Olatz Leturiaga: "Euskal Herriko erdialdeko hizkerez, eta, zehatzago esateko, Gipuzkoa (erdialde)ko hizkeraz ezer gutxi dakigu"

2023ko urriaren 4a

Olatz Leturiaga: "Euskal Herriko erdialdeko hizkerez, eta, zehatzago esateko, Gipuzkoa (erdialde)ko hizkeraz ezer gutxi dakigu"

Olatz Leturiagak (Zarautz, 1996) Euskal Ikasketetako Gradua ikasi zuen Gasteizen, EHUko Letren Fakultatean, eta ondoren, Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologiako Masterra egin zuen unibertsitate berean. Gaur egun, Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologiako doktoregaia da eta bere tesian Gipuzkoa erdialdeko euskara aztertzen dabil ikuspegi historiko-dialektologikotik. 2022an, Juan Irazusta. Pertsona, garaia eta idazlana izeneko liburua argitaratu zuen Alkizako Udalaren, Euskaltzaindiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin; liburuak lotura du beraren ikergaiarekin, XVIII. mendeko Juan Irazusta idazle alkizarra eta hark egindako lana (Gaspar Asteteren dotrinaren euskarazko itzulpena, 1739) garaiko testuinguruan kokatzen baititu. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak emandako Doktoretza Aurreko Programako laguntzari esker dabil tesia egiten. Monumenta Linguae Vasconum ikertaldeko kidea da, baita Aziti Bihia hizkuntzalari eta filologo gazteen elkarteko kidea ere.

Euskal ikasketak ikasi eta ikerketaren munduan murgildu zinen gero.

Nahiko argi nuen Euskal Ikasketetako Gradua egin nahi nuela. Egia esan, nik ere ez dakit oso ondo zergatik, baina hori sentitzen nuen. Euskara da nire hizkuntza eta banuen halako interes berezi bat, hizkuntzaz gehiago jakiteko grina.

Gradua bukatu ondoren, zein bide hartu erabaki behar nuen. Batxilergoan zer ikasi erabakitzea baino zailagoa izan zen hori niretzat; izan ere, Filologian jarraitu nahi nuen, baina ikerketaren mundua ikasle “bikainen” kontua bakarrik zela uste nuen… Ni ikasle ona nintzen, baina behar bezain ona? Horri lotuta aurreiritzi ugari daude, edo nik behintzat banituen. Azkenean, ausartu egin nintzen. Une zailak ere badaude, noski, baina momentu honetan pozik nago hartutako erabakiarekin. Gero gerokoak.

Gipuzkoako erdialdeko euskara duzu ikergai. Nola sortu zen aukera?

Master-amaierako lana egin behar nuen. Dialektologiako gairen bat ikertu nahi nuen, baina ez nekien oso ondo zer. Iñaki Camino irakaslearengana jo nuen, bera izan zelako masterrean dialektologiako eskolak eman zizkigunetako bat. Berak esan zidan Gipuzkoa erdialdeko euskara ikertzeko zegoela eta niretzat gai aproposa izan zitekeela: zarauztarra naiz, ikergai dudan eremua ezagutzen dut, eta horrek lagundu egiten du gaia hobeto kontrolatzen eta interesari eusten.

Itxialdian egon ginen garaian tokatu zitzaidan master-amaierako lana egitea, eta uste dut horrek ere lagundu zidala: eguneroko erritmoa jaitsita, errazago zentratu nintzen egin behar nuen lan horretan. Ordura arte ez nuen doktore-tesian pentsatzen, baina gaiak asko harrapatu ninduen. Hasi nintzen, eta gero ezin utzi… Iñaki Caminoren zuzendaritzapean hasieran, eta Eneko Zuloaga batu zitzaigun gero. Orain biak ditut tesi-zuzendari, ezin naiz kexatu.

Gipuzkoako Urola-Goierri-Tolosalde-Beterri arteko eremuan zentratu zara. Zergatik eremu jakin hori?

Hasteko, esan beharra daukat nire lana beste ikerketa batzuekin batera ulertu behar dela, eta ikerketa horiek guztiek Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren hipotesi bat dutela abiapuntu: gaur egun ezagutzen ditugun euskalkiak ez dira betidanikoak. Horri lotuta, Mitxelenak uste zuen euskal dialektoak egoera linguistiko bateratuago batetik datozela, eta, denbora pasatu ahala, lehengo hizkuntza bateratuago hori (Euskara Batu Zaharra deitzen dioguna) zatituz joan zela, gaur egun ditugun dialektoetara iristeraino. Hipotesi horri jarraitu diote euskal dialektologialari eta diakronista nagusi gehienek, eta, azken urteotan bereziki, hainbat ikerketa egin dira euskalkiak nola sortu eta garatu diren jakiteko, hots, hizkuntza-zatiketa hori nola gertatu den ezagutzeko.

Orain arte, linguistikoki ezberdinago diren mendebaleko eta ekialdeko hizkerak aztertu dira gehien bat ikuspegi historikotik. Aitzitik, Euskal Herriko erdialdeko hizkerez, eta, zehatzago esateko, Gipuzkoa (erdialde)ko hizkeraz ezer gutxi dakigu. Hori da, hain zuzen, nire ikerketa Gipuzkoako Urola, Goierri, Tolosalde eta Beterri eskualdeetan zentratzearen arrazoi bat: aztertzeko dagoela.

Horrez gain, hizkuntzari dagokionez oso gune interesgarria da; izan ere, Gipuzkoaren erdi-erdian dagoenez, eremu askotako ezaugarriak elkartzen dira: Euskal Herriko mendebalekoak (Bizkaian, Araban eta Gipuzkoako Debarroan ere badaudenak), Euskal Herriaren erdigunekoak (Nafarroa Garaian, Lapurdin eta Gipuzkoako ekialdean ere badaudenak), Gipuzkoakoak, eskualde-mailako berezitasunak, etab. Gipuzkoa erdialdeko eskualdeek ondoan dituzten eremu geografiko eta linguistiko horiekin guztiekin izandako hizkuntza-loturak aztertzeak (zer ,nondik ,nora(ino), noiz…) euskal dialektoen historia hobeto ezagutzen lagun diezaguke.

XVI.-XIX. testu zaharrak erkatzen diharduzu. Nondik eskuratu dituzu eta zer da haietatik jaso nahi duzuna?

Urtez urte agertzen joan dira zenbait euskal testu zahar eta horiek dira nire (gure) lanabes: horiei esker jakin dezakegu iraganeko euskara nolakoa zatekeen. Testu batzuk ezagunak dira, beste batzuk ez horrenbeste, eta berriak ere ager daitezke: 2020an ezagutarazi ziren, adibidez, Azkoitiko 1515eko poemak, Ene laztan gozo ederra… dioten horiek. Aurkitzen den testu bakoitza, laburra izanda ere, garrantzi handikoa izan daiteke guretzat, ez genekien zerbait erakuts diezagukeelako.

Aipatu bezala, Urola-Goierri-Tolosalde-Beterri arteko hizkera(k) definitzen d(it)u(z)ten ezaugarri batzuen sorrera eta ibilbidea ikertzen nabil testu zaharren bidez: eremu horretara zer, nondik, nora (eta ahal den neurrian) noiz iritsi edo sortu eta hedatu den. Horretarako, hizkuntza-ezaugarriek leku nahiz garai bakoitzean duten agerpenari erreparatu behar zaio testuz testu. Nire iker-eremua nahiko zabala da, eta ezin izango dut testuetan ageri den guzti-guztia aztertu. Hori dela eta, momentuz aditz-morfologiako gaietan zentratzen nabil, normalean fonologia eta morfologiako gaiak izaten baitira emankorrenak halako lanetan.

Hizkuntza aztergai duzu baina hizkuntzan eragiten duten beste aldagai batzuk ere kontuan hartu behar izan dituzu.

Bai, halabeharrez. Dialektologiako lanetan ohikoena da datuak grabazio eta inkesten bidez jasotzea, baina, iraganeko kontuez ari garenean, ez dago horretarako aukerarik. Horregatik, datuak biltzeko testu zaharrez baliatzen gara: poemak, bertsoak, gutunak, udal-aginduak, kristau-dotrinak, etab. Aurreko zenbait ikerketak erakutsi dute aspaldiko garaietatik gaur arte gordeta iraun duten idazkiak oso baliagarri direla iraganeko hizkuntza nolakoa zen jakiteko. Halere, idatzizko datuak ezin dira nolanahi interpretatu, eta, ondorio zuzenak ateratzeko, beharrezkoa da kontuan hartzea egilearen jaioterria, ikasketa-maila, idazlearen helburua edo nahia, garaiko hizkuntza-joerak… Dialektologiaz gain, soziolinguistika ere sartzen da hor.

Bestalde, kanpo-historiaz jakiteak ere lagun diezaguke gure hipotesiak osatzen. Ni filologoa naiz, hizkuntza da nire ikergaia, eta datu linguistikoek eurek ere nahikoa izan behar lukete berme gisa, guk ere baditugulako gure lege eta arauak. Nolanahi ere, hizkuntza pertsonok erabiltzen dugu eta gizartean bizi gara; hori dela eta, gizarteko hartu-emanek ere eragiten dute hizkuntzan: eskualde bakoitzeko bizilagunek ondoko zein eskualde/lurraldetakoekin izan dituzten harremanak, nora joan diren lanera, nora joan diren merkatura, etab. Horrek guztiak ere eragiten du hizkuntzan.

Zer erakutsi dute orain arteko emaitzek?

Lehenagoko zenbait ikerketak erakutsi dute Urolara eta Goierrira, gutxienez, iritsi dela mendebaleko euskararen eragina. Hobeto aztertu behar da, ordea, eragin hori noiztik dagoen nire iker-eremuan eta noraino hedatu zen Gipuzkoaren barrenean; izan ere, baliteke gaur egun baino eremu zabalagora iritsi, eta gero, atzera egin izana, edo ez. Horri lotuta, Gipuzkoako testuetan ageri diren mendebaleko adizki batzuk aztertu ditut, eta, idazki zaharretako datuak sakon aztertu ondotik, uste dut zenbait ñabardura egin behar direla baieztapen horretan: segur aski Urolako eta Goierriko herri guztietara ez da indar beraz eta garai berean iritsi mendebaleko euskararen eragina.

Bestalde, ikusi dut Tolosaldeak eta, batez ere, Beterrik Euskal Herriko erdialde hertsiarekin (Nafarroa Garaia-Lapurdirekin eta, agian, Behe Nafarroa eta Zuberoarekin) izandako lotura erakuts dezaketela beste berrikuntza batzuek.

Ezaugarri batzuk aztertu ditut eta esan dezaket nire iker-eremuan egon diren iraganeko hizkuntza-loturak ezagutzen nabilela pixkanaka… Baina badaukat lana oraindik!

Zer zailtasun aurkitu dituzu?

Nahi baino testu zahar gutxiago ditugula, baina hori jardun honetan gabiltzan guztion arazo bat da, ez nirea bakarrik. Hala ere, dauden datuei ahalik eta zuku gehien ateratzea da gure lana, ditugun lanabesekin ahalik eta hipotesirik finenak proposatzea.

Dialektologia testu zaharren bidez egitea ez da lan erraza, zenbait galdera eta zailtasun sortzen baitira: batzuetan zaila da ziur jakitea garai eta toki horretan egiten zen ahozko hizkeraren isla den testuan islatzen den hizkuntza hori, edo idatzizko joera eta estilo jasoagoa erabili izanari zor zaizkion ezaugarri batzuk. Nire iker-eremuan bereziki garrantzi handia du gai honek; izan ere, XVIII. mendearen erdialdean Gipuzkera literarioa deitu zaion korrontea sortu zen Manuel Larramendi andoaindarraren gidaritzapean. Horrekin batera, euskara “txukun” eta landuagoan idazten hasi ziren zenbait euskal idazle. Hori dela eta, oso kontuz ibili behar dut testu batzuekin lan egiten dudanean, egile jantziek beti ez baitute herrietako ahozko hizkera leialki islatzen; hizkuntza idatzian egon ziren “modak”, joerak, ere tartean dira. Errazena testu horiek albo batera uztea litzateke, baina testu jasoago horietan ere tartekatzen dira ahozko ezaugarriak, eta iraganeko euskara ezagutzeko bidea eman diezagukete. Horregatik, horiek ere kontuan hartzen ari naiz, nahiz eta lehentasuna testu xumeei eman, hots, ahozkotik gertuko hizkera ziurra dutenei.

Nire iker-eremua nahiko zabala da eta horrek ere lana zailtzen du. Gainera, Gipuzkoa erdialdeko eskualdeetan dauden ezaugarri batzuk, besteak beste, Araban, Nafarroa Garaian eta Lapurdin ere badaude, eta, beraz, lurralde horietako testuei ere begiratu behar diet. Datu askorekin lan egin behar dut, ez da jardun erraza.

Ikerketaren zer fasetan zaude?

Momentu honetan tesiko alderdi teorikoa lantzen nabil. Guk ere baditugu gure lege eta arauak, edozein modutan lan egiteak ez du balio. Orain arte, teoria eta praktika, biak uztartu ditut, baina alderdi teorikoa lasai eta patxadan idazteko ere denbora hartu behar da, eta horretan nabil orain. Gipuzkoa (erdialde)ko euskararen inguruan orain arte esan dena biltzen nabil, aurretiko ikuspegi horiei nire ekarpena gehitzeko gero.

Txiotesian parte hartu zenuen, baita Ikergazten... Zergatik? Zer-nolako esperientziak izan dira?

Biak ala biak oso esperientzia atseginak izan ziren. Txiotesian parte hartzea egunean bertako kontua izan zen. Beste ikertzaile batzuk txiokatzen ikustean, pentsatu nuen aukera egokia izan zitekeela jendeari zertan nabilen erakusteko. Ikergazte aurreko bi edizioetatik ezagutzen nuen, baina orain arte ez dut parte hartzeko aukerarik izan. Azkeneko edizioa ikusita, “hurrengoan bai!” esan nuen, eta halaxe izan da. Oso gustura egon nintzen, eta beste ikertzaile batzuk eta haien lanak ezagutzeko aukera izan nuen. Guztia giro atseginean eta euskaraz, ezin gehiago eskatu.

Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?

Ba… Tesia bera! (barrez). Ez da erronka makala Gipuzkoa erdialdean gertatu diren gorabehera linguistikoak ulertzen lagunduko digun azalpenak bilatzea. Asko dago ikertzeko, orain arte ezer gutxi esan izan baita eremu horretako iraganeko euskararen inguruan.

Gipuzkoa da egun euskal hiztun gehien duen lurraldea, giputzez eta gipuzkeraz asko hitz egiten da, baina gipuzkeratzat hartu izan diren hizkuntza-ezaugarriak nahiko modernoak dira eta aurretik zer zegoen jakin nahi dugu. Badakit tesiarekin ez dudala guztia argituko, baina orain dakiguna baino gehiago jakitea lortzen badugu, ni pozik!

Jakintza-arloak