Nagore Zamarreño Bello: "Antsietateari eta estresari aurre egiteko, ezinbestekoa da gazteen gaitasun emozional eta afektiboak garatzea"
2025eko otsailaren 13a

"Antsietateari aurre egiten: emozioen garapen osasuntsua sustatzea" ikastaroa emango du Nagore Zamarreño Bellok (Donostia, 1980) martxoaren 15ean Iruñean. Hispaniar Filologian lizentziatua (EHU) da eta Vietnamen, Australian eta Indian izan da irakasle. Hezkuntza Kontzienteko masterra du eta azken 3 urteetan Curriculum-aniztasuneko irakaslea da DBHn. Egun, Borja Vilasekaren "La Akademia" proiektuko kozuzendaria da Donostian. UEUk Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatutako saioa da, doakoa. Bertan izena emateko aukera dago oraindik.
Antsietate- eta estres-egoerak gero eta ohikoagoak dira gazteengan. Zerk eraginda?
Gazteen antsietate- eta estres-egoerak hainbat faktoreri egotz dakizkieke, besteak beste: presio akademikoari, teknologia eta sare sozialen gehiegizko erabilerari, ohitura osasungabeei eta arazo emozional nahiz gizarte-harremanei. Asko dira bai familia-gatazkak direla kausa, bai lagunarteko harreman ezegonkorrak direla medio, bai eskolan jazarpena sufritu dutelako, galduta sentitzen direnak, noraezean. Bestalde, faktore horiez gain, kontuan hartzen badugu espektatiba altuak ezarri eta gizartea oso erritmo azkarrean aldatzen ari dela, egungo gaztediaren zama emozionala areagotu egiten da. Azkenik, egoera hauei aurre egiteko baliabideak falta zaizkie.
Nola egin aurre horrelako egoerei?
Antsietateari eta estresari aurre egiteko, ezinbestekoa da gazteen gaitasun emozional eta afektiboak garatzea. Horretarako, emozioak erdigunean jarri behar dira, emozioen kontzientzia hartu, horiek baitira gure barne-egoeraren ispilu. Beraz, oso garrantzitsua da emozioak kudeatzen eta ongizatea hobetzen lagunduko duten baliabideak lantzea. Zentzu horretan, eskolak badu bere erantzukizuna. Ikasgelak izan badira, hain zuzen ere, leku aproposenak gazteen osasun emozionala indartzeko, ongizate soziala nahiz emozionala bermatzeko. Zoritxarrez, hezitzaile garenoi formazioa, ezagutza eta estrategiak falta zaizkigu eskolako egunerokotasunean sortzen diren egoera emozionalak kudeatzeko. Hona hemen gakoa: nerabeen bidelagun izateko, beharrezkoa da lehenik norbera ahalduntzea eta trebatzea.
Teoriatik abiatuko zarete, baina ikastaroa batez ere praktikoa izango da.
Hori da, betiere oinarri teorikoa abiapuntu hartuta, pertsonaren beharrak eta emozioak erdigunean jarriko ditugu: horien jatorria identifikatu, ulertu, aitortu (epaitu gabe), onartu eta bizi, merezi duten lekua emateko. Bizi esaten dugunean, gorputz mentaletik gorputz fisikora ekarri, hau da, burutik gorputzera jaistea, integratzea. Barne-korapiloak askatzeko, beharrezkoa da sentitzen dugun hori kontzienteki gure gorputzera ekartzea.
Hortaz, ikastaro honek leiho bat ireki nahi du pertsonek antsietate- eta estres-egoerak kudeatzen ikasteko, tresna praktikoak bereganatuz.
Nori dago zuzenduta?
Ikastaro hau norbere barne-mundua sakondu eta eraldatu nahi duen helduarentzat da, bere ongizate emozionala eta ondoan dituen pertsonenak trebatzeko. Halaber, hezkuntzako profesionalei zuzendua dago, beren praktika aberasteko eta ikasleen osasun emozionala bermatzeko estrategiak eskainiz. Esaterako, ikasleen bidelagun izateko gaitasunak garatzeko.
Nabarmentzeko zerbait?
Pertsona oro ongi-etorria izango da ikastarora. Animatzen bada, arropa erosoa eta esterilla ekartzea gomendatzen da. Bidaia zoriontsua antsietatetik lasaitasunera!