Naroa Burreso Pardo: "Gizarte-zientzien arloan ikerketa kuantitatiboetarako matematikari baten ikuspegia oso lagungarria izan daiteke"
2024ko ekainaren 17a

Naroa Burreso Pardok (Algorta, 1999) Matematikari Euskaldunen VI. Topaketan parte hartuko du. Matematikan graduatua (EHU) da eta Big Data eta Data Science Masterra (VIU) ikasi du. Gaur egun NOR ikerketa-taldean lanean dabil eta euskarazko hedabideen kontsumoan eragiten duten erabiltzaile-aldagaiei buruz hitz egingo du. Berarekin egon gara.
Matematika ikasi duzu eta master bat egin duzu Big Datan eta Datuen Zientzian. Nola ailegatzen da matematikari bat NOR ikerketa-taldera?
NOR ikerketa-taldeak aspaldi ikusi zuen matematikari bat taldean sartzeko beharra. 2022ko otsailean "José Ignacio Ruiz Olabuenaga II. Ikerketa Beka" atera zen eta taldeko kide batzuek bekara proiektu bat aurkeztea erabaki zuten. Proiektu horren helburua datuak fusionatzeko metodologia bat garatzea zen, eta, hortaz, matematikari bat behar zuten. Ni momentu hartan Matematikako Gradu Amaierako Lana bukatzen nenbilen, eta NOR ikerketa-taldeko ikertzaile batzuek harreman ona zutenez nire GRALeko zuzendariarekin, proiekturako matematikari bat proposatzea eskatu zioten. Nire GRALeko tutoreak nire izena eman eta NOR taldeko ikertzaile nagusia nirekin jarri zen harremanetan. Ikerketa-beka deialdira aurkeztu genuen proiektua eta beka lortuta, 8 hilabete pasa genituen proiektuan lanean. Horren ostean, NOR taldeak Lanbideren diru-laguntza bat eskuratu zuen matematikari bat 2 urtez kontratatzeko. Deialdi publikoa zabaldu zuten eta hautagai batzuen artean ni aukeratu ninduten, eta, ondorioz, 2022ko urrian PIC gisa hasi nintzen lanean.
Euskarazko hedabideen kontsumoan eragiten duten erabiltzaile-aldagaiei buruz hitz egingo duzu. Zertarako balio dute erabiltzaile-aldagaiak hedabideetan?
NOR ikerketa-taldearen barruan, nik bereziki Euskal Hedabideen Behategian egiten dut lan. Behategian euskarazko hedabideen erabiltzaileak eta kontsumoa aztertzen ditugu. Horregatik, nire Master Amaierako Lanean euskarazko hedabideen kontsumoan zer erabiltzaile-aldagaik eragiten duten aztertu dut. Hau da, modelo prediktibo bat sortu dut euskarazko hedabideak kontsumitzeko edo ez kontsumitzeko orduan zer erabiltzaile-aldagaik eragiten duten jakiteko. Erabiltzaile-aldagai diogunean, indibiduoaren karakteristika soziodemografiko eta linguistikoei buruz ari gara, hau da, adina, sexua, bizilekua, lehen hizkuntza, euskara ezagutza, etab.
Nola da zure lan-prozesua datuen fusioan?
Gizarte-zientzietan, ikerketa bat egin nahi denean, oso ohikoa da inkestak egitea. Inkesta horien erantzunak fidagarriak izan daitezen, populazioaren lagin ordezkagarri bati egin behar zaio inkesta, eta horrek kostu ekonomiko altuak dakartza. Kostuak murrizteko helburuarekin, jadanik existitzen diren datu-iturriak konbinatzeko aukera ematen du datuen fusioak. Labur azalduta, datuen fusioaren helburua da xede-populazio bera duten datu-iturriak integratzea, datu-iturri bakar batean behatzen ez diren aldagaien arteko erlazioa aztertu ahal izateko.
Ondorioren bat atera duzu jada zure ikerketan?
Ikerketa honetan atera dudan ondorio nagusia da diziplina ezberdinetako ikertzaileen artean lan egiteak onura asko ekartzen dituela, eta gizarte-zientzien arloan ikerketa kuantitatiboetarako matematikari baten ikuspegia oso lagungarria izan daitekeela.
Gainera, orain arte sortu dudan modelo prediktibotik atera dudan ondorio nagusietako bat da euskarazko hedabideak kontsumitzeko edo ez kontsumitzeko orduan euskara lehen hizkuntza izatea edo ez izatea oso garrantzi handia duen aldagaia dela. Hala ere, aipatzekoa da modelo hau momentuz eskura ditugun aldagaiekin sortu dela, eta gure helburua hizkuntza-testuinguruari eta motibazioari buruzko aldagaiak ere integratzen dituen modelo prediktibo sendoago bat sortzea dela.