Nerea Mendizabal Etxeberria: "Gatazken eta estresaren kudeaketa egokiak harremanak hobetzen laguntzen du"

2025ko urtarrilaren 8a

Nerea Mendizabal Etxeberria: "Gatazken eta estresaren kudeaketa egokiak harremanak hobetzen laguntzen du"

"Gatazka eta estresaren kudeaketa" ikastaroa emango du otsailean Iruñean Nerea Mendizabal Etxeberriak (Zestoa, 1976). Gizarte-hezitzailea eta psikopedagogoa da eta Komunikazio Ez Bortitzeko hezitzailea. Ikastaroan izena emateko aukera dago dagoeneko UEUren webgunean. Berarekin egon gara ikastaroaz hitz egiteko.

Gatazkaren eta estresaren gaietan jarriko duzu fokua. Egunerokoan erronka handiak izan daitezke.

Bai, egunerokoan, gatazka eta estresa sarritan agertzen dira bai esparru pertsonalean, bai profesionalean. Egoera horiek kudeatzen jakitea ezinbestekoa da ongizate fisiko eta psikologikoa mantentzeko, eta harremanak osasuntsuak izan daitezen.

Nola kudeatu horrelako egoerak? Horretarako tresnak emango dituzu ikastaroan.

Gatazkak eta estres-egoerak kudeatzeko hainbat tresna eta teknika landuko ditugu. Komunikazio asertiboa, enpatia eta emozioen erregulazioa bereziki azpimarratuko ditugu. Helburua da egoera gatazkatsuak ulertzea, nork bere erreakzioak kontrolatzea eta konponbide eraikitzaileak aurkitzea.

Ikasitakoa praktikan jarriko duzue.

Ikastaroaren metodologia praktikoa izango da, parte-hartzaileek ariketa praktikoen bidez ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan dezaten. Eguneroko egoera errealetan gatazken eta estresaren kudeaketan eskuratutako tresnak aplikatzeko gaitasuna garatuko dute.

Zertan lagundu dezake gatazken eta estresaren kudeaketa egokiak?

Gatazken eta estresaren kudeaketa egokiak harremanak hobetzen laguntzen du, ingurune osasuntsuagoak eta produktiboagoak sortuz. Gainera, pertsonen ongizatea eta erreakzio emozionalak kontrolatzeko gaitasuna hobetzen dira, eta horrek estres-maila txikitzea dakar.

Nori dago zuzenduta?

Ikastaro hau gatazka- eta estres-egoerak hobeto kudeatu nahi dituen edozeini zuzenduta dago, bereziki lan-munduan edo harreman pertsonaletan edo familian erronka horiekin topo egiten dutenei. Ez dago aurretiko ezagutzarik behar; gatazkak era positiboan konpontzeko eta estresari aurre egiteko prest dauden pertsona guztiei zuzenduta dago.

Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?

Ikastaroarekin, parte-hartzaileek gatazka- eta estres-egoerak modu eraginkorrean kudeatzeko gaitasuna eskuratzea da helburua. Horretarako, asertibitatea, enpatia eta emozioen kontrola lantzeko tresnak eskainiko ditugu, norbanakoaren eta taldearen ongizatea hobetzeko asmoz.



Jakintza-arloak