Pako Sudupe Elortza: "Euskararen balio soziala zenbat eta kaskarragoa izan, orduan eta kaskarragoa izango da euskaldunon egoera ere"

2024ko apirilaren 9a

Pako Sudupe Elortza: "Euskararen balio soziala zenbat eta kaskarragoa izan, orduan eta kaskarragoa izango da euskaldunon egoera ere"

Pako Sudupe Elortzak (Azkoitia, 1959) Immigrazioa eta abertzaletasuna liburua argitaratu berri du UPV/EHUrekin eta UEUrekin elkarlanean. Euskal Ikasketetan da doktorea EHUtik eta berarekin izan gara liburuaz hitz egiteko.

Immigrazioa eta abertzaletasuna liburua argitaratu berri duzu UEUrekin. Nola sortu da ideia?

Txillardegik argitaraturiko idazkien gainean lanean ari nintzela, immigrazioari buruzko artikuluak eta haiek sortutako polemikak irakurri nituen. Espainiako hainbat eskualdetatik iragan mendeko 50eko eta 60ko hamarkadetan kopuru handitan etorritako immigranteek —frankismo betean, Hego Euskal Herriak eta Kataluniak kasik batere eskubide soziopolitiko eta kulturalik ez zuten garaian; katalan eta euskaldun askok erbestean jarraitzen zutenean arrazoi politikoengatik, eta beste asko arrazoi sozioekonomikoengatik erbestera joaten ari zirenean— euskal abertzaletasunari planteatzen zizkioten erronkez Txillardegik idatzitakoek sortu zituzten erantzunak eta kontraerantzunak.

Idazki horietan irakurritakoek gogora ekarri zizkidaten Josep Lluís Carod-Rovirari Kataluniako immigrazioari buruz irakurritakoak; hark ERCko idazkari izandako Heribert Barrerak egindako adierazpen xenofoboez adierazitakoak.

Idazki horiek eta, jakina, etenik ez duen etorkinen emariak, euskaldunak gero eta gutxiengotuago bilakatzen gaituela ikusteak eraman ninduten lan honi ekitera.

Immigrazioa eta abertzaletasuna hizkuntzaren eta kulturaren aldetik arakatu dituzu batik bat.

Egungo egoera linguistiko-kulturalera nola iritsi garen ulertu nahiak bultzatu nau. Euskaraz arlo guztietan bizi nahi dugun euskaldunok hamaika zailtasun ditugu eta hori aspalditik datorkigu. Jakitun naiz immigranteek ez dutela, oro har, errurik, baina harritzekoa gertatzen da bereziki azken immigrazio-olatuak, hirugarrenak, euskal abertzaleen artean kezka eta diskurtso gehiago sortu ez izana.

2022an, EAEk sei bat mila biztanle irabazi omen ditu. Hori batez ere immigrazioagatik gertatu omen da. Denok dakigu sei mila horietatik askok gaztelania ikasi beharrik ez dutela izango hispanoamerikarrak direlako, eta gainerakoek, salbuespenak salbuespen, gaztelania ikasiko dutela eta ez euskara; hau da, 500 milioi hiztunen kopuru eskerga ugarituko dute eta guk, beti bezala, helduengan ez baizik eta etorri berri horien seme-alabengan jarriko dugu esperantza, eskolaren bitartez euskalduntzen joango ote diren. Laster, turismoaren gorakadak eragindako ostalaritzako langileen premiak hartaraturik, ostatu-jabeek langile hispanoamerikar andana ekarriko ote duten.

Hego Euskal Herrira etorritako migratzaileen kopuruak indar abertzaleen aldetik sortu dituen diskurtsoak ekarri nahi izan dituzu. Atzera jo duzu horretarako.

Lehen atalean, Manuel Irujo, Zeferino Xemein eta Jose Antonio Agirre jeltzaleek, ANVko Jose Olivares Tellagorri-k, eta Irrintzi aldizkariko jeltzale disidente ziren Manuel Fernandez Matxari-k eta Andima Ibinagabeitiak espainiar etorkinen etorrera masiboaz 50eko hamarkadaren bigarren zatian emandako iritziak tolestu ditut. Manu Sotari ere tarte bat egin diot, nahiz haren kasuan Espainiako II. Errepublikaldian emandako iritziak jaso ditudan.

Bigarren atalean, atzera egin dut denboran, Sabin Arana, Engrazio Aranzadi eta Ramon Goikoetxearen (Iberoko ebanjelista) adierazpen polemiko gorienen bila. Aurkitu ditut halakoak bai (espainiarrak dira gure moroak!), baina lehenago esan bezala, 50eko hamarkadan, hotzilduak eta hoztuak ere bazeuden, bereziki 36ko gerrak ekarritako aldaketa eskerga zela medio.

Atzera jotze horretan, nabarristenganaino heldu naiz. Niretzat ezustekoa izan da Arturo Kanpion bat, esaterako, beste ikuspegi batetik irakurtzea. Haren La Bella Easo, Blancos y negros edo Garcia Almorabid nobelak eta hitz lauzkoak irakurtzea, eta SabinAranarekiko aldeei eta kidetasunei erreparatzea.

Atal berean egin diet leku lehen katalanistei, Prat de la Ribari bereziki, hura izan baitzen katalanentzat, aldeak alde, guretzat Sabin Arana izan zena. Eta Francisco Cambó famatuagoari ere bai.

Hirugarren atalean, lehen etakideen ikuspegiak jaso ditut, batez ere Txillardegirenak, eta David Lopez Dorronsororenak eta Errementari ezizenez sinatzen zuenarenak. Atal berean sartu dut Rikardo Arregi, nahiz andoaindarra inoiz ez zen etakidea izan, baina ezker abertzale/euskaltzale taldekoa bai.

Atal berean sartu ditut, halaber, Martin Ugaldek eta Jon Apalabeitiak etorkinei buruz Alderdi-ren ale monografikoan emandako iritziak ere. 1971koak dira, eta etakideenak eta jelkideenak atal berean jasotzea eztabaidagarria bada ere, nik uste, lekua hortxe dutela, ez baitaude elkarrengandik urrun, aldetxoak alde.

Laugarrenean, Katalunian integrazioari begira egindako diskurtsoak harildu ditut.

Bosgarren atala da laburrena; izan ere, Hego Euskal Herrian azken mende-aldaketako immigrazio berriak ez du diskurtso berririk sortu. Polemika bai, kasu, Xabier Arzalluzek 2000. urteko Aberri Egunean egindako adierazpenek. Katalunian, aldiz, gehixeago, baina ez asko, halere. Heribert Barrerak polemika sortu zuen egin zituen adierazpen batzuengatik, eta Josep Lluís Carod Rovirak ñabartu eta leundu zituen Barreraren adierazpen gogorrenak, baina aldi berean haren uberan kokatu zituen bereak.

Era berean, Julen Zabalok beste hiru lankiderekin batera, 50-80ko immigrazio espainiarrari buruz egindako azterlanari egiten diot leku, eta horren ondotik, Iker Iraolak euskal nazionalismo eta immigrazioaz 2013an egindako tesiari.

Azken mende-aldaketako immigrazio berriak Hego Euskal Herrian "sortu ez duen" diskurtsoa ere mahai-gainean jarri nahi izan duzu.

Iragan mendeko 80ko hamarkadatik aurrera, botere autonomikoa hedatzearekin batera, eta bi hizkuntza ofizialak geureak ditugulako ikuspegiaren baitan, polemikak desagertuz joan dira, eta hirugarren olatuarekin batera, immigrazioaren gaia tabu bihurtu da, etorkinen integrazioa gaztelaniatik egitea onartu delarik azken buruan, gehiagoko diskurtso eta planteamenduetatik kanpo. Eta horrek ez al du salatzen garbi asko, beste ezerk baino hobeto, euskara bere lurralde propioan, Euskal Herrian, bigarren mailako hizkuntza izatearekin, mendekoa izatearekin, kontentatzen direla politikariak azken buruan?

Osatzen joan beharreko liburua dela diozu.

Lan honetarako hain aldi-bitarte luzea hartu dudanez, eta ezinbestean informazio mugatua erabili dudanez, esan behar dut testu irekia dela, osatu beharrekoa. Ezintasun horregatik joan naiz lorturiko materiala aztertu ahala interpretazio partzialak eta behin-behinekoak aditzera ematen, eta horietatik axolazkoen jotako batzuk amaierako laburbilduman jaso ditut.

Nori dago zuzenduta?

Iñaki Iurrebasok berriki euskararen ezagutza eta erabilerari buruz egindako doktore-tesiaren arabera, batez beste, gehienez % 18 elkarrizketa egin daitezke euskaraz Euskal Herrian. Egoera linguistiko honetara heltzeko, era askotako arrazoiak egon dira noski, historiko-politikoak, sozioekonomikoak, baina immigrazioak ere, dudarik gabe, eragin handia izan du. Eta itxura guztien arabera, izaten jarraituko du.

Euskararen balio soziala zenbat eta kaskarragoa izan, orduan eta kaskarragoa izango da euskararen, hots, euskaldunon egoera ere, euskaldun izaten jarraitu nahi dugun heinean.

Egoera horrek kezka sortzen dion edonori zuzendua dago lan hau.

Jakintza-arloak