Miren Altuna Azkargorta: "Kalitatezko loak gure gorputzeko organo eta sistema guztietan du onura"

2025ko otsailaren 5a

Miren Altuna Azkargorta: "Kalitatezko loak gure gorputzeko organo eta sistema guztietan du onura"

"Loaren kalitatea narriadura kognitiboaren prebentzioan eta tratamenduan aztertu beharrekoa" azterketaren nondik norakoak jaso ditu Osagaiz online aldizkarian Miren Altuna Azkagortak (Zarautz, 1988). Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatua (EHU) da eta Neurologian du espezialitatea (Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa). Osasun Zientzietako Ikerketa Masterraegin zuen (NUP) eta doktorea da Osasun Zientzietan (NUP). Artikuluaz hitz egiteko izan gara berarekin.

Loari ez ez zaio behar besteko garrantzirik ematen?

Zalantzarik gabe loari ez zaio behar adinako garrantzirik ematen. Gure bizitzaren herena lotan igarotzen dugu eta benetan garrantzitsua ez balitz, giza garapenaren akats handiena litzateke. Izan ere, lo gauden momentuan bereziki zaurgarriak baikara.

Ez da arraroa lo egitea denbora galtzea dela entzutea, ezta askotan pilula magiko baten bila ibiltzea ere lo egin edo lo hobeto egin ahal izateko, hori bai bizi-ohiturak aldatu beharrik gabe. Loaren kalitateari behar adinako garrantzia emango balitzaio, ziurrenik botika hipnotikoen erabilera gutxituko litzateke, zeinek loaren kantitatea areagotu bai baina kalitatea hobetzen ez duten, albo-ondorio neurologiko ugari dituztelarik.

Bizi-ohitura osasungarriak sustatzen direnean, asko hitz egiten da elikaduraz eta aktibitate fisikoaz, eta ohitura on horiek gizarteak barneratu ditu, baina, aldiz, ez da lan berdina egin gizarteari erakusteko lo ondo eta kantitate nahikoan egiteko norbere bizi-ohitura batzuk aldatu behar direla eta loa prozesu konplexua eta ezinbestekoa dela gure ongizate fisiko, kognitibo eta emozionalerako.

Loaren kalitatea lotuta dago gaixotasun batzuen garapenarekin?

Bai, noski. Kalitateko loak zerikusia dauka gure arrisku-faktore kardiobaskularren egoerarekin eta, hortaz, besteak beste hipertentsio arterialaren kontrola egokitzeko ezinbestekoa da, baita bihotzekoa zein iktusa izateko arriskua gutxitzeko ere. Gainera lo sakonean egunean zehar gure burmuinean sortu diren toxinak ezabatzen dira eta, hortaz, hainbat gaitzi loturiko eta zehazki alzheimerrari loturiko proteinen metaketa gutxitzen da. Bestalde, neuronen arteko sinapsietan egondako arazoak konpon litezke eta horrela, besteak beste, epilepsia izateko arriskua ere gutxitu liteke.

Gaueko loan, baita ere, egunean zehar bizi izan duguna (gertaerak, elkarrizketak, ikasitakoa, etab.) benetan gure epe luzeko oroimenaren parte bihurtzeko hainbat prozesu fisiologiko gertatzen dira gure burmuinean bai eta datorren eguneko gure errendimendu kognitiboa hobetzeko ere. Prozesu horien okerkuntzak sintomatologia kognitiboaz gain, afektiboa ere eragin dezake eta pertsonaren ongizatea okertu.

Laburbilduz, kalitatezko loak gure gorputzeko organo eta sistema guztietan du onura, eta ezinbestekoa da kalitatezko lo hori kantitate nahikoan izatea mesede horiek bermatzeko asmoz.

Nola eragiten du loaren kalitateak narriadura kognitiboaren prebentzioan eta tratamenduan? Horixe aztertu duzu. Zein izan da helburu nagusia?

Aipatutako moduan, loa ezinbestekoa da gure errendimendu kognitibo egokirako, zehazki memoria zein arreta-mailari dagokionez. Hortaz, behar adina lo egiten ez duenak edo loaren kalitatea ezegokia duenak arriskua izan lezake narriadura kognitiboa pairatzeko. Gainera, askotan lo-arazoak artatzeko erabiltzen diren botikek loaren kantitatea areagotu egiten dute bai, baina, aldiz, loaren egitura aldatzen dute, errendimendu kognitiboari loturiko prozesu fisiologikoen efizientzia gutxituz. Kontuan hartuta bereziki botika horien erabilera adinarekin areagotzen dela eta bereziki narriadura kognitiboaren arriskua ere adinari loturik dagoela, ezinbestekoa da lo-arazoak egoki diagnostikatu eta tratamendu farmakologikorik gabe kudeatzen saiatzea. Horretarako, gizarteari loaren garrantziaz eta beronen kalitatea hobetzeko dituzten tresnen inguruan formakuntza eskaini behar zaio.

Bestalde, narriadura kognitiboaren arrazoi nagusi den Alzheimerren gaitzaren garapenean zehazki lo-arazoak arrisku-faktore aldagarri izango liratekeela uste da. Izan ere, lo gutxiegi egiteak eta bereziki lo sakon gutxiegi izateak amiloide eta tau proteinaren metaketa susta dezakete, baita inflamazio-prozesuak ere, eta horrek guztiak Alzheimerren gaitzaren garapena eragin dezake. Alzheimerraz gain, narriadura kognitiboaren bigarren arrazoi den narriadura kognitibo baskularrean ere badu eragina loak; izan ere, lo-eskasiak iktusak pairatzeko arriskua areagotzen du.

Gure nahia, azkenean, 60 eta 85 urte dituzten pertsonen loaren kalitatea eta kantitatea aztertzea da. Era berean, haien loaren pertzepzio subjektiboak neurketa objektiboekin alderatuz gero zer ezberdintasun ikusten ditugun arakatzea, aztertzeko ea gaur egun praktika klinikoan erabiltzen ditugun diagnosirako estrategiak egokiak diren. Garrantzi berezia ematen diogu loaldien apnearen sindromearen diagnosiari; izan ere, badirudi bai narriadura kognitibo baskularrari bai alzheimerrari loturik dagoela eta, gainera, horren arriskua adinarekin areagotzen da baita hura diagnostikatzea zaildu ere. Bestalde, loaldien apneetarako tratamendu eraginkor eta ziurrak eskuragai dauzkagu eta, hortaz, haren diagnosi goiztiarra hobetzea ezinbestekoa da, zeren egoki artatuz gero, agian alzheimerraren arrisku-faktore aldagarri batean eragin genezake.

322 parte-hartzaile batu dira azterketara. Zein izan da prozesua?

2024ko martxoaren 1etik eta abenduaren 31 bitartean 322 pertsona izan dira ekimen honetara batu direnak. Guztiak bizi-ohitura osasuntsuak sustatuz, CITA-Alzheimer fundazioan, Donostian, CITA GO-ON deritzan entsegu kliniko ez-farmakologikoko partaideak dira. CITA GO-ON proiektuan 60 eta 85 urte dituzten eta narriadura kognitiboa garatzeko arrisku-faktore aldagarriren bat duten (CAIDE dementziaren arrisku-indizearen bitartez arakatua) eta beren errendimendu kognitiboaren pertzepzioan aldaketarik jasan duten edo test kognitibo azkarretan zaurgarritasun kognitiboaren zantzurik ez duten pertsonak errekrutatu dira. Aurrez loaldien apneen diagnosia eta tratamendu zituzten pertsonek ez dute ekimen zehatz honetan parte hartu.

Guztiei loaren ebaluazio subjektiboaren azterketa zehatza egin zaie (Pittsburg loaren galdetegia, Epworth eguneko loguraren inguruko galdetegia eta Oviedoko loaldiaren elkarrizketa) eta denei loaren kalitatea eta kantitatea etxean aztertzeko tonometria arterial periferikoan oinarritutako gailu eramangarri bat erraztu zaie etxean gau batez erabiltzeko. Proba azkenean 299 pertsonak osatu dute. Etxean gau batez eginiko proba biltzen duen astebeteko loaren egunerokoa osatzeko ere eskatu zaie. Biak neurologo aditu batek aztertuak izan ostean, partaideei informazioa helarazi zaie: a) arazo nabarmenik egon ezean, emailez bidali zaie loaren inguruko ohitura egoki orokorrak idatziz emanez eta baita haien loaren aholku espezifikoekin ere; eta b) loaren inguruko arazo nabarmenen bat atzemanez gero, aurrez aurreko bisita eman zaie neurologo adituarekin eta aholku pertsonalizatuak jakinarazi zaizkie.

Zer erakutsi dute emaitzek?

Garrantzitsuena da ez datozela bat loaren neurketa objektiboaren emaitzak eta norbere loaren pertzepzioaren galdetegietako erantzunak, bai norberak bakarka osatuak bai osasun-profesionalek egindako galdetegi zuzenduak ere. Hortaz, loaren inguruan azterketa objektibo bat egin edo ez egin erabakitzeko orduan tentuz ibili behar dugu eta galdetegi horietan soilik lortzen den puntuazioa erabiltzea akats bat izan liteke. Azken hori batez ere garrantzitsua da adin handiagoko pertsonetan, zeren horietan loaren arazoei loturiko sintoma atipikoen maiztasuna handiagoa baita eta sintoma tipikoak askotan zahartzeko prozesu goiztiarrarekin nahastu bailitezke.

Bestalde, loaldien apneen sindromea da gure laginean lo-arazo ohikoena eta neurri moderatu edo larrian, tratamendu espezifikoa eska lezaketen neurrietan, % 48k baino gehiagok pairatzen du, nahiz eta aurrez ez izan diagnosirik. Ez dugu ezberdintasunik ikusi gizonen eta emakumeen artean eta hori ere literaturako gainerako emaitzekin bat dator, zeinetan loaldien apneen arriskuak berdintzeko joera duen adina aurrera doan heinean.

Hipnotikoen preskripzioari dagokionez, eta bereziki benzodiazepinena, modu kronikoan laginaren laurdenarena baino gehiago da, eta bereziki handiagoa emakumeetan. Horiek albo-ondorio ugari dituzte, besteak beste, loaldien apneak oker ditzakete eta haien erabilera kronikoa ez da inolaz ere gomendagarria. Gainera preskripzio hori zuten pertsona gehienek esandakoaren arabera, zuzenean tratamendu farmakologiko hori eskaini zitzaien lo osasuntsuaren ohituren inguruan informatu gabe eta noiz arte luzatuko zen argitzeko ez zen elkarrizketarik izan osasun-profesionalekin.

Laburbilduz, gure lanak erakusten du loaren arazoen kudeaketa hobetu beharreko zeregina dela gure praktika klinikoan. Agian teknologia berriak erabilgarri suerta litezke loaren azterketa objektiboetara sarbidea demokratizatzeko eta praktika klinikoaren loaren arazoen kudeaketa hobetzeko. Edonola ere, datu hauek ahalbidetzen dutena zera da: erakustea loaren inguruan gizartea heztea ezinbestekoa dela; izan ere, lo-arazoen prebalentzia oso handia da eta arazo horiek sufritzeko kontzientzia kolektiboa oso baxua.

Loaren nahasteak gutxi diagnostikatzen dira. Zergatik?

Arrazoi ugari daude: eskuragai dauden galdetegien erabilgarritasun mugatua; loaren azterketa objektibo klasikoetarako sarbide zaila, polisomnogramarena esaterako, zeina ez baita ezinbestekoa lo-arazo ohikoenak aztertzeko (insomnio edo loaldien apneak, esaterako); osasun-langileen formakuntza egokirik eza, eta ziurrenik garrantzitsuena, gizarteak loari ematen ez dion behar adinako garrantzia.

Zeintzuk dira erronka nagusiak?

Lehenik eta behin, gizartea heztea loaren garrantzian eta, bigarrenik, loaren arazoen diagnosi-prozesua hobetzea. Eskuragai dauzkagun galdetegiak adineko pertsonentzat egokitu behar ditugu eta teknologia berriak, etxean erabil daitezkeenak, noiz eta norekin erabili aztertu behar dugu. Ezinbestekoa da lo-arazoei ere arrisku-faktore kardiobaskularrei osasun-esparruan ematen zaien garrantzi bera ematea, bai diagnosiari eta bai tratamenduari dagokienez, eta ea horrela gure adinekoen errendimendu kognitiboa eta haien bizi-kalitatea hobetzeaz gain, etorkizun batean iktusa zein Alzheimerraren gaitza izateko arriskua gutxitu diezaiekegun.

Osagaiz aldizkarian argitaratu dituzue ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?

Ezinbestekoak dira gurean egiten den ikerketa euskaraz helarazteko eta era berean osasun-profesional ezberdinak gai ezberdinen inguruan informaturik egon ahal izateko. Kalitatezko osasungintza eta ikerketa sustatzen dituzte gurean eta profil ezberdinetako osasun-langileen arteko komunikazioa hobetzen dute, azken hori ezinbestekoa izanik artatzen ditugun gaixo guztientzat. Era berean, euskarari ikerketa eta zientziaren komunikazioan beharrezko aitortza ematen laguntzen du.

Jakintza-arloak