Oier Pedrera Diez: "Landareak nagusiki airez elikatzen direla ulertzea gakoa da alfabetatze zientifikorako"
2024ko azaroaren 19a
Txiotesia7 lehiaketan parte hartu zuen Oier Pedrera Diezek (Errenteria, 1997). Biologian graduatua da Ingurumen Biologia aipamenarekin. Irakasleen Prestakuntza Masterra ikasi ondoren Zientzia Esperimentalen Didaktikaren arloan aritu da ingurumen-hezkuntza, biodibertsitate-hezkuntza eta landareekiko itsutasunaren fenomenoaren gaiak ikertzen . Orain, Biologiaren hezkuntza formalarekin erlazionatuago dagoen Landareen nutrizioaren ikaskuntza eta irakaskuntza Bigarren Hezkuntzan: Diseinuan Oinarritutako Ikerketaren azterketa izeneko tesia amaitzen dago. Bere ikerketa gehiago ezagutzeko izan gara berarekin.
Biologoa eta hezkuntzan ikertzailea. Zein izan da zure ibilbidea?
Bueno, hau zenbaitetan egin didaten galdera da eta ulertzekoa da, ikerketa didaktikoaren irteera ez baita oso ezaguna zientzialarien artean. Baina, egia esateko, nire ibilbide akademikoa nahiko naturala izan da.
Biologiako Graduan hasi aurretik argi neukan lan-aukerak murritzak izango zirela. Ondorioz, beti izan dut hezkuntzaren lan-irteera egonkorragoa eta ez horren prekarioa presente. Gainera, nire jakin-min pertsonalak zientzian eta ikerketan interesatzera eraman baninduen ere, betidanik erakarrinaute irakaskuntzak eta gai konplexuak modu errazean azaltzeko ahalmenak. Hori dela eta, gradua amaitu bezain laster, Irakasleen Prestakuntza Masterra egitea erabaki nuen, gerora beste ikasketa batzuk egitea baztertu gabe. Bertan, eskaintzen ziren MALak ez zitzaizkidan oso zirraragarriak iruditu. Orduan, orain nire tesi-zuzendarietako bat den Oihana Barrutiari landareekiko itsutasunaren inguruko lana egitea proposatu nion, ekologiarekin erlazionatutako zerbait egiteko ahaleginetan. Horrela, ikerketa didaktikoa ezagutu nuen, eta arlo horretan doktorego-tesia egiten amaitu dut, biologia, ikerketa eta hezkuntza uztartuz.
Landareen nutrizioa Bigarren Hezkuntzan nola irakatsi, hori izan duzu ikergai. Nola sortu zen aukera?
Landareen nutrizioaren gaian zehazki zentratzeko ideia MALaren ondorioz agertu zen. Horren emaitzetan behatu genuenez, EAEko Bigarren Hezkuntzako ikasleek landareekiko itsutasunaren hainbat adierazle aurkezten zituzten. Adibidez, ikasleok ez ziren gai Euskal Herriko landare espezie ohikoenak izendatzeko, landare gutxiago zerrendatzeko kapazak ziren animaliak baino, ez zuten landareen garrantzia hautematen eta orokorrean landareak aspergarritzat edo interes gabekotzat jotzen zituzten. Emaitzok larritzekoak izan ziren, landareen ezagutza haien balioespenerako eta kontserbaziorako ezinbesteko aurrebaldintza baita; baina esperotakoak ere izan ziren landareekiko eta naturarekiko itsua den gizarte batean bizi diren nerabeentzat.
Hala ere, bereziki deigarria edo esanguratsua iruditu zitzaigun 1. DBHko eta Bigarren Hezkuntza amaierako ikasleen artean landareen nutrizioaren ulermenean aldaketa txikia behatu izana, are gehiago, kontuan hartzen badugu gaia zikloro lantzen dela Lehen Hezkuntzatik unibertsitatera. Hala, tesia landareen nutrizioaren ikaskuntza eta irakaskuntza hobetzean ardaztea abagune interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaigun ikasleen alfabetatze botanikoa emendatzeko eta berez existitzen diren zailtasun pragmatikoei irtenbideak topatzeko asmoz. Beraz, erabaki genuen tesiaren helburu nagusia landareen nutrizioaren inguruko ikaskuntza-irakaskuntza sekuentzia bat diseinatzea eta enpirikoki frogatzea izango litzatekeela, horretarako Diseinuan Oinarritutako Metodologia (DOI) erabiliz.
Ikasle talde bat hartu eta landareen nutrizioari buruz zuten ezagutza baloratu nahi izan zenuen. Zergatik?
Bai, bueno, tesiaren lehenengo eginkizunetakoa ikasleek landareen nutrizioaren inguruan zituzten modelo mentalak eta ezagutza aztertzea izan zen. Diagnostiko hori ezinbestekoa da, batetik, abiapuntua zein den jakiteko, eta, bestetik, testuinguruko zailtasun eta ikaskuntza-beharrak identifikatzeko. Izan ere, zientzien ikasketan garrantzi izugarria dute ikasleen aurreideia eta zailtasunek, eta haietatik abiatu beharko litzateke irakaskuntza, progresiboki ikasleen ideiak adostasun zientifikorantz hurbilduz. Hortaz, guk diseinatutako jarduera-sekuentzia testuinguruko egoerara doituta egon zedin, EAEko Batxilergoko1. mailako 122 ikasleri landareen nutrizioaren inguruko galdetegi ireki bat pasa genien. Bertan, landareen nutrizioa ulertzeko gakoak diren hainbat ideiaren inguruan arrazoitzeko eskatu genien, hala nola landareek energia nola lortzen duten edota landarerik gabeko ekosistema batean zer gerta daitekeen, eta erantzunak modu kualitatiboan aztertu eta kategorizatu genituen.
Zer erakutsi zuten emaitzek?
Azterketaren arabera, Batxilergoko1. mailako ikasleen gehiengoak modelo mental hibridoak zituen. Hau da, ikasleek ideia zientifikoak (urtetan eskolan ikasitakoak) eta intuitibo edo popularrak (testuinguru informaletan bereganatu edota garatutakoak) nahasten zituzten haien arrazoiketetan. Adibidez, ohikoa zen ikasle askok landareek fotosintesia egiten dutela jakitea haien bizitza akademikoan behin eta berriz entzun baitute hitz hori. Haatik, gutxi ziren gai fotosintesiak landareen elikaduran duen papera modu egokian identifikatzeko, eta are gutxiago prozesu hori eta CO2 finkatzea erlazionatzeko. Gainera, hainbat ikasleren arrazoiketen muinean landareen nutrizioaren ulermen heterotrofikoak ezkutatzen zirela behatu zen. Hots, haien azalpenetan gizakien edo animalien nutrizio-eredua landareei egokitzen saiatzen ziren, “landareek sustraietatik jaten dute eta xurgatutakoa fotosintesiaren bidez prozesatzen dute” moduko esplikazio antropozentristak proposatuz.
Bestalde, landareek gainontzeko bizidun aerobioen arnasketa berbera egiten dute etengabe energia lortzeko O2-a kontsumituz eta CO2-a isuriz. Hala ere, ziur aski landareak gauean gelatik atera behar direlako esaera zabalduaren eraginez, ikasle askok arnasketa gauez gertatzen den gas-truke soil baten modura definitu zuten; eta beste batzuek, berriz, zuzenean landareek arnasketarik egiten ez dutela edo landareen arnasketa fotosintesia dela adierazi zuten, besteak beste.
Landareen nutrizioaren ezagutza urri horrek garrantzirik ez duela iruditu dezake. Aitzitik, landareak nagusiki airez elikatzen direla ulertzea (landareak osatzen dituen materia organikoaren zati handiena CO2-tik eratorritako karbonoa baita) gakoa da alfabetatze zientifikorako. Ekosistemen funtzionamendua konprenitzeko zein egungo hainbat arazo sozioekologikoren aurrean (adb. aldaketa klimatikoa eta landareek karbono hustubidetzat duten papera, dietaren inpaktu ekologikoa…) modu argudiatuan jarduteko, beharrezkoa da landareen nutrizioaren inguruko kontzeptualizazio egokiak eraikitzea. Ondorioz, emaitzok iradoki zuten diseinatutako sekuentziaren jardueren enfasia jarri beharko litzatekeela diskurtso informalak gainditzean, ikasleak haien ideia intuitiboez kontziente egitean, eta prozesu kimikoetan gertatzen diren transformazioak ulertzean.
Horri buelta eman nahian, sekuentzia diseinatzeko Diseinuan Oinarritutako Metodologia (DOI) erabili duzu. Zertan datza?
Metodologia hau da doktorego-tesi osoa ardazten duena. Medikuntzan terapia berritzaileek ebidentzietan oinarrituak eta enpirikoki frogatuak izan behar duten moduan, hezkuntzan ere, azken urteetan, proposamenak eskala handian aplikatu aurretik frogatzearen garrantzia aldarrikatu da. Bada, DOI metodologiak baimentzen duena da ikasgelarako materialak (guk ikaskuntza-irakaskuntza sekuentziak deitzen ditugunak) modu informatuan diseinatzea eta frogatzea, aldi berean, komunitate zientifikoarentzat baliozkoak diren teoriak garatuz eta hezkuntza-hurbilketa eraginkorrak identifikatuz. Gainera, irakasleen eta ikertzaileen elkarlana bultzatzen duenez, maiz horien artean dagoen arrakala ere murriztu dezake, ebidentziak ikasgeletara hurbilduz eta irakasleen ezagutza tazitu eta pragmatikoa ikertaileei transmitituz.
Horrela, metodologiak hiru fase nagusi ditu, bai eta nire doktorego-tesiak ere. Lehena, fundamentazioarena da, non gaiaren ikaskuntza-irakaskuntzari buruz literaturan dauden proposamen eta ebidentziak jaso eta testuinguruko beharrak identifikatzen diren. Bigarrena, esperimentazio iteratiboarena da, egunero ikasgeletan dauden irakasleekin egiten dena. Hor, lehenengo fasean jasotako emaitzak jarduera-sekuentzia bat diseinatzeko erabiltzen dira. Prototipo edo lehen diseinu hori ikasgeletan inplementatu egiten da, zenbait irizpideren arabera enpirikoki ebaluatu eta behar beste aldiz errepikatzen da prozesua, harik eta sekuentzia edo produktuaren emaitzekin pozik egon arte. Azkenik, hirugarrena, atzera begirako azterketa da, jasotako mota anitzeko emaitzak interpretatzean eta aurkikuntzen zentzua bilatzean datzana, irakasleentzat eta ikertzaileentzat erabilgarriak diren printzipio orokorrak garatuz. Hortaz, modu sinplean azalduta, DOI metodologia edozein gairi buruzko ikaskuntza-irakaskuntza materialak diseinatu eta behin eta berriz enpirikoki hobetzeko metodoa da.
Ikaskuntza-irakaskuntza sekuentzia ikasgelan aplikatuondoren, zer erakutsi dute emaitzek?
Tesian bi diseinu-, inplementazio- eta ebaluazio-ziklo iteratibo egin ditugu eta emaitzak benetan interesgarriak izan dira. Sekuentziaren bi bertsioak konparatzerakoan ikusi dugu bai bata bai bestea eraginkorrak izan direla orokorrean ikasleen modelo mentalak, arrazoiketak eta transferentzia-ahalmena ere emendatzeko; ostera, bereziki birdiseinuak izan du inpaktu handiena. Adibide bat jartzearren, hasierako diagnostikoan ikusi moduan, gaia hasi aurretik ikasleen % 5 inguruk erlazionatzen zituen fotosintesia eta CO2-a. Ordea, sekuentzia burutu ostean, ikasleen % 62 iritsi da fotosintesiak, materia organikoaren eraketaketa CO2-ak horretan duten papera azaltzera.
Sekuentzia oraindik ere gehiago findu daiteke, bai edukien zein erabilgarritasunaren aldetik hainbat hutsune identifikatu direlako. Hala ere, diseinuak ikasleengan duen inpaktu positiboa ukaezina izan da eta gai problematiko honen irakaskuntza errazteko hainbat estrategia edo elementu didaktiko definitzeko balio izan du. Horrela, bereziki emaitza ona eman duten hurbilketak eta gehiagotan inplementatu beharko liratekeenak hurrengoak izan dira: ikasleek ikasgelara hasieratik daramatzaten ideiak esplizituki gezurtatzea, gaia fenomeno bat erabiliz testuinguruan kokatzea eta praktika zientifikoetan jardutea.
Zeintzuk dira DOI metodologia ikastetxeetan eta beste gai batzuekinaplikatzeko erronka nagusiak?
DOI metodologiak lortzen dituen emaitzak ikusita, logikoa da galdetzea zergatik ez den ikastetxe guztietan eta ikasi behar diren gai guztiekin inplementatzen. Hala ere, bi arazo pragmatiko eta arrazoi nagusi daude nire aburuz. Batetik, DOI metodologia eskala handian aplikatzea zaila izan daiteke hezkuntza-testuinguruak oso desberdinak izan daitezkeelako horrek eskatzen duen tokian tokiko egokitzapenarekin. Eta, bestetik, horrelako ikerketek eta materialen diseinuek denbora eta esfortzu handia eskatzen dute tratatzen den datu kopuru handiarengatik. Gainera, horrelako hurbilketa berritzaile frogatuen diseinu eta ebaluazioa jada lanez gainezka dauden irakasleei esleitzea ezinezkoa da. Alabaina, irakasleen ekarpenak guztiz beharrezkoak dira diseinatzen diren materialen praktikotasuna eta egokitasuna bermatzeko. Hortaz, zaila bada ere, egin beharko litzatekeena ikerketaren eta praktikaren munduak gerturatzea da, ikertzaileen eta irakasleen arteko harremanak estutuz, sareak ehunduz, eta materialen diseinu eta fintze iteratiboak baimentzeko banku komun ofizialak eratuz. Era horretan, pixkanaka material eta printzipio transferigarri eraginkorren datu-base bat eraikiko litzateke, gero irakasle bakoitzak behar adina kontsultatu eta haien testuinguruetara egokitu ahalko lukeena.
Txiotesian parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?
Txiotesia niretzat nolabaiteko erronka pertsonala izan zen. Oso gustuko dut dibulgazioa eta iruditzen zait ikertzaile ororen lana ere badela lortzen dituen emaitzak gizarteratzea eta publiko orokorrari lortutako konklusio konplexu edo espezifikoak modu ulergarriago batean komunikatzea. Are gehiago, hezkuntzan, bereziki garrantzitsua iruditzen zait topatutako aurkikuntzak irakasleentzat baliagarria izan daitekeen formatu batera pasatzea, zientziaren diskurtsoa eta hezitzaileena askotan ez baitaude lerrokatuta. Hortaz, Txiotesiak eskatzen duen sintesi- eta sinplifikazio-jarduera oso lagungarria izan zait proiektu propioaren osotasuna ulertzeko eta ikuspuntu praktiko batetik garrantzitsuak izan diren emaitzak, hutsuneak eta gomendioak identifikatzeko.
Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?
Bueno, oraingo erronka nagusia tesia amaitzea da, eta ez da lan makala. Eta behin tesia amaituta, noizbait nire lan-baldintzak hobetzea gustatuko litzaidake, horregatik bideratu nintzen-eta hezkuntzara azken finean…