Oskia Agirre Orbegozo: "UEUn zientziaren komunikazio-sisteman eta aldizkarigintzan ekarpena egin dezakedala uste dut"

2024ko martxoaren 7a

Oskia Agirre Orbegozo: "UEUn zientziaren komunikazio-sisteman eta aldizkarigintzan ekarpena egin dezakedala uste dut"

Oskia Agirre Orbegozo (1975, Errezil) da UEUren Talde Eragileko kide berria. Informazio eta Dokumentazioan graduatua da bera, eta Dokumentazio Digitalean du masterra.

Zer harreman izan duzu UEUrekin?

Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen Bilkurara urtero joan izan naiz eta bilkura izan zen UEUrekin izan nuen lehenengo harreman zuzena. Bestalde, liburuzain-lanetan Inguma erabiltzen nuen euskarazko edukien informazio-iturri bezala.

Horretaz gain, komunikazio zientifikoan interesa izan dut betidanik, euskarazko komunikazio-sisteman batez ere. Euskal Herrian sarbide irekiaren egoera ikertzen aritu nintzen. Uztaro aldizkarian artikulu bat argitaratu nuen sarbide irekiko aldizkarien inguruan. Aldizkariak ikertzeko prozesuan Ingumaren arduraduna den Marije Bidagurenek asko lagundu zidan beharrezkoa nuen informazioa eman eta zalantzak argituz eta bera izan zen 2021ean UEUko Datu-baseen Batzordean parte hartzera animatu ninduena.

Azkenik, ALDEEko batzordekidea ere banaiz eta Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen Bilkura antolatzeaz arduratu naiz azken bi urteotan UEUko udako ikastaroen barruan.

Talde Eragileko kide moduan, zer ekarpen egin dezakezula uste duzu?

25 urte baino gehiagoko esperientzia dut unibertsitate-liburutegietan eta Osakidetzan. DOAJ direktorioko editorea eta ALDEEko batzordekidea naiz 2020tik. Arlo hauetan dudan esperientzia UEUrentzat positiboa izan daitekeela uste dut, zientziaren komunikazio-sistemaren eta aldizkarigintzaren inguruan dudan ezagutza batik bat.

Etorkizunera begira zeintzuk dira zure ustez UEUren erronkak?

Goi-mailako euskarazko ikasketetan dauden hutsuneak identifikatu eta ahal bada erantzuna ematea izan liteke erronka nagusia, eta horrek berekin dakar beharrezkoak diren materialak sortu eta argitaratzea. Bata bestearen eskutik doaz eta bi arloetan dago lan asko egiteko.

Jakintza-arloak