Naiara Gago Povedano: "Arestiren ekarpen literarioei eta politikoei aitortza egin behar zaie"

2024ko otsailaren 21a

Naiara Gago Povedano: "Arestiren ekarpen literarioei eta politikoei aitortza egin behar zaie"

Naiara Gago Povedano (Bilbo, 1977) Psikologian eta Filosofian lizentziatua (Deustuko Unibertsitatea) da eta Ikasketa Aurreratuen Diploma du Psikologia Sozialeko aipamenarekin. 2016tik Historia eta Geografia Gradua egiten ari da (UNED) eta 2022tik "Giza eskubideak: erronka etikoak, sozialak eta politikoak" doktorego-programan da doktoregaia (Deustuko Unibertsitatea). Agora Filosofia Elkarteko kidea ere bada, baita Euskal Herrian praktika filosofikoa sustatzea helburu duen Jakinmin elkartekidea ere. Euskadiko Filosofia Olinpiadaren antolatzailea ere bada. Bere ikerketaz hitz egiteko izan gara harekin.

Filosofiako ikasketak egin zenituen eta ikerketaren mundurako urratsak eman gero. Zergatik Filosofia? Zergatik ikerketa?

Institutuan nengoelarik, zientzietako batxilergoa egin nuen. Oso gustuko izan dut zientzia betidanik, baina garai hartan ez nekien oso argi zer ikasi nahi nuen. Kuriosoa naizenez, nire interesen abanikoa zabalegia zen adin horrekin karrera bakar bat aukeratzeko eta asko kostatu zitzaidan erabaki bat hartzea. Gainera, Filosofia ikasgaia iraultza pertsonal bat izan zen niretzat, neure burua eta inguratzen gaituen mundua ulertzeko ezohiko gakoak eta tresna berriak topatu bainituen Filosofiako testuliburuan. Miretsita nengoen filosofoen ekarpenekin, egia esan. Intelektualki zein emozionalki bahitu ninduen ikasgai horrek. Batxilergoa amaitzean, Psikologia Lizentziatura egin nuen, baina ez ninduen guztiz asebete, nahiz eta neure burua hobeto ezagutzeko balio izan. Gainera, irakasle naizen aldetik, gaur egun oso baliagarria zait nerabeekin harremanak izateko eta dituzten zailtasunekin enpatia izateko. Psikologia Fakultateko Javier Burón irakasleak esan zidan nigan ikusten zuen ibilbide logikoena Filosofia ikastea zela, planteatzen nizkion galderak oso metafisikoak zirelako. Hori dela eta, Psikologia amaitu bezain pronto, Filosofia ikasketak hasi nituen eta esperientzia hobeezina izan zen, ikaragarri gozatu nuen pentsamenduaren munduan murgiltzen eta ulertzeko zailak diren teoriak barneratzeko behar diren gaitasun intelektualak martxan jartzen. Izan ere, autore edo teoria filosofiko batzuk aditzeak ahalegin handia eskatzen du, niri asko gustatzen zaidan estimulua dena.

Bigarren lizentziatura bukatzean oraindik ere ikasteko gogoa nuenez, doktoregoa hastea erabaki nuen, Ikasketa Aurreratuen Diploma eskuratu arte. Garai hartan irakasle lan egiten hasi nintzen eta, denbora faltagatik, ez nion tesia egiteari ekin, gaia eta zuzendaria aukeratuta izan arren. Dena dela, orduan ere oso argi nuen Filosofiaren eta beste esparru batzuen arteko loturak (zinema, artea, literatura…) ikertu nahi nituela.

Gabriel Arestiren inguruan egin duzu tesia. Zergatik bera? Nola sortu zen aukera?

Gabriel Arestiren aukeraketa hainbat motibotan oinarritzen da. Lehenik eta behin, Filosofiarekin gertatu zitzaidan bezala, Arestiren figurak hasieratik liluratu ninduen. Beraren poemek nire gurasoen belaunaldira garraiatzen naute, Bilbo Handian landa-eremuko exodoa eta industrializazioaren existentzia gogorra bizi izan zituen belaunaldira. Belaunaldi horrek lan- eta bizi-baldintza hobeekin amets egiten zuen, eta ideia horiek primeran islatzen dira Gabriel Arestiren Aro Sozialean. Bestalde, nik uste dut Gabriel Arestiri zor diogula euskararen batasuna zein duintasuna emateko grina. Horretaz aparte, gaur egun hainbatetan aldarrikatzen diren hiztunen hizkuntza-eskubideak defendatu zituen. Halaber, azken hamarkadetan Arestik izan duen garrantzia azpimarratzeko ahalegina egin bada ere, oraindik bere ekarpen literarioei eta politikoei aitortza egin behar zaielakoan nago.

Aurreko guztiaz gain, Gabriel Arestiren poesiak nire tesian planteatzen ditudan helburuetako batzuk justifikatzeko balio dit "kasu-azterketa" gisa. Izan ere, tesiaren abiapuntua da poesiaren eta filosofiaren arteko harreman orokorra, definitzen eta zehazten joango den ikuspegia, Arestiren obrara iritsi arte. Filosofiaren eta poesiaren arteko loturari buruzko eztabaida antzinate klasikotik datorkigu eta filosofiaren historia zeharkatzen du gaurko mundura arte.

Tesiaren aztergaia nire zuzendari Cristina de la Cruzi planteatu nionean, oso egokia eta interesgarria iruditu zitzaion. Gainera, Arestiren obrarekiko hurbilketa filosofiko gehienak bere lehen aldi sinbolistan zentratu dira (non Nietzscheren eragina nabarmena den), baina ez hainbeste bere Aro Sozialean, ikuspegi literario edo soziologiko batetik oro har jorratu dena.

Noiz hasi zen Aresti poesiagintzan?

Galdera hau zaila da erantzuteko, auskalo! Hau esaten dut duela gutxi gaztelaniaz idatzitako bi poema argitaratu direlako, Larrabetzuko baserri batean agertu zirenak 1952-53ko Arestiren eskola-garaiko erlijio-liburu baten barruan. Horrek erakusten digu Aresti gutxienez 20 urte ingururekin hasi zela poesia idazten baina, ziur aski, literaturarekiko zaletasuna betidanik erakutsi zuen. Nire ustez, hori baino garrantzitsuagoa litzateke Arestiren lana itzela dela azpimarratzea eta ez dela soilik poesiara mugatzen.

Izan ere, Aresti Errenazimentuko gizon bat bezalakoa da nire iritziz, bertute askoko intelektuala. Argitalpen askotan parte hartzeaz aparte (Egan, Zeruko Argia eta Euskera), antzerkigintza eta saiakera egin zituen, artikuluak (euskal kulturaren esparruan nolabaiteko eztabaida eragin zutenak), narrazioak eta itzulpenak idatzi zituen (James Joyceren Ulises, adibidez, euskaratu zuen lehen aldiz, eta T.S. Eliot, Lorca, eta abarren lanak ere euskaratu zituen), eta ez hori bakarrik, sortu zuen Lur argitaletxeari esker, euskal idazleen belaunaldi berri bat ezagutzera eman zuen. Euskal kulturan utzi duen ondarea erraldoia da. Horrez gain, kontable lanbidea izanik, euskal poesia berritzeko gai izan zen. Bere liburuak, Harri eta herri, Euskal Harria eta Harrizko Herri Hau, errealismo sozialaren isla dira eta euskaldunen kontzientziak astindu zituen duda barik.

Zer izan zen poesia filosofian?

Idazten ari naizen tesiaren helburuetako bat da poesian filosofia egon daitekeela frogatzea. Nire zuzendariak dioen bezala, poesiaren "aroma filosofikoak" erakustea. Poesiak nolabaiteko potentzialtasun filosofikoa duela deritzot. Duda barik, poesiarekiko interes filosofikoa ukaezina da eta zaila litzateke giza historia ulertzea poesiaren garrantzia alde batera utzita. Gilgameshen Epopeiatik presokratikoen poemetara, gai filosofikoak (heriotza, existentziaren zentzua, askatasuna, errealitatea eta ezagutza) oso presente egon dira olerkigintzan, filosofiaren sektore batek hori ukatzeko dituen mesfidantzak gorabehera.

Hala ere, filosofiaren eta poesiaren arteko harremanari buruzko ikuspegia orokorregia izan dela uste dut. Filosofia jakintza-esparru oso zabala den bezala, poesia genero bat da, eta hori ere bada zabal-zabala. Poesia mota asko daude (epikoa, lirikoa, soziala…) eta guztiak ez dira berdin lotzen filosofiarekin. Tesi honetan, poesia filosofikoki jorratu duten pentsalari handiek (Platon, Aristoteles, Kant, Nietzsche...) zer poesia mota zehatz aipatzen duten aztertu eta gero, poesia mota oso polemiko batean jarriko dut arreta, poesia sozialean, kasu oso berezia baita. Francoren diktadura-garaiko gerraosteko testuinguruan, 50eko hamarkadan bereziki, esanguratsua izan zen poesia soziala errealitate errepresibo eta desorekatu baten tresna hezitzaile eta eraldatzaile gisa altxatzeko zuen grinagatik. Olerkigintza mota honi esker, literaturak protagonismoa hartu zuen publiko irakurlearentzat hezkuntza-bitarteko gisa, gizartea eta kultura eraldatzeko duen gaitasunaz kontzientziatu nahi baitzuen. Poesia hutsaren helburua bera, orain, kanpoko xede sozial edo politiko batera proiektatu zen.

Gainera, poesia soziala oso polemikoa izan zen, nolabait poesia "hutsaren" berezko diskurtsoa (errima, floriturak, hizkuntzaren konplexutasuna) sakrifikatzen duelako, pertsonengana erraz iritsiko den mezu politikoa helarazteko. Gizarte-kontzientzia sortzeko tresna bihurtzen da, alegia, eta horrek eztabaida handiak eragin zituen poeten artean, benetako poesia ez zela esaten baitzuten. Oso interesgarria da, esan dudan bezala, eztabaida filosofiko bat sortu zuelako bere esparruan, "metapoesia" moduko bat.

Zer da Arestiren lanean zehazki aztertu nahi izan duzuna?

Hasieratik argi neukan nire errealitatetik hurbil zegoen gai bati buruzko tesia egin nahi nuela, kasu honetan Bilbo eta langile-klasearekin erlazionatutako zerbait. Tesian lotura bat ezarri nahi dut "filosofia praktiko" gisa ezagutzen dugunaren eta poesia sozialaren artean, kutsu marxista duen esparru sozialista baten barruan kokatzen dena. Filosofia praktikoaren helburua, funtsean, gizartea eraldatzeko benetako efektua dakarren teoria bat garatzea da. Zentzu horretan, Marxen esaldi ospetsuenetakoa da "filosofoek ordura arte interpretatu dute mundua, eraldatzeko garaia da".

Bada, nik defendatzen dudana da poesia sozialak teoria hori ordezkatzeko balio lezakeela, biek balio etikoak eta asmo politikoak partekatzen dituztelako eta ondorio bera bilatzen dutelako: kontzientziak astintzea, gizarte askeago eta demokratikoago bat sortuko duen aldaketa sustatzeko.

Zentzu horretan, oso iradokitzailea egiten zait Antonio Gramsci pentsalariaren "intelektual organikoaren" nozioa, tesi honen bigarren zatian garrantzi handia hartzen duen kategoria analitikoa.

Marxismoaren barruan kokatzen da filosofo hori, eta uste du, langile-klasearen mobilizazioez gain, funtsezkoa dela artistek eta intelektualek beren ideiak gizarte-eraldaketaren zerbitzura jartzea kultura hegemonikoari aurre egiteko. Nire ikuspuntutik, Gabriel Arestiren Aro Sozialeko obra poetikoa bat letorke Gramscik intelektualen paperaren inguruan zituen asmoekin.

Hori esanda, ikerketaren azken zatia Arestiren Harriaren Zikloko poemetan zentratu nahi nuke, bere obran aldarrikatzen dituen giza eskubide zehatzetan: askatasuna, berdintasuna, justizia soziala, etab.

"Ez naiz isilduko. Nire poesia mailu bat da". Zer nabarmenduko zenuke Arestiren poesian?

Gabriel Arestiren poesian azpimarratuko nuke garaiko jendartearen kezkak jorratzen dituela, hala nola pobrezia, klase-borroka, askatasuna, zapalkuntza... Bere poesiak Euskal Herriko egoerari buruzko ardurak islatzen dituen heinean, jendea aldaketaren alde borrokatzera bultzatu nahi duela ulertu liteke. Hasteko, literatur paisaia kostunbrista eta idilikoak alde batera utzi eta Bilboko errealitate gordinera garamatzalako, langileena, burgesiaren pribilegioena, klase-desberdintasunarena, alienazioarena, injustiziarena. Helburua justizia soziala bermatzea dela dirudi, Gabriel Arestik berak, Julian Landajo bere lagunari eskainitako “D) Zorrotzako Portuan Aldarrika” poeman argi ohartarazten digunez: “Beti paratuko naiz / Gizonaren alde” .

Horretarako, sinbolismotik urruntzen da eta pasioz, ezintasunez eta amorruz hitz egiten digu pertsonen eguneroko bizitzaz, kontenplazio-jarrera alde batera utziz. Irakurlea, olerkietan pizten dituen emozioen bidez, klase-kontzientziaren sentimendua garatzera eraman nahi du, esplotazioa eta injustizia salatzera. Bere obran, konpromiso sozial eta politikoa poesia kritikoaren bidez islatzen du, zapalkuntza eta injustizia soziala salatzen dituen aldi berean. Horrez gain, bere lanak lotura estua du euskal kulturarekin eta nortasunaren defentsarekin, kontzientzia kritiko berri bat eraikitzeko eta gizartea eraldatzeko bitarteko bihurtzen baita. Izan ere, konpromiso etiko-politiko hori nabarmena da poetaren biografiak bere obrarekin duen paralelismoa aztertzean.

Harriaren Zikloaren ardatza harriaren metafora da, testuinguru frankistan euskal identitate gisa interpretatu daitekeena, baina baita garai hartako euskaldunen gelditasun eta pasibotasun egoera sozial gisa ere. Ukaezina da egilearen etaparik garrantzitsuena dela, bere izaera berritzaile eta erreibindikatzaileagatik. Autoreak poesia mailukadaz eraldatu nahiko luke, lokartutako herri baten kontzientzia pizteko modu berezi eta pertsonalean.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?

Egia esan, oso esperientzia motibagarria izan zen, egin nahi nuen tesiaren ikuspegi sintetikoa ematen lagundu zidalako. Nola edo hala, ikertu nahi nuena zehaztera behartu ninduen, txukuntzera eta argitzera, are gehiago oraindik ikerketa-plana prestatzen ari nintzelarik aurkeztu nintzelako, tesiaren lehenengo urtean. Gainerako parte-hartzaileek beren tesia estadio aurreratuago batean zutela iruditu zitzaidan eta, haien txiotesiak irakurri nituenean, oraindik egiteko dudan bideaz jabetu nintzen. Oso jarduera interesgarria iruditu zitzaidan, eta oso baliagarria doktoregai ororentzat. Gainera, nire kasuan, nire proiektua jendaurrean aurkeztu nuen lehen aldia izan zen, ordura arte nire tesi-zuzendariak bakarrik ezagutzen baitzuen.

Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?

Logikoki, nire erronka nagusia tesia amaitu eta ikerketa on bat egitea da, Aresti bezalako autore baten mailan egon nahi dut. Aitortu behar dut inpostorearen sindrome moduko bat sentitzen dudala sarritan, literaturari (eta ez zuzenean filosofiari) lotuta dagoen pentsalari bati heltzen diodalako. Nolabait, zubi bat eraikitzen ari naiz oso seguru sentitzen naizen esparru baten, filosofia, eta arrotz egiten zaidan beste baten artean, literatura. Horregatik, batzuetan galduta edota zalantzati sentitu naiteke. Halako kezkak suertatzen direnean, tesi-zuzendariaren papera funtsezkoa da, nire helburuak eta jarrera epistemologikoa zein diren argitzen baitit.

Bestalde, ikuspegi praktikoago batetik, beste erronka bat da Filosofiako irakasle gisa egiten dudan lana eta tesiaren lanketa bateragarri eta osasungarri egitea, betiere bizitzako funtsezko alderdiak sakrifikatu gabe (lagunak, familia, aisia). Uste dut oso sentimendu partekatua dela horrelako ikerketa bati aurre egin behar diogun guztiontzat, ikertzaile orok gai propio batean hainbeste sakontzean sentitzen duen bakardadeari erantsia. Dena dela, beldurrak gorabehera, ikasleei beti esaten diedan bezala, beste batzuek egin ahal izan badute, zergatik ez dut nik lortuko?


Jakintza-arloak