eta hausnarketak kolektiboki garatzeak, informazio eta ahalduntze prozesu ederra ekar dezake.

Zein da erabiliko den metodologia?

Hausnarketa kolektiboen bidez, bakoitzaren beldur, aurreiritzi edota bizipenetatik abiatuta, komunikazioa den figura poliedrikoaz jabetu eta dituen alde eta erpinak irauliko ditugu. Tresnak eskuratu eta konpartitzeko espazioa ere izango da, bai helduon arteko dinamiken bidez, bai eta ikasleekin lantzeko jolasak eta tresnak ezagutuz.

Zer lortu nahi duzu?

Interesa duten irakasle eta pertsonekin jakintzak partekatzea eta eztabaida nahiz hausnarketak garatzea da helburuetako bat. Hala ere, epe luzera eta ikuspuntu kolektiboagotik, zaintzak erdigunean jarriko dituen hezkuntza komunitateak uztartzea eta baliabide komunikatibo eta osasungarriak izateko lagundu nahi nuke, maila pertsonal zein kolektibotik nire aletxoa eskainiz.

Nori dago zuzenduta?

Interesa duen edonork parte hartu dezake, baliagarria baita eguneroko bizitzan. Horregatik, pertsonekin eta haur zein nerabeekin lan egiten dugunontzat interesgarria izan daiteke. Azken finean, elkarrizketek eta harremanek asko baldintzatzen dute ikasketa prozesua, bai ikasleena, bai eta helduona ere.

Jakintza-arloak