Naia Ros: "Dementziaren erronkari aurre egiteko prebentziorako estrategia eraginkorrak aztertu behar dira"
2023ko ekainaren 19a
Naia Ros-ek (Donostia, 1989) Lehen Hezkuntzako ingeleseko irakasle izateko ikasketak egin zituen UPV/EHUn. Behin horiek bukatuta eta lanean zebilen bitartean, UNEDen Psikologiako Gradua egin zuen eta ondoren Osasun Psikologia Orokorra (OPO) masterra (UPV/EHU). Master horren praktikei esker, CITA-Alzheimer Fundazioa ezagutu zuen eta bertan erabaki zuen hurrengo urratsa Neuropsikologia klinikoko masterra egitea izango zela (Deustuko Unibertsitatea). Master horren praktiketan, ikerketan gehiago murgiltzeko aukera izan zuen Neuro-E-Motion ikerketa-taldearekin batera, eta azkenik, gaur egun, UPV/EHUra bueltatu da tesia egitera, Psikologiako doktoretza-programan. Ikergazte kongresuan aurkeztu zuen lanari lotutakoa da haren tesia: Kognitiboki hauskorrak diren adineko pertsonen narriadura kognitiboa eta dementzia prebenitzeko entrenamendu kognitibo eta sozio-emozionaleko programa baten aplikazioa eta ebaluazioa. Ikergazte kongresuan Donostiako Udalak banatzen duen ahozko aurkezpen onenaren saria irabazi zuen Osasun Zientzien alorrean.
Zorionak! Osasun Zientzien alorreko ahozko aurkezpen onenaren saria eskuratu duzu Ikergazte kongresuan.
Mila esker! Izugarrizko ilusioa egin dit. Hainbeste lan interesgarriren artean, errekonozimendu hau jasotzeak asko pozten nau; bai ni eta baita aurkeztutako proiektu handi honen atzean dauden pertsona guztiak ere. Azken finean, kongresu osoan ondo defendatu den bezala, diziplinartekotasuna ezinbestekoa da, eta aurkeztutako lana horren adibide egokia dela uste dut.
Narriadura kognitiboa eta dementzia prebenitzeko esku-hartzea duzu ikergai. Nola sortu zen aukera?
OPO masterreko praktikak egiten nituen bitartean, CITA-Alzheimer Fundazioan GOIZ ZAINDU ikerketa pilotua abian jartzen ari ziren. GOIZ ZAINDU dementzia eta narriadura kognitiboa prebenitzeko domeinu anitzeko esku-hartze bat ebaluatzeko egindako ikerketa pilotua da, eta bertan ebaluazio neuropsikologikoak egiten aritu nintzen. Behin Neuropsikologia klinikoko masterra bukatu nuenean, fundazioan lan egiteko deitu ninduten eta GOIZ ZAINDUko esku-hartze osteko ebaluazioak egiten ere ibili nintzen. Beraz, ikusi daitekeen bezala, hasiera-hasieratik egon naiz proiektu honi lotuta. Aurrerago, UPV/EHUko Qualiker ikerketa-taldeak, CITA-Alzheimer Fundazioarekin lankidetzan, esku-hartze sozio-emozionala diseinatu zuen, eta nire tesia domeinu horren eta estimulazio kognitiboaren esku-hartzeen inguruko ebaluaziora bideratzeko aukera eskaini zidaten. Zalantzarik gabe onartu nuen.
Nori daude zuzenduta? Nortzuek hartu dute parte?
Alde batetik, GOIZ ZAINDU hauskortasun kognitiboko egoeran dauden eta dementzia garatzeko arriskua duten pertsonen narriadura kognitiboa eta dementzia prebenitzeko domeinu anitzeko esku-hartze ez-farmakologikoa da. Ikerketa pilotu hau Beasainen gauzatu zen, 2018 eta 2020 urteen artean, bertako udalaren, Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren laguntzarekin.
Eta, bestetik, CITA GO-ON ikerketa, Euskadin dementzia eta hauskortasun kognitiboa izateko arriskua duten pertsonen narriadura kognitiboa eta dementzia prebenitzeko arrisku-faktoreei eta bizi-ohiturei buruzko domeinu anitzeko esku-hartzea da. Hau, 2022. urtean hasi zen eta oraindik parte hartzeko aukera dago, beraz, 60-85 urte bitartean daudenei, anima zaitezte!
Zer erakutsi dute emaitzek?
GOIZ ZAINDU ikerketa pilotuak frogatu du FINGER metodologia Euskadiko testuinguru soziokulturalera egokitu eta bideratu daitekeela. FINGER ikerketan (Finnish Geriatric Intervention Study to Prevent Cognitive Impairment and Disability), jarduera kognitiboaren, dietaren, jarduera fisikoaren eta arrisku baskularreko faktoreen kontrolaren inguruko domeinu anitzeko esku-hartze bat ezarri zen, dementzia jasateko arriskua zuten pertsonengan. Emaitzek erakutsi zuten arrisku-faktoreen aldaketek kognizioan izan dezaketen eraginkortasuna. Horrela, GOIZ ZAINDUn lortutako emaitzek eta partaideen onarpenak Euskadin eskala handiagoko domeinu anitzeko esku-hartze bat egitea justifikatu zuten; CITA GO-ON ikerketa, alegia.
Diagnostiko goiztiarrean dago gakoa... Nondik hasi?
Horrela erakusten dute ebidentziek behintzat. Dementziara daramaten gaixotasunek, alzheimerraren kasuan bezala, zenbait urtez iraun dezakeen sintomarik gabeko aurretiko fase bat igaro ohi dute. Fase horretan, aldaketa fisiopatologikoekin batera, hainbat arrisku-faktore detekta daitezke dagoeneko. Esan bezala, nahiko ebidentzia zientifikoa existitzen da aurretiko fase horretan, prebentziorako leiho terapeutiko bat aurki daitekeela baieztatzeko.
Zahartze “osasuntsua” sustatzeko politikak eta esku-hartzeak abian jartzeari behar duen garrantzia eman beharko litzaioke?
Dudarik gabe. Bizi-itxaropenaren luzatzearekin batera, askok hainbat osasun-arazori aurre egin beharko diegu. Aurkezpenean komentatu nuen bezala, Espainia mailan esaterako, 2019. urtean, 700.000 pertsonak baino gehiagok alzheimer gaixotasuna pairatzen zuten eta 2050. urterako, kopuru hau bikoiztea espero da. Dementziaren erronkari aurre egiteko, zahartze “osasuntsua” sustatzen duten politika soziosanitarioak abian jartzea beharrezkoa da, eta horretarako, dementziaren prebentziorako estrategia eraginkorrak aztertu behar dira lehendabizi.
Ikergazte kongresuan aurkeztu duzu ikerketa, zer-nolako esperientzia izan da?
Oso esperientzia ona izan da! Lana dela eta, gustatuko zitzaidakeen baino ekitaldi gutxiagora joan naiz, baina, hala ere, oso aberasgarria iruditu zitzaidan. Asko estimatu nuen zegoen giro ona; izan ere, aurkezten naizen lehengo kongresua izan da eta hau asko eskertu dut. Gainera, ikusi nituen hitzaldi eta aurkezpenak oso interesgarriak iruditu zitzaizkidan; uste dut Ikergaztek aukera ematen duela Euskadin talentu handiko ikertzaileak eta maila handiko ikerketak daudela erakusteko.
Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?
Orain CITA GO-ON eskala handiko ikerketaren esku-hartze sozioemozionalaren saioak bideratzen nabil eta tesiarekin buru-belarri. Beraz, sari honek emandako indarra aprobetxatuz, horrekin jarraitzea da asmoa, eta hemendik bi urtera, emaitza esanguratsuak aurkeztu ahal izatea.