Oskia Agirre: "Profesionalak saretu eta liburutegi espezializatu eta dokumentazio-zentroen aniztasuna erakutsi nahi dugu"

2023ko ekainaren 30a

Oskia Agirre: "Profesionalak saretu eta liburutegi espezializatu eta dokumentazio-zentroen aniztasuna erakutsi nahi dugu"

"Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen IX. Bilkura" hartu dute UEUren Udako Ikastaroek. ALDEE-k, Baionako Mediateka-Biltekak eta UEUk antolatu dute elkarlanean eta Oskia Agirre (Errezil,1975) aritu da jardunaldiaren antolaketa-lanetan. Agirre Bibliotekonomia eta Dokumentazioan diplomatua da (Zaragozako Unibertsitatea) eta 2012an ikasketei berriro ekin eta Informazio eta Dokumentazio Gradura egokitzeko ikasketak egin zituen, baita Dokumentazio Digitalean masterra.

Profil profesional espezializatuak ikusarazi nahi izan dituzue bederatzigarren bilkuran. Garrantzitsua da hauek ikusaraztea?

Nahitaezkoa da, ez baitira ezagutzen, ez gizartean orokorrean baina ezta gure arloko profesionalen artean ere.

Askotan oso zentro txikietan egiten dute lan, bakarrik edo oso profesional gutxiz osatutako lantaldeetan, gaiaren espezializazioa dela eta. Halere, arazo eta erronkak partekatzen dituzte eta profesional hauek saretzea eta ikusaraztea da bilkuraren helburua.

Dokumentazio-zentro eta liburutegi espezializatuen adibideak aurkeztuko dira. Zeintzuk?

Alor desberdinetako adibideak dira, bai gaiaren aldetik, bai tamaina eta baliabideen aldetik.

Badira errotuta dauden eta ibilbide luzea duten liburutegiak, Osakidetzakoa, SIIS edota IKAS Pedagogia Zentroaren Dokumentazio Zentroa, adibidez.

Sagarraren eta Sagardoaren Dokumentazio Zentroa eta Zikloteka, berriz, azken urteetan sortutakoak dira.

Espezializatuak izatearen ezaugarria partekatzen dute, baina oso ezberdinak dira euren artean.

Zeintzuk dira dokumentazio-zentro eta liburutegi espezializatuek dituzten zailtasunak eta erronkak?

Aurretik adierazi bezala, askotan bakarrik lan egiten duten profesionalak dira, zentroaren espezializazioa dela eta. Askotan zaila da inguruan gai berean espezializatuta dauden liburutegi edota dokumentazio-zentroak aurkitzea, batzuetan ezinezkoa. Kasu askotan informazio eta zerbitzu mota oso bereziak eskaintzen dituzte, eta horrek informazioa partekatzeko eta praktika onak identifikatzeko lana zailtzen du. Halere, badituzte partekatzen dituzten ezaugarriak, eta kasu askotan arlo teknikoan elkar laguntzeko aukera izan dezakete, edo esperientzia onak arlo desberdinetara egokitzeko aukera.

Zein da alorreko profesionalak saretzeari bilkurak egin dion ekarpena?

Kasu askotan antzeko arazo eta erronkei egin behar diete aurre, baina ez dute elkar ezagutzen, eta ez dugu Euskal Herrian ditugun liburutegi espezializatu eta dokumentazio-zentroen argazkirik. Ez dugu zenbaki zehatzik, baina Hego Euskal Herrian bakarrik 70 liburutegi eta dokumentazio-zentro zerrendatzen ditu liburutegi espezializatuen mapak. Halere, ez ditu existitzen diren zentro guztiak jasotzen, eta denek ez dute liburutegi edo dokumentazio-zentroaren ardura duen profesional bat.

Nori dago zuzenduta?

Informazio eta dokumentazioaren arloko profesionalei, edota lanbidean interesa duen edonori. Ezezaguna den profil profesionala da, liburuzain eta artxibozainen profil tradizionala ez bezalakoa.

Zer da jardunaldiarekin lortzea gustatuko litzaizukeena?

Profil profesionala azaleratzea, profesionalak saretzea eta liburutegi espezializatu eta dokumentazio-zentroen aniztasuna erakustea, tipologia bereko zentroak izanagatik ere, elkarren artean oso desberdinak baitira, eta oso profil profesional bereziak garatzeko aukera ematen dute.

Nabarmentzeko zerbait?

Aniztasuna, profesional bakarrekoak, gaiaren garrantzia, zerbitzu berezituak, askotan bakarrak eta ordezkaezinak…

Jakintza-arloak