Naiara Uriarte Gallastegi: "Gizarteak Ekonomia Zirkularraren eredua integratu behar du"
2024ko maiatzaren 22a

Naiara Uriarte Gallastegi (Bilbo,1978) Enpresen Administrazioan lizentziatua da, Irakasleen Prestakuntzan Masterra egin zuen (Valentziako Nazioarteko Unibertsitatea) eta "Cum Laude" doktorea da Proiektuen Ingeniaritzan (EHU). Lanbide-jarduera enpresa pribatuan hasi zuen, enpresa-aholkularitzan, kudeaketa- eta finantza-arloan. Geroago, banku-sektorean enpresentzat aholkularitza ekonomiko-finantzarioan aritu da. Ondoren EHUn irakasle elkartu gisa aritu da, Enpresaren Ekonomia, Enpresa Zerga Erregimena, Merkatuaren Analisia eta Enpresa Ikerketa eta Zuzendaritza Estrategikoa arloko irakasgaietan. Gaur egun, EHUko Enpresen Antolakuntza Saileko irakaslea da eta bere irakaskuntza-jarduera Ekonomia eta Enpresen Administrazioa, Finantza eta Merkataritza Kudeaketa, Ekoizpen Antolakuntza eta Enpresa Kudeaketako Sistemen arloetan oinarritzen da.
Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (LADE) ikasi zenuen eta ikerketaren munduan murgildu zinen gero. Zergatik?
Gaztetatik inguruan gertatzen zenak balioa zuela konturatu nintzen eta zergatik eta nola baloratua zen jakiteak jakin-mina sortu zidan. Munduan gertatzen ziren ekonomiako jarduerari loturiko ekintzei buruzko galderak egiten nizkion neure buruari eta haiek finantzatzeko iturrien zergatia aztertzeko nahia sortu zitzaidan, horregatik LADE ikastea erabaki nuen. Izan ere, gero eta interkonektatuago dagoen mundu batean, nazioarteko negozio-inguruneetan lan egiteko, kultura anitzen ezagutza eta komunikazioa ezinbestekoak bihurtu zirela konturatu eta lehiakortasuna merkataritza gako zela ohartu nintzen. Beraz, gero eta konpetitiboagoa den mundu globalizatu honetan, enpresa multinazionaletan edo nazioarteko eragiketak dituzten enpresetan era eraginkorrean jarduteko ingurune espezifikoaren eta orokorraren analisia beharrezkoa zela ulertu nuen eta ikerketaren lehen urratsak garatu nituen.
Produktuen ingurumen-portaeran teknologia berriek duten eragina aztertzen diharduzu. Nola sortu da aukera?
Lehen urratsak egiteko, EHUko Ingeniaritza Eskolako Enpresen Antolakuntzako Sailean lankidetza-talde baten ondorioz sortu zitzaidan aukera: Geman Arana Landín eta Beñat Landeta Manzano doktoreek azken urteetan burututako ikerketa-lerroak jorratuz; Kalitatea Kudeatzeko Sistemak, Ingurumena Kudeatzeko Sistema, Ekodiseinua, Bizitza Zikloaren Pentsamendua, edota produktuaren ingurumen-portaeran eragina duten faktoreak, tresna eta praktikak aztertuz, besteak beste.
Ingurumenaren ikuspegitik, egungo eredu ekonomiko linealaren eta eskaeraren hazkundearen ondorioz, ekosistemaren degradazioa eta gizakiak naturan eragindako inpaktua handituz joan ahala, erakundeek biziraupenerako, kutsadurari aurrea hartzeko ingurumen-estrategiak, teknologia garbiak eta garapen jasangarriarekin bateragarriak diren irizpideak garatu behar dituzte. Testuinguru horretan, Ekonomia Zirkularra egungo ekoizpen- eta kontsumo-eredu horren alternatiba gisa aurkezten da.
Industria Adimenduna edo Industria 4.0 aipatzen duzu. Zertan datza?
Gaur egungo ezegonkortasun-giroaren aurrean, eraldaketaren beharra argi islatzen da. Gizarteak trantsizioa egin behar du egungo ekoizpen-eredutik garapenerako eredu zirkularrerako eta Ekonomia Zirkularraren eredua integratu behar du materialak murriztuz, berrerabiliz, birziklatuz eta berreskuratuz. Hau da, ingurumen-kalitatea eta ekitate soziala sortzea. Estrategia horrek egiturazko aldaketak eta berriztatze-garapena eskatzen ditu, teknologia berriak integratuz: Industria 4.0 teknologien aukera berriak aprobetxatuz.
Trantsizio horretan, I4.0 teknologiek enpresei eskaintzen dieten ingurumena hobetzeko aukera zabala baieztatzen da, adibidez, datu-kopuru handiak kudeatzea ahalbidetzen duten I4.0 teknologiak edo Adimen Artifiziala, Ekonomia Zirkularra sustatuz.
Teknologia horrek enpresei nola lagundu diezaiekeen jakiteko, hainbat kasu aztertu dituzu. Zeintzuk? Zergatik horiek?
2019. urtean, Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak (SPRI) Industria 4.0 soluzioak garatzen zituzten enpresa berrien (startup) topagunea sortzeko ekimena egin zuen, “BIND 4.0 Bizkortu zure negozioa mundu osoko 4.0 industriako enpresa garrantzitsuen proiektu eta bezero errealekin” lelopean. Programak nazioarteko industria-sektoreko hainbat arlo barneratu zituen, hala nola Zibersegurtasuna, Digitalizazioa, Ekintzailetza, Finantzaketa, I4.0, Berrikuntza, Azpiegiturak, Nazioartekotzea, Inbertsioak Euskal Herrian, Kluster Politika eta Teknologia..
BIND 4.0 ekimenean lan eginez, irtenbide teknologikoen belaunaldi berriak eta enpresek adopzioaren analisia burutu eta industria 4.0 gisa definitzen diren teknologiak aztertu genituen: Fabrikazio Gehigarria (FG), Datu Handi eta Analisi Aurreratua (DHAA), Adimen Artifiziala (AA), Ikuspegi Artifiziala (IA), Zibersegurtasuna (ZS), Gauzen Internet (GI), Robotika (RB) eta Errealitate Birtuala eta Areagotua (EBA), produktuek ingurumen-portaeran duten eragina ikertzeko amoz.
Zer erakutsi dute emaitzek?
Industria 4.0 teknologiek eragin ezberdina dutela produktuaren Bizitza Zikloko fase ezberdinetan (1. fasea: Materialen ustiapena; 2. fasea: Fabrikazioa; 3. fasea: Logistika eta garraioa; 4. fasea: Erabilera/mantentze fasea, eta 5. fasea: Bizitzaren amaiera) eta bezero eta ekoizleen iritzian. Hau da; Industria 4.0 teknologiek (aukeratutako teknologiaren arabera) enpresei ekonomia zirkularra hobetzen laguntzen dietela. Hobekuntza horiek batez ere materialen eta energiaren kontsumoa murriztearekin eta hondakinak eta emisioak sortzearekin lotuta daude.
Industria adimendunerako bidean zein da erronka nagusia?
Industriaren erronken artean, industria sakonki eraldatzen ari da maila eta sektore guztietan, horizontalki eta bertikalki. Erronkak hainbat ikuspuntutatik aztertu behar dira: produktuen diseinutik hasita, fabrikazio-prozesuen optimizazioan, energia-eraginkortasunaren kudeaketan, makinen akatsak aurreikusteko, mantentze-lan prediktiboetan edota produktuen kalitatea denbora errealean ikuskatzeko beharretara egokitzeraino. Industria-prozesuek ziklo laburragoetara egokitu behar dira. Produktuek bizitzako zikloak askoz ere motzagoak izango dituzte, eta horrek egokitzapena beharrezkoa egiten du.
Dinamika berri honek industria adimendua erantzun azkarrei eta malguagoei egokitzea eskatzen du, hau da, moldagarria izatea eskatzen du. Merkatuaren eskakizunek inposatutako bilakaera azkarrak esan nahi du langileek adimen artifizialak bultzatutako erabakiei aurre egin behar dietela. Lantegietan, langileek adimendutako industrian oinarritutako gomendio edo erabakiekin nola jokatu jakin behar dute. Ondorioz, produktuaren portaeran teknologia berriek duten eragina aztertuko da eta Ekonomia Zirkularraren integrazioa, segurtasuna, iraunkortasuna, gizarte- eta ekonomia-alderdiak barne hartuta egingo da: hornikuntza-katearen kudeaketan, logistikan, robotikan, kalitate-prozesuen kontrolean, bezeroarentzako arretan, segurtasun eta mantentze-lanetab, etikan edo energia-kudeaketan, etab.
Zeintzuk dira eskuartean dituzun erronkak?
Nire ustetan, erronken artean daude teknologia berrien eta industria adimenduen ikerketen garapenean Ekonomia Zirkularraren integrazioa sustatzen duten jokaerak, hiru ikuspuntu nagusitik; ingurumen-ikuspuntutik, ikuspuntu sozialetik eta ikuspuntu ekonomikotik, eta Garapen Iraunkorreko Helburuekin (GIH) bat eginez. Adibidez, enpresaren jardueren kudeaketa-tresnen integrazioa, teknologien garapena, produktu eta zerbitzu jasangarrien ereduen sustapena edota enplegu berdeak sortzeko analisia egitea, besteak beste.
Txiotesian parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?
Txiotesian parte hartzea esperientzia aberasgarria izan da, gainerako ikertzaileek egindako lanak ezagutzeaz gain, gai ezberdinen joera eta ildoak ezagutzeko aukera izan dudalako. Gainera, nire ikerketako ideiak eta ezagutzak komunikatu eta ikertzaileen komunitate baten parte sentitu izan naiz.