"Osasungintza euskalduna ardura handiko gaia da, eta horretan guztiok dugu zer esan eta zer egin"

2024ko martxoaren 18a

"Osasungintza euskalduna ardura handiko gaia da, eta horretan guztiok dugu zer esan eta zer egin"
Ezkerretik: Idoia Serrano, Elene Lejarzegi eta Oihane Garmendia

XVI. Pediatria Topaketak egingo dira Iurretan apirilaren 11n .Euskal Herriko Lehen Mailako Pediatria Elkarteak eta Euskal Herriko Pediatria Elkarteak antolatu dute Iurretako Udalaren, OEE-Osasuna Euskalduntzeko Elkartearen eta UEUren laguntzarekin. Idoia Serrano Pejenaute (1993, Abadiño), Oihane Garmendia Zabaleta (1992, Durango) eta Elene Lejarzegi Anakabe (1993, Lekeitio) ari dira antolaketa-lanetan. Hirurak dira Medikuntzan graduatuak eta Pediatriako espezializazioa dute Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean. Serrano eta Lejarzegi pediatrak dira Zumarragako Ospitalean (Goierri-Urola Garaiko ESI); eta Garmendia, berriz, pediatra da Iurretako osasun-zentroan (Barrualde-Galdakaoko ESI). Haiekin izan gara Topaketaren gainean hitz egiteko.

Pediatrak urteroko hitzordua duzue apirilean, Iurretan. Zein da topaketen helburua?

Pediatria Topaketak urtero egiten den jardunaldia da, aurtengoa 16. edizioa izango dugu. Pediatriaren arloan euskara hutsez egiten den jardunaldi bakanetakoa da. Hortaz, helburu nagusia da pediatriaren arloko ikerketa, eguneratze eta jakintzaren zabalkundea euskaraz egitea baimenduko duten espazioak sortzea. Era berean, pediatra eta pediatriako erizain euskaldunen arteko ezagutza erraztu eta ikerketa zein komunikazio-sareak sortzeko aukera paregabea eskaintzen du topaketak.

Zer gai jarriko dituzue mahai gainean?

Lehenik eta behin, gai desberdinetan adituen hiru hitzaldi izango ditugu. Gero, elkarrekin aisialdi-tartea izan ostean, bertaratutako pediatrek zein erizainek beren lan eta ikerketak aurkezteko aukera izango dute. Aurtengo gai nagusiak hauek izango dira: osasun mentaleko arazoak pediatriako lehen mailako arretan, genero-indarkeriaren eragina haurrengan eta pediatriaren arloko ikerketa.

Pediatriaren alorreko ikerketan ere fokua jarri nahi duzue. Zein da egoera?

Medikuntza etengabe eraberritzen ari den alorra da. Aurrerakuntza eta hobekuntzen motor nagusia ikerketa da, eta pediatria ez da salbuespena. Kontua da maiz bakoitzak bere aldetik egiten dugula lan eta ikerketarekin makilekin moduan gertatzen da, hau da, makil bakarra hauskorra da, baina makil multzoa sendoa, eta ezin du edozeinek hautsi. Hortaz, benetako balioa duen ikerketa egiteko taldeak eta sareak sortu behar dira. Hori izango da jardunaldiaren helburuetako bat: ikerketa-sareak sustatzea.

Ahozko komunikazioak aurkezteko deialdia ireki duzue. Zer helbururekin? Zein izan da orain arteko erantzuna?

Ikerketa aipatu dugu. Pediatria Topaketen helburu garrantzitsuenetako bat ikerketaren bitartez lortutako jakintzaren euskarazko zabalkundea bultzatzea da. Hori da, hain zuzen ere, komunikazioen bitartez lortu nahi duguna. Orain arteko edizioetan lankideen erantzuna oso ona izan da. Hainbat izan dira aurreko urteetan aurkeztutako lanak eta lanen kalitatea handia.

Nori dago zuzenduta?

Pediatriaren arloko osasun-profesionalei zuzenduta dago; batez ere, pediatriako medikuei eta pediatriaren arloan lan egiten duten erizainei. Hala ere, osasun-arloan hainbat espezialistak artatzen dituzte ume eta nerabeak, hala nola familia-medikuek, osasun mentaleko profesionalek… horiei ere zuzenduta dago jardunaldi hau. Pediatrian interesa duten Medikuntza eta Erizaintzako ikasleei ere gonbidapena luzatu nahi diegu, osasun-arloko ikerketa eta jakintzara euskaraz etor daitezen.

Zerbait nabarmentzerik nahi?

Topaketak osasun-arloan euskararen erabilera hauspotzeko tresna baliagarria izan daitezkeela uste dugu, maila asistentzialean zein akademikoan. Beraz, interesa duen oro animatu nahi genuke hurbildu eta ikastera. Izan ere, osasungintza euskalduna ardura handiko gaia da, eta horretan guztiok dugu zer esan eta zer egin.

Jakintza-arloak