Onintze Parra: "Erreaktorera sartu dugun CO2-aren ia % 40 zenbait produktu bihurtzea lortu dugu, eta horien % 75 gasolina izan da"

2023ko maiatzaren 10a

Onintze Parra: "Erreaktorera sartu dugun CO2-aren ia % 40 zenbait produktu bihurtzea lortu dugu, eta horien % 75 gasolina izan da"

Onintze Parrak (1998,Bilbo) Ingeniaritza Kimikoko Gradua (UPV/EHU) eta Ingeniaritza Kimikoko Masterra (UPV/EHU-UC) ikasi zituen. Azken horretan Ikasiker ikerkuntza-beka bat jaso zuen ikerketa-munduan sartzeko, eta bertan konturatu zen doktorego-tesia egin nahi zuela. Ia bi urte daramatza Procat-Vares taldean ikertzen.

Ingeniaritza Kimikoa ikasi zenuen, eta zalantzak zalantza, ikerketaren munduan sartzeko hautua egin zenuen. Zergatik?

Txikitatik argi nuen zientzian aritu nahi nuela. Arlo guztien artean, Matematika eta Kimika ziren gehien erakartzen nindutenak eta Ingeniaritza Kimikoak nolabait biak barneratzen ditu. Zientziaz gain, irakaskuntzak beti tiratu egin nau, eta nire ideia nagusia Irakaskuntza Masterra egitea eta irakasle aritzea zen. Baina masterrean ikertzen hasi nintzenean, liluratu egin ninduen. Oso polita da egunero gauza berriak ikasi behar izatea, eta ikerkuntzak horretara bultzatzen zaitu. Gainera, hemen unibertsitatean, ikerkuntza eta irakaskuntza bateratzeko aukera dago, eta asko ikasten da horrekin.

CO2-a gasolina nola bihurtu ikertzen ari zara. Nola sortu zen aukera?

Gure ikerketa-taldean prozesu katalitikoak eta hondakinak balioztatzeko prozesuak lantzen dira. Horien artean, CO2-a balio altuko produktu bihurtzeko lerroa, nirea. Ikasiker bekarekin taldean sartzean, lankide baten ikerketa-gaian hasi nintzen olefinak (etilenoa, propilenoa) ekoizteko prozesuan. Hortik aurrera, nire tesi-proiektua garatzean, prozesua gasolinaren ekoizpenera bideratzea erabaki genuen, mundu-mailan ez zegoelako oraindik oso landuta, eta klima-larrialdiaren aurrean erregaiak erabiltzen jarraitu ahal izateko prozesu interesgarria da.

CO2-aren isurpenak gasolina bihurtzeko katalizatzaileen figura sartzen da jokoan. Zer dira?

Katalizatzaileak erreakzio kimikoak gertarazteko eta horien abiadura kontrolatzeko erabiltzen diren substantziak dira. Gure kasuan, metal oxidoak eta zeolita izeneko katalizatzaile azidoak erabiltzen ditugu. Oso partikula-tamaina txikia lortu arte birrintzen ditugu material hauek, eta erreaktorean bertan sartzen ditugu erreakzioak egin baino lehenago. Horiek gabe ezin izango zen CO2-a beste konposatu bihurtu, oso molekula egonkorra delako.

Baina gasolinarik onena lortzeko katalizatzaile hauek frogatzen ari zara.

Bai, erabiltzen dugun katalizatzailearen arabera, erreakzio kimikoetan lortutako produktuak oso desberdinak izango dira. Izan ere, material bakoitzak bere propietateak ditu (konposizioa, azidotasuna, estruktura...). Horregatik, katalizatzaile bat aukeratzean bada funtsezko ezaugarri bat: hautakortasuna. Hau da, zein izango den katalizatzaile horrekin lortuko dugun produktu nagusia.

Proba hauetan gasolina ekoiztea lortu duzue. Nolakoak izan dira emaitzak?

Orain arte oso emaitza onak lortu ditugu. Erreaktorera sartu dugun CO2-aren ia % 40 zenbait produktu bihurtzea lortu dugu, eta lortutako produktu horien % 75 gasolina izan da. Gainera, katalizatzaileak ordu asko iraun du desaktibatu gabe, hau da, eraginkortasunik galdu gabe.

Gasolinaren kalitatea ere egiaztatu duzue. Nola?

Gasolina zenbait hidrokarburok osatutako nahastea da. Beraz kalitatea frogatzeko egiten dugun lehenengo gauza konposizioa aztertzea da. Ez da berdina gasolinak isoparafina asko, olefina asko edo konposatu aromatiko asko izatea. Orokorrean, onena isoparafinen eduki altua izatea da. Izan ere, horiek gasolinaren oktanajea igoko dute. Gure kasuan, lortutako gasolina oso isoparafinikoa izan da, eta 92ko oktanajea izan du. Ez da heltzen gasolindegietan dagoen Gasolina 95 edo Gasolina 98ra, baina hurbil gaude.

Ekoiztutako gasolinaren propietateak hobetzea da orain helburua? Zer pauso ematen ari zarete?

Propietateak hobetzeko eta prozesuaren eraginkortasuna igotzeko bi gauza egiten ari gara orain: katalizatzaileak hobetzen jarraitu (material berriak erabiliz, tratamendu edo modifikazioak aplikatuz) eta prozesuaren erreakzio-baldintzak optimizatu (tenperatura eta presioa, adibidez).

CO2-aren isurpenak dira klima-aldaketaren eragile nagusiak. Zure ikerketarekin zer ekarpen egitea gustatuko litzaizuke?

Egia da klima-larrialdiaren aurrean irtenbiderik onena erregai- eta energia-kontsumoa murriztea dela. Izan ere, gaur egun daramagun bizimoduarekin oso zaila da klima-aldaketari aurre egitea. Dena den, epe laburrean hau gertatzea oso zaila ikusten dut. Horregatik, kontsumoa murrizteko estrategiak alde batera utzi barik, noski, CO2-aren balorizazioarekin gehiago hurbilduko gara zero emisio garbi duen agertokira. Egia da ekoizten dugun gasolina erabiltzean CO2-a isurtzen dela, baina gero berriro erabili ahalko litzateke gasolina gehiago ekoizteko, zikloa itxiz.

CO2-a gasolina bihurtu duzue. Industrializatzeko aukerarik egongo da?

Momentuz eskala txikian lan egiten ari gara. Dena den, prozesuaren portaera aurresateko modelo matematikoetan eta simulazioetan lanean ari gara, modu horretan eskalatze-prozesura hurbiltzekoetaindustrializazioa zenbateraino den bideragarria ikusteko.

Diziplinarteko ikerketa da zurea, zer garrantzi du talde-lanak?

Talde-lana funtsezkoa da. Alderdi asko ditu prozesuak eta taldeko pertsona bakoitza gauza batean edo bestean nabarmentzen da. Nire kasuan, kimikako laborategiko lana ez zait hainbeste gustatzen eta Ingeniaritzako lana edo datu-analisia nahiago ditut. Gainera, ikerketaren punturen batean trabatzen garenean edo ekiporen bat hondatzen denean, beti da garrantzitsua begi eta esku asko izatea, horrela denak hobeto funtzionatzen baitu.

Txiotesian parte hartu zenuen. Nolako esperientzia izan zen?

Oso esperientzia polita izan zen. Laborategietan gertatzen dena ez da laborategietan edo komunitate zientifikoan bakarrik geratu behar. Funtsezkoa da gizarteak ikerlariok egiten duguna ulertzea; izan ere, gizarte jasangarriago baterantz joateko egiten dugu lan, eta pertsonak kontuan izatea ikerketaren parte oso garrantzitsua da. Bestela, gutxi batzuek bakarrik jakingo dute zertan gabiltzan lanean, eta zientziak guztiontzat eskuragarri egon beharko luke. Horren harira, Txiotesia aukera bikaina da. Jende askok erabiltzen du Twitter; adin, lanbide, egoera sozial askotariko pertsonek. Beraz, zientzia (eta gainera euskaraz) sare horretatik dibulgatzea oso ekimen polita eta aberasgarria da nire ustez. Ziur nago antolatzen jarraitzen den bitartean parte hartzen eta nire lankideak hori egitera animatzen jarraituko dudala.

Datorren astean egingo den Ikergazte kongresuan ere parte hartuko duzu. Zer ekarpen egiten dute Ikergazte bezelako topaguneek?

Bai, euskarazko ikertzaile gazteentzako Ikergazte kongresuan hitzaldi batekin parte hartuko dut. Horrelako topaguneak euskaraz egiten den ikerkuntza bateratzeko eta zabaltzeko aukera bikaina dira. Gainera, diziplina askoko pertsonek partekatzen dituzte beren ikerkuntza-lerroetan lortutako emaitzak. Nire ustez, benetan garrantzitsua da horrelako ekintzak antolatzea; izan ere, ikertzaile gazte euskaldunok egiten duguna zabaltzeko oso aukera polita da. Aurten da Ikergazten parte hartzen dudan lehenengo aldia, baina espero dut azkena ez izatea!

Zeintzuk dira eskuartean dituzun erronkak?

Lanean, ikerketarekin aurrera joatea, kalitate hobeko gasolina bat lortzea eta prozesua optimizatzen jarraitzea. Bestalde, gazteen artean (bereziki neska gazteen artean) zientziaren ikaskuntza sustatzeko zenbait proiektutan sartuta nabil, eta dibulgazioko hainbat ekimenetan parte hartzen dut. Beraz, aurten gazteekin lan egiten, emakumeon lana zientzian azpimarratzen eta zientzia gizarteratzen jarraitzea gustatuko litzaidake, laborategietan egiten duguna aldizkari zientifikoetan bakarrik gera ez dadin.

Jakintza-arloak