Miren Aldasoro: "Ferra-saguzar espezie bakoitzaren dietaren patroia ezberdina dela ikusi dugu"

2023ko apirilaren 19a

Miren Aldasoro: "Ferra-saguzar espezie bakoitzaren dietaren patroia ezberdina dela ikusi dugu"

Miren Aldasoro Lezeak (Altsasu,1995) Biologiako gradua ikasi zuen UPV/EHUn (2013-2017) eta Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioan masterra ikasi zuen gero unibertsitate berean (2017-2018). Ingurumen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan irakasle ibili eta gero 2021ean hasi zuen doktorego-tesia Jokabidea eta Eboluzioaren Ekologia Sailean “Ferra-saguzarren ekologia trofikoa eta izurriteen kontrola teknika molekularren bitartez” izeneko proiektuan.

Saguzarren munduan Biologiako ikasketak egiten zenbiltzanean hasi zinen murgiltzen.

Natura eta animaliak txiki-txikitatik gustatu izan zaizkit, etxean betidanik jaso dut haiekiko maitasun eta mirespena. Gainera, basabizitzak eta naturaren funtzionamendua ulertzeak beti erakarri izan nau. Horregatik nahiko argi izan nuen Biologia ikasi nahi nuela. Behin ikasketak egiten ari nintzela, zoologian edo animalietan zentratzea zen nire helburua eta saguzarrak ikertzen dituen ikerketa-taldearen landa-lanean parte hartzeko aukera suertatu zitzaidan. Ordura arte, saguzarrak ez nituen asko ezagutzen, baina oso animalia bereziak eta interesgarriak direla ikusi nuen. Kontuan hartu hegan egiten duten ugaztun bakarrak direla, eta haien zentzumen nagusia ez dela ikusmena ezta usaimena ere, baizik eta ekokokapena. Hortik aurrera haiekin lanean hasi nintzen, gaur egunera arte.

Zein da Euskal Herriko saguzarren populazioa?

Euskal Herrian 27 saguzar-espezie ditugu eta animalia kolonialak direnez kopuruak estimatzea askotan ez da erraza. Espezie batzuk oso arruntak dira, bereziki gure herrietan bizitzera moldatu direlako. Beste batzuk, aldiz, egoera larrian daude, habitat galerarengatik, bereziki. Dena den, animalia hauen zaurgarritasuna dela eta, guztiak babestuta daude.

Ferra-saguzarren dieta duzu zuk ikergai. Zergatik ferra-saguzarrak?

Ferra-saguzarrek ultrasoinuak igortzeko modu berezia dute, beste saguzarren aldean ezberdina. Oso frekuentzia altuetan igortzen dute, 80 kHz-etik gora (gizakiok gehienez 20 kHz-eko soinuak entzuteko gai gara). Euskal Herrian hiru ferra-saguzar espezie ditugu, ferra-saguzar handia, txikia eta mediterraneoa. Azken hori espezie mehatxatua da. Nahiz eta kobazuloetako animaliak izan, ferra-saguzar txikia eta handia, eraikinetan bizitzera moldatu dira eta ohikoa da udan baserri eta elizen ganberetan haien koloniak topatzea.

Dietaren gaineko informazioa haien gorotzetatik jaso duzu. Nolakoa izan da landa-lana?

Laginak bi modu ezberdinetan jaso ditut. Alde batetik, kolonietan modu ez inbasiboan, gorotz-biltzaile batzuk animalien azpian jarrita. Laginketa hauek Euskal Herriko 7 koloniatan jaso ditut, gehiengoa eliza eta korta zaharretan. Kolonia hauek paisaia eta klima ezberdinetan kokatzen dira, Zarautzeko (Gipuzkoa) kostaldeko mahastietatik hasita Uxueko (Nafarroa) arbendolondo eta galsoro mediterraneoetara. Martxoaren bukaeran hasi eta irailaren bukaerara arte hamabostean behin jaso ditut, bi urtez. Horrela, 800 bat lagin lortu ditut guztira.

Bestetik, saguzarrak gauean ehizatzetik bueltatzean sare bitartez harrapatu eta haien gorotz indibidualak jaso genituen. Horiek lagin indibidualak direnez, informazio gehiago ematen digute (adina, sexua, tamaina, ugalketa-egoera…). Laginketa hau inbasiboagoa denez, kolonia handietan bakarrik egin dugu, inpaktua txikitzeko, eta kolonia bakoitzean abuztuko gau bakarrean lagindu dugu (gauerdian hasi eta goizaldera arteko lana). Modu horretan espezie bakoitzaren 40tik gora lagin lortu ditugu.

Landa-lana laborategikoarekin uztartu behar da gero.

Behin gorotzak izanik, gure helburua haietan dagoen harrapakinen DNA eskuratzea da. Hala harrapakinei izen-abizenak emateko gai gara. Gorotzetan, ordea, DNA gehiago dago: saguzarrarena, hesteetako mikroorganismoena, ingurumeneko mikroorganismoena… Horregatik DNA lortzeaz gain, PCR bidez guk nahi dugun intsektuen DNA bilatzen dugu, eta azkenik hori sekuentziatu. Nik prozesuaren lehenengo partea egiten dut, baina UPV/EHUko Sekuentziazio eta Genotipo Azterketen Unitateko teknikarien laguntza daukat hurrengo pausoetarako.

Haien ezaugarrien arabera baina, dieta desberdinak dituztela ikusi duzue.

Gurean ditugun saguzar guztiak intsektiboroak dira. Hala ere, desberdintasun morfologiko eta ekologikoak dituzte. Esaterako tamaina, hegoen forma, igortzen dituzten ultrasoinuen frekuentzia… Hori dela eta, ingurune ezberdinetan eta modu ezberdinetan ehizatzen dute, eta harrapakin ezberdinekiko espezialistak dira. Batzuk ingurune irekietan azkar hegan egiteko gai dira eta bertako intsektu handiak jaten dituzte (kakalardoak, sits handiak…). Beste batzuk, aldiz, baso itxi eta sastraken artean ehizatzen dute eta harrapakin txikiagoak ehizatzen dituzte (eltxoak, sits txikiak, maiatzeko euliak…).

Nolako eragina du horrek saguzarren garapen-prozesuan ? Zer diote emaitzek?

Guk hegan eta ehizatzen hasiberriak ziren saguzar gazteen eta helduen arteko dietak ezberdinak ote ziren aztertu nahi genuen. Oraingoz ferra-saguzar espezie bakoitzaren patroia ezberdina dela ikusi dugu. Ferra-saguzar mediterraneoetan, esaterako, gazte eta helduen dieta ia guztiz bestelakoa den bitartean, ferra-saguzar handien dieta adinarekin ez da ia aldatzen. Horrek zer esan nahi du? Espezie batzuetan helduen espezializazioa lortzeko ikasketak oso paper garrantzitsua duela, eta beste batzuetan, aldiz, arestian aipatutako berezko ezaugarri fisikoak nahikoak direla espezializazioa lortzeko, hau da, espezializazioa “berezkoa” dutela.

Emaitza gehiago maiatzean egingo den IkerGazte kongresuan emango dituzula zenioen. Zer aurkeztuko duzu?

Azkeneko hilabete hauetan pauso bat haratago joan gara, eta harrapakinen izen-abizenez gain (alderdi taxonomikoa), haien ezaugarriak aztertu ditugu (morfoekologikoak). Hau da, saguzarrek zeren arabera hautatzen dituzten harrapakinak (tamaina, hegakera, habitata…), eta saguzarren zer ezaugarrik baldintzatzen duen haien ehizatzeko modua. Esaterako, ikusi dugunez, ferra-saguzar mediterraneo gazte eta txikienek intsektu txikiago eta bigunagoak ehizatzen dituzte. Aldiz, ferra-saguzar txiki emeek arrek baino harrapakin handiago eta gogorragoak jaten dituzte. Honekin guztiarekin IkerGazten aurkezpena egitea nahiko nuke, baina oraindik ez dakit zer formatutan aurkeztuko dudan.

Natur Zientzietan topaketetan parte hartutakoa zara, Txiotesian parte hartu zenuen, Ikergazten egongo zara... euskal komunitate zientifikoa biltzea eta egindako lana zabaltzea garrantzitsua da zuretzat?

Euskaraz ikerketa egin daitekeela erakustea, ikertzaileen artean sareak eraikitzea eta ezagutza gizarteratzea oso garrantzitsua iruditzen zait. Horretan UEUk eskaintzan dizkigun bideak probestu behar ditugu. Ikerketak sortzen duen ezagutza hori zabaltzea da gure betebeharra, jakintza hori paperean soilik gera ez dadin. Irati filmean esaten den bezala, “izena duena bada”, eta hori da gure eginkizuna, jendeak natura zaindu dezan lehenengo ezagutu egin behar baitu.

Zeintzuk dira eskuartean dituzun erronkak?

Oraindik tesiaren erdian nago eta ikerketa-lerro ezberdinetan lanean nabil. Azaldu dudan gazte eta helduen dietaren atala borobiltzea da lehenengo helburua. Baina horrekin batera, saguzarrek jaten dituzten izurrite ezberdinen detekzioan lagunduko duen laborategiko teknika bat garatze-prozesuan gabiltza, nahiko buruhauste sortzen ari zaizkigun arren, espero dut epe ertainean zerbait polita lortzea.

Jakintza-arloak