Nora Salbotx Alegria: "Ezagutza modu kolektibo eta kolaboratiboan eraikitzen da"
2024ko ekainaren 26a

"Nafarroako Herri Hezitzaileak saretzen Topaketa" egiten ari da gaur Iruñean UEUren Udako Ikastaroen barruan. Oinherri Herri Hezitzailea elkarteak eta UEUk antolatu dute elkarlanean eta bertan parte-hartuko du Nora Salbotx Alegriak (Iruñea, 1973), hain zuzen, "Zergatik herri hezitzaileen sare bat sustatu Nafarroan?" elkarrizketan. Magisteritzan eta Psikopedagogian graduatua da Salbotx, Landa Eremuko Hezkuntzan du graduondokoa eta Hezkuntza eta Komunikazioan masterra. Mondragon Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakasle aritutakoa, gaur egun Amaiurko eskolako zuzendaritzan eta Baztango herrietako eskolen koordinazio-lanetan ari da. Eusko Ikaskuntzako Hezkuntza lantaldeko zuzendarikide, Hik Hasiko aholkulari, Herri Hezitzaileen sareen lagun, Hik Hasi eta Argia aldizkarietako zein Gurasoeus eta Oinherriweb agerkarietako kolaboratzailea da. Askatu edo Moztu, euskal hezkuntzagintzaren erronka zahar eta berriak (Iratzar-Txalaparta, 2021) hezkuntzari buruzko entsegu politikoaren egilea ere bada eta Euskal Hezkuntzagintzan militantea.
Herri hezitzaileak jarriko dira erdigunean topaketan. Zer da baina herri hezitzailea?
Herri Hezitzailea gure herriari eta herriei begiratzeko modu bat dela erranen nuke. Paradigma-aldaketa bat dakarrena; izan ere, herri bateko kide, agente, erakunde eta espazio orok hezkuntzan duen funtzioa eta rola problematizatzen baitu. Gure ildoaren arabera, euskara, feminismoa, parte-hartzea eta haurra kokatu beharko lirateke azterketa eta birpentsatze horren ardatz gisara.
Zein da Nafarroako argazkia?
Kurioski Baztan izan zen Euskal Herriko lehen 7 herrietako bat proiektua pilotatzen. Eta hala ere Nafarroan ez da orain arte asko garatu, ez bada modu isolatuan. Nolabait errateko, ez da berriki arte egon guardasol kontzeptual eta eratzaile berdin bat han eta hemen egiten ari diren esperientzia txikientzat. Dena dela, sortuz joan diren esperientzia solte ederrek ematen digute garapen eta eskalatze berri baterako lur landu bat, ernamuin gisako bat. Gaur egun udaletxe eta eragile frankok adierazi dute interesa haien herriak hezitzaile bilakatzeko.
Zergatik da garrantzitsua herri hezitzaileen sarea sustatzea?
Elkarri laguntzeko eta elkarrengandik ikasteko, bistan dena. Ezagutza modu kolektibo eta kolaboratiboan eraikitzen delakoz gure ustez. Ez dago bertze modurik, are, feminismotik, euskaratik, haurtzaroaren kulturatik, inklusiotik eta parte-hartzetik ariko bagara.
Zer da topaketatik espero duzuna?
Gogo bizi bat ernatu dadila proiektua hedatzeko, su txiki franko piztu daitezela su eder bati bidea emanen diotenak. Horretarako baldintzak sortzeko bide ederra izaten ahal da ikastaro hau.
Nabarmentzeko zerbait?
Denon ekarpena eskatzen eta eskertzen duen proiektu batez ari garela, eta horrekin erran nahi dudana da udalen, arkitektoen, jubilatuen, aisialdiko eta kiroletako lagunen, talde feministen eta antiarrazisten, gurasoen, maisu-maistren, euskalgintzaren, ikasleen, eta abarren ekarpenaz handi egiteko anbizioa duen lan-ildo eder batez ari garela.